Jubilatuta egon arren, sarri badu egitekoren bat. Ibilian ez dabilenean, lagunekin otorduak. Hizketarako iaioa eta umorekoa, mintzalaguna ere bada. Soinujolea izana da, hamaika festa jarria. Lehengo kontuak berriro gogorarazteak nagia eragin dio hasieran, baina hasi artekoa bakarrik izan da. «Pasatutakoak ondo pasatuta daude, eta kito». Orduko kemena faltan sumatzen du Felipe Altuna Alkaiagak (Lazkaomendi, Lazkao, 1945), baina alaitasuna zabaltzeko ilusioa barruan dauka, orain eta betiko.
Kinto lagunekin bazkaria egiten duzue oraindik.
Hilean behin egiten dugu, urte asko daramatzagu. 79 urte dauzkagu, 80ra goaz. Jubilatuta, adinean aurrera goazen eran hondatzen ari gara, bakoitza bere egoskorkeriekin. Baina bazkaria gerturatzen ari denean, eginkizun handirik ez daukagunez, horri begira distraitzen gara. Ospatzea ona da, poza izaten da. Ezintasunak norberak bereak gorde behar ditu, eta gauza onak esan behar dira.
Adinekoak ala soldadutzako lagunak elkartzen zarete?
Edadekoak. Soldadu elkarrekin egondakorik inor ez dago. Lehenago egiten genuen hori ere, baina utzi genion. Ceutan egin nuen soldadutza.
Ordurako soinuarekin ari al zinen?
Soinua jende aurrean bi urte lehenago jo nuen aurreneko aldiz, 18 urterekin. Garai hartako Lazkaoko gazte taldeak elizkristoan jaialdiak antolatzen zituen, eta han egin genuen agerraldia: Lazkao Txikiren iloba [Felipe Barandiaran] bertsotan, ni soinuarekin, Lazkaoko abesbatza ere ederra zegoen, eta, guztien gainetik, Benito Lertxundi. Nik baino bi urte gehiago ditu Lertxundik, eta berak esan zigun Lazkaon jo zuela jende aurrean lehendabiziko aldiz. Mikel Lasak zuen laguntasuna, eta hark ekarri zuen. Denok hor jotzeko zortea izan genuen.
Nola gogoratzen duzu gau hura?
Aretoa jendez goraino beteta zegoen, eulirik sartzeko ere tokirik gabe. Jendeak irrika handia zeukan orduan ekitaldietara joateko. Isil-isilik kantarazi genion jendeari, eta, hori kantatzen baduzu, gaua egin duzu! Gauza gutxi dakizunean, aurpegia behar du. Ez naiz lotsatia izan, baina jendearen aurrera irtendakoan aurpegia zaildu egiten zaizu. Beharra. Kalean gora, kalean behera, denak sututa kantatzen…
Zer edo zer ere ikasiko zenuen…
Ikasi, ikasi… sekula ez dugu ikasi [barreak]. Aritu. Soinujole gutxi zegoen, eta behar izaten ziren afarietan, herri bazkarietan, ikastolako jaialdia zela… Horietan soinujolea baldin bazegoen, beste gauza bat zen. Herrian, Koldo zen soinu handia jotzen zuena. Ni soinu zalea beti izan naiz, musika gustatzen zait. Jendea ikusten banuen soinu jotzen, eta esaten nuen: ‘nik zergatik ez?’. Baserrian lana izaten zen, eta ironiaz esaten zidaten ‘soinuarekin aterako diagu bizimodua’. ‘Ez diat aterako, baina honekin pasatuko ditudan egunak neronek eramango zetiat!’, erantzuten nien. Amak nahi zuen soinuaren bidetik segi nezan, hark uzten zidan. Aita 17 urte neuzkala hil zitzaidan.
Zeinekin ikasi zenuen soinu jotzen?
