Hogeita hamar gazte etorri dira Estatu Batuetatik Goierrira Ateak Ireki programan parte hartzeko. Haiekin batera, eskualdeko beste hogeita hamar gazte izango dira datozen asteetan Euskal Herriko kulturaz gozatzen.
Goierriko gazteek haien etxeetako ateak ireki dizkiete gazte estatubatuarrei Ateak Ireki programarekin. Joan den larunbatean iritsi ziren Lazkaora eta hiru astez Goierriko kultura eta ohiturak ezagutzeko prest etorri dira. Euskara klaseak, literatura, dantza eta beste hainbeste ezagutzeko aukera izango dute.
Hogeita hamar gazte etorri dira, eta haiekin batera, Goierriko 30 gazte izango dira hiru aste hauetan. Gazte goierritarrek diotenaren arabera, haientzat ere esperientzia «berezia» izango da eta haien «lagun berriekin partekatzeko hainbat kontu» dituzte. Horrez gain, aitortu dute «une ezin hobean» etorri direla Euskal Herriko kultura eta bereziki Goierriko kultura ezagutzeko, izan ere, uda hasiera honetan jaiak dira nagusi bazter guztietan eta horietan daude gure eskualdeko zenbait ohitura. Honen adibide izan da San Joan bezperako suaren ohitura ere. Joan den urtean ere ez omen zuten inguruko jairik galdu, Ataungo Aia auzoko festetara ere joan omen ziren estatubatuarrak.
Aurreko urteko esperientzia «bikainaren» ondoren, batzuk berriro parte hartu nahi izan dute Ateak Ireki programaren aurtengo edizioan ere eta inguruko bazterrak «apur bat ezagututa» etorri dira jada. Beste hainbat izan dira programa hasi baino lehenago etorri direnak, edo beranduago itzuliko direnak ere, haien kabuz ingurua ezagutzen jarraitzeko asmoa dutelako. Horrez gain, gazte amerikar haietako gehiengoak «jatorri euskalduna» du, eta batzuek badituzte oraindik familiako kideak Goierrin edota Euskal Herrian. Egun gehigarri horiek haiekin egoteko aprobetxatuko dituzte. ■