Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Luis Katarain artzain idiazabaldarraren bizimodua ardatz hartuta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen Gazta zati bat dokumentalak. Gazte harrapatu gintuelarik, hunkitu egin gintuen. Bide batez, artzainez, Idiazabalez eta gaztaz ari garela, hara non ustekabeko albiste batek ileak tentetu dizkigun: bi pertsona atxilotu dituzte hainbat pertsona migratuk Zerainen jasandako lan- esplotazioaren harira. Laburbilduz, Idiazabal gazta ekoizten duten bi senar-emaztek esplotatu dituzte legez kontra: asteko zazpi egunetan lan egitera behartu dituzte, hilean 300-400 euroren truke.
Berriak hautsak harrotu ditu, eta askok kondenatu dute gertatua, zenbaitzuri hankamotz gelditu zaigun arren Zeraingo udal gobernuak berandu egindako adierazpena. Egoera, dena dela, are larriagoa da. Honetaz zerbait badakien lagun batek esana: «hori atera duk Mikel, baina guk uste baino ohikoagoak dituk horrelakoak». Berak ez zion zentzu atzerakoi honetan, baina ostalaritzaren inguruan askok darabilen diskurtsoa etorri zait burura: «hauek harrapatu dituzte, baina denak dabiltza antzera».
Albistea irakurri eta eskuak burura eraman ditu irakurleak. Barrutik, ordea, erabat inpertsonalizatu du auzia, berekin ez balihoa moduan. Gure herrietan gertatuko ez balira legez. Kontraturik gabeko lanek langile klase osoaren baldintzak okertuko ez balituzte gisa. Ongizate estatuaren azken hondarrak langile kapa baxuenaren esplotazioan sostengatuko ez balira bezala.
Hobe genuke diskurtso atzerakoi eta epelak bazter utzita, erabakitzeko eskubidea abstraktuki aldarrikatu baino, erabakitzeko ardura gure gain hartuko bagenu.