Zumarragara joaten nintzen, Beasainen trena hartuta. Joxe Oriarekin ikasi nuen. Ordu pare bat edukitzen nituen, astean bi egunetan. Bere etxera joaten nintzen, orain Arcelorrek museoa daukan etxean bizi zen. Sei edo zazpi pieza jo nituenean harekin, ‘nik gehiago ezin dizkiat erakutsi, orain herorrek atera babak eltzetik’ esan zidan, eta hala geratu nintzen. Zumarragako Trikitixak fama bazuen, diskoak ere atera zituzten. Maisu bezala pazientzia handia zeukan Joxe Oriak. Nik ere arreta handia jartzen nuen. Berak esandakoa zorrotz eraman behar izaten nuen; denbora galtzeko ez zegoen, bestela ere tailerrean lana egiten zuen eta. Harremana beti mantendu nuen gero Joxerekin eta anaiarekin eta. Nire ezkontzara ekarri nituen; beste orkestra bat ere bai, eta Ormaiztegiko Pascual Larrañaga txistularia eta. Musikari asko ziren.
Soldadutza aipatu duzu lehen. Afrikara soinua eraman al zenuen?
Joan, gabe joan nintzen, baina han euskaldun mordoa geundela ikusita, Azkarri eskatu eta Cadizeraino eraman zidan geroxeago. Cadizen juratu genuen bandera, eta handik Ceutara joan ginen. Azpeitikoak, bizkaitarrak… euskaldun asko ibiltzen ginen kuadrillan. Gauetan tertulia eta kantu aldi bat egiteko aukera egoten zen, eta gustura. Soinuarekin egon nintzen soldadutzan, eta probetxua atera nion.
Han ere bai? Alajaina.
Pedro Azkoitia izeneko euskaldun bat zegoen Ceutan; jaun eta jabe zen han. Frontoiak, hogei bat jatetxe, okindegiak… zeuzkan. Militarrentzako ogia dena berak egiten zuen. Azkoitikoa zen. Orduan apaiz euskaldun asko joaten zen hemendik hara, misioetara bidean. Ceutan geratzen ziren, gero Afrikan banatzeko. Azkoitiak bazkariak eta afariak ematen zizkien, eta horietarako hots egiten zidan: ‘Hi, Felipe, soinuarekin etorri behar duk!’. Baimena behar nuela kuartelean… ‘Ez daukak baimena eskatu beharrik, hori konponduta zagok’. Koronelek ere agurtzen zuten hura. Casa Pepe izeneko jatetxean ematen zituen oturuntzak, eta hara joaten nintzen ni soinu jotzera.
Ondo moldatu zinen, beraz?
Askatasuna izan zen niretzat soinua, batez ere. Militarren ondotik joateko aitzakia. Bazekiten Casa Pepen nengoela, eta orduan libre uzten zidaten. Mejoratuta etorri nintzen soldadutzatik: 30 kilo irabazita. San Inazio patroiaren egunean euskaldunen festa ere antolatzen zuen. Behin, Uztapide eta Basarri bertsotara ere eraman zituen Ceutara. Urtain harri jasotzailea ere bai; hark ere soldadutza Afrikan egin zuen, eta erakustaldiak ematen zituen. Casa Pepek leku ederra zeukan: zezen plaza bat bezala zeukan, bozgorailuak eta denak jarrita, bertsotarako. Ceutako semeek bertan egiten zuten soldadutza, eta hango batek –mutil ona eta jatorra zen– bere arrebaren ezkontzan jotzeko ere eskatu zidan. Hala, dozena bat rantxera ikasi, eta mahaian jo nituen. Haiek gustura, eta ni ere bai.
Zure publikoa zein izan da?
