Gaur egun etxe multzo bat, handia edo txikia, dagoen alderdi bati hiri, herri, auzo, auzune esaten diogu normalean gure hizkera moldatuan. Azken aldian, gainera, hainbat beharrek eraginda, hitz horietako bakoitza bere esanahia zehazten joan denez, badakigu biztanlegune bakoitzari zein kategoria dagokion, bere tamaina eta sakabanaketa mailaren arabera.
Toponimiari erreparatuta, ordea, konturatuko gara garai batean gauzak ez zirela hain garbiak. Hala, etxe gutxi batzuez osatutako biztanlegune bati ‘hiria’ esaten ziotela ikus dezakegu leku askotan. Horra hor, adibide modura, Gabiriko Irizar izenak erreferitzen duen ingurua Zuazola zozkeran (gaur egun, lau-bost baserri) edo Ezkioko Anduagako ‘hiria’ Santa Luzia elizatik gertu (bertan ditugu gaur egun ere Iriarte eta Iribarren baserriak).
‘Herria’ hitza, berriz, Ergoena eta Elbarrena izenetan azaltzen zaigu Legazpin, Idiazabalen, Mutiloan, Ataunen eta Zaldibian, besteak beste. Izen horiek ez dituzte herriguneak erreferitzen, jendea bizi den eremu zabalak baizik; esan liteke ‘goiko barrutia’ eta ‘beheko barrutia’-ren pare direla. Kontu honi tiraka hasita, esan behar da herriguneak, Legazpi eta Zagamako kasuetan, ‘plaza’ izenez ezagutzen zirela, eta hortik Agirreplaza eta Plazaola etxe-izenak, herrigunean zeudelako.
Auzunea hitza gaur egun maiz erabiltzen bada ere etxe-multzoa adierazteko, toponimian ez da erabili izan; bai, ordea, ‘(g)une’, Legazpiko bi adibide hauetan bezalaxe: Alatzane, Brinkolan; Bikiñane, Legazpiko kaletik gertu. Biak ala biak etxe-multzo trinkoak dira, Arabaolea eta Bikuñaolea burdinola historikoen ondoan eraikiak.
Ekerak: auzo edo barrutiak
‘Auzoa’ hitzak, azkenik, toponimian ez du ‘etxe multzoa’-ren adierarik oso berandura arte. Haren lekuan beste batzuk erabili izan dira, beti ere toponimiari erreparatuta: ‘barrio’ (Goibarrioa, Zerain; Laiozbarrioa, Segura; Arinbarrioa, Ataun); ‘bailara’ (Prontxoneballara, Urretxu; Leturiballara, Zumarraga), ‘mendi’ (Madariagamendi, Gabiria; Barbarimendi, Zerain); ‘alde’ (Goialdea, Zegaman; Murgiondoaldea, Mutiloan); ‘sakon’ eta ‘erreka’ (Aranburusakona, Zumarraga; Urtsuerreka, Zaldibia); ‘zehar’, Ataunen batez ere (Sukizearra, Ustatsozearra).
Azken multzo horretan sartu beharko dira, gainera, ‘ekera’ osagaia duten Goierriko leku-izen batzuk, itxura batean auzo edo barrutia adierazteko erabili izan direnak: Iruinekerea, Santamariekerea, Gainekerea Idiazabalen; Ekera Ezkion. Ia segurua da antzina oso zabaldua egongo zela hitz hori, antzeko osagaia jaso delako Arabako Apilaiz herriko auzo-izenetan: Goikara, Bengara eta Lespara. Ez dugu, ordea, hitz horren jatorririk ezagutzen.