Ukrainan jaio zen Maria Pastukh (Lysychank, Ukrania, 1992). Duela bi urte eta erdi, bere herrialdea utzi zuen, gerra lehertu zenean, eta Goierrira etorri zen, ezagun bat zuelako bertan. Egun, Pottoka tabernan dabil lanean.
Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Mundu mailan ospatzen da eguna, arrazoi sozial edo politikoengatik beren herrialdeak uztera behartuak izan diren pertsonen omenez. 2001eko ekainaren 20an ospatu zen lehen aldiz mundu mailan, 1951ko Errefuxiatuen estatutuari buruzko konbentzioaren 50. urteurrenaren oroimenez. Nazio Batuen Asanblea Nagusiak 2000ko abenduan izendatu zuen egun hori errefuxiatuen nazioarteko egun gisa, errefuxiatu bakoitzaren eskubideak, beharrak eta bizimoduak gizarteratzeko.
Maria Pastukh (Lysychank, Ukrania, 1992) ukraniarra da bere herrialdea utzi behar izan duen horietako bat. Lysychank hirian jaio zen, Errusiako mugatik 100-150 kilometrora dagoen hiri batean, alegia. Hemezortzi urtera arte bertan bizi izan zen, eta adin nagusitasuna beteta, Kiev hiriburura joan zen ikastera. Haren aita bertan bizi zen. «Horregatik, Kiev nire bigarren etxea bezala da», azaldu du.
Hamar urte eman zituen bertan, eta orduan, gerra lehertu zen. Asko pentsatu ostean, alde egitea erabaki zuen. Bere institutu garaiko lagun bat Ordizian bizi zen, eta haren bidez, bera ere Ordiziara etorri zen. Ukraniatik Varsoviara joan zen autobusez, eta Varsoviatik Madrilera hegazkinez. «Kiev-en ikasi egiten nuen, lan egiten nuen, nire bizimodu normala neukan, baina gerra hasi zenean dena han utzi nuen eta nire bizimodua hasi nuen berriz ere».
Bi urte eta erdi daramatza Goierrin. Iristean, lagunaren etxean bizi izan zen, Ordizian. Urtebetera, Beasainera joan zen bere kabuz bizitzera, beste urtebete egin zuen bertan bizitzen. Egun, Ordizian bizi da, eta Pottoka tabernan egiten du lan. Urtebete darama bertan.
Hizkuntzak eta tituluak
Ez zituen Ordizia, Goierri ez Euskal Herria ezagutzen. Ez zuen euskaraz hitz egiten, ezta gaztelaniaz ere: «Ez nuen hizkuntza hitz egiten, baina bi urte hauetan pixkanaka ikasten joan naiz eta orain gaztelaniaz ongi moldatzen naiz». Tabernan jende asko ezagutu du eta hori ere baliagarria egin zaio hizkuntzarekin trebatzeko. Euskaraz ez du egiten, baina ikasteko gogotsu dago: «Ikasi nahi dut. Hemen jende askok hitz egiten du euskaraz, eta bulego batean edo beste lanbideren batean lan egiteko ikasi beharra daukat». Izan ere, Administrazioa eta Finantzak ikasi zituen Ukranian. Tituluaren homologazioa lortu du aurten. Orain arte, baina, bere diplomek ez dute balio izan espainiar estatuan lan egiteko.
Gurasoak, anaia, amona
Etorri zenetik bi urte eta erdi pasa direnean, pozik eta gustura dago Ordizian. Hasieran, dena den, «galduta» sentitu zen, desegonkor eta etorkizunerako plan handirik egiteko aukerarik gabe: «Ez nuen inor ezagutzen, ezta hizkuntza ere…ez nekien bertan geratuko nintzen, ezta gerra noiz amaituko zen, pentsamendu asko izan nituen».
Berak herrialdea utzi zuenean, bere gurasoak bertan geratu ziren. Ez zuten ia aukerarik komunikatzeko: «Hilabete bat eman zuten sotoan bizitzen, aukera genuenean bost minutu hitz egiten genuen, maiztasun gutxirekin, ondo geundela elkarri esateko eta lixto». 2022ko apirilaren lehenean, bere gurasoak bizi diren Kiev-eko zonaldean «dena bukatu zen», eta «aurreko bizimodura itzuli» ziren. «Bonbardaketak daude sarri, baina gure bizimodua da egun Ukranian, eta horretara ohitu garela esan genezake». Harrezkero, egunero hitz egiten du haiekin. Bere anaia, berriz, «gerran dago». Ez du haren berri, noizean behin jasotzen duten mezu batek edo bestek ematen diete salbu dagoenaren albistea. «Horrekin, ondo dagoela ulertzen dugu».
Bere jaioterria «okupatuta dago» 2022ko apiriletik. Amona dauka bertan. Hilean behin hitz egiten dute. «Bere falta sumatzen dut».
Animaliak ere ditu gogoan. Zortzi katu eta bi txakur utzi zituen Ukranian. Animaliak gustuko ditu, besteak beste, «estresa kentzen laguntzen» diotelako. Hemen, ordea, ez dauka lau hankako lagunik. «Katuak batez ere, maite ditut, hemen ere gustatuko litzaidake baten bat edukitzea, baina ezin dut».
Festetan
Maria Pastukh ez da Ukraniara itzuli bertatik alde egin zuenetik. Gurasoak, ordea, bai, etorri dira Goierrira. 2022an etorri ziren lehenengo aldiz, eta aurten aita etorriko zaio bisitan, Ordiziako Santa Ana festetarako. Lehenengoz etorri zirenean pandemia osteko egunak ziren, eta ez zegoen girorik kalean. Aurten izango dute aukera kaleko giroaz gozatzeko, eta festetan sortzen den poztasunaz blaitzeko.
Mariak berak ere bizi izan ditu Ordiziako festak lehen pertsonan, eta maite ditu, jaiak zein herria bera: «Ordizia asko gustatzen zait. Herri txikia da, eta horrek dakar ia mundu guztiak ezagutzen duela elkar; familia bat bezalakoa da, baina handi-handia», azaldu du barrezka.
Etorkizuna
Pottokan lan egiten duenetik jende gehiago ezagutu du. Gustura dabil bertan lanean. Bi urte eta erdi pasa direnean heldu zenetik, Ordizian geratu nahi du bizitzen. Gero beteko diren ala ez jakin ez badaki ere, etorkizunerako planak baditu buruan. «Nik bertan geratu nahi dut. Espero dut gurasoak hona etortzeko aukera izatea lan aldetik egonkortzerakoan».
Datuak
- 10.217 biztanle daude erroldatuta Ordizian, eta Gipuzkoako jatorria dutenak dira gehienak.
- 2.054 atzerritarrak dira. Biztanle guztien %20,1 dira. Hainbat jatorritakoak dira.
- 1.061 Ekialdeko Europakoak dira multzo handiena. Magrebeko Herrialdetakoak dira hurrengoak, 242.