Kuadrillak, afariak, ezkontzak ere bai. Edozein lekutan ibili naiz, gauza handirik egin gabe, baina hortxe, beti aurpegia ematen. Orain esaten dut nik: ‘Zer pasatu zaik, Felipe, horrela bajatzeko?’. Nire burua bajatuta nabaritzen dut soinuarekin ibiltzeko; ilusioa ez zait joan, baina lehengo txirtxillero hori ez naiz. Orduan indarra soberan neukan. Zenbat urrezko eztei, zenbat despedida, ezkontza… Astebukaera guztietan izaten nuen saioren bat. Joxe Oria utzi eta gero, neure kasa ikasi nuen. Ez dut beste maisurik eduki, gehiago ikastea gustatuko zitzaidakeen arren. Muga batera ailegatu eta hor gelditu izanaren irudipena daukat. Gehiago segitu behar nuen, eta ez genuen egin.
Soinuaz gain, kantatzea ere zure dohainetako bat da.
Nirea kantua izan da. Bolada batean eztarria izorratuta ibiltzen nintzen, gehiegi behartuta. Beti suertatzen zen saioren bat. Behin, Aralarko Igaratzara joan ginen Lazkaomenditik 7-8 lagun, San Migel santua ekartzen duten egunean. Soinuarekin bai, baina ogitartekorik gabe joan nintzen, tolosarrek han bazkaria eman ohi zutelako. Baina urte hartan utzi ziotela, eta bazkaririk ez zegoen Igaratzan. Baina soinua geneukan, eta bazkaria zeukaten lekura deitu zigun beste kuadrilla batek; eta gu denok hara. Jana soberan zeukaten, eta dantzan ibili ginen arratsalde osoan. Ilundu zuenean, Lizartzara jaitsi, eta hango tabernan segitu genuen goizeko ordu biak arte, bertan afalduta. Soinuari esker, bazkaldu gabe gelditzetik, bazkaria, afaria eta parranda!
Nolakoa zen orduko giroa?
Beste giro bat zen, sanoa, ona. Benetako erromeriak ezagutu ditut, eta jendea dantzan gelditu gabe aritzen zen. Horrek soinujoleari zer indar ematen dion ba al dakizu? Orain soinu jotzen ari denari inork ez dio begiratu ere egiten; ez du graziarik ematen jotzeko ere, alferrik aritzea bezala da, eta horregatik kostatzen da erromeriak egitea. Lehengo giroa ikaragarria zen. Negargura sortzen zait niri orain: zer pasatu da lehengo anbiente harekin? Galdu egin da. Orain festak beste era batera egiten dira: basoa hartu, edan, eta kristoren zarata tabernetan.
Bertsozalea ere bazara.
Bai, bertsozalea izan naiz. Gainera, bertsolaria auzoan eduki dugu: Lazkao Txiki. Harekin harreman estua neukan. Tokatzen zen batzuetan ni soinu jotzera eta hura bertsotara joatea. Zer bertso ederrak botatzen zizkidan! Pena daukat haiek ez grabatua. Aramako festetara 14 aldiz joan nintzen. Lazkao Txikiri entzun nion azkeneko txistea 1993ko Urteberri egunean entzun nion; gure ama ohean geneukan, eta etxekoneko bezala, hura bisitatzera joan zen Lazkao Txiki. Handik hogei egunera joan zen ebakuntza egitera, eta han geratu zen.
Lazkao Txikiren estatua egiteko lanean zu ibili zinen.
Neroni. Jexux Guerra [GH enpresako buruetakoa] lagun handia zuen Lazkao Txikik, baina izan zuten gora-behera bat. Tabernako kontuak, beti han juntatzen ziren eta. Haserretuta egon ziren denbora dezentean, nahiz azkenerako adiskidetu ziren. Lazkao Txiki hil zenean, Jexux Guerrak esan zidan monumentu bat egin nahi ziola, kosta ahala kosta. Zerbaiten obligazio modukoa edo arantza zeukan. Hasterako, milioi bat pezeta emango zidala. Ez nion hartu, baina hasiko nintzela batetik eta bestetik mugitzen. Zer gertatuko, eta Jexux bera azaro hartako 26an [1993] hil zen, istripuz. Umezurtz bezala geratu nintzen, eta dirurik gabe. Baina Jexux Guerra izan zen estatua egiteko sugarra piztu zuena.
Hor dago estatua, ordea.
Diputaziotik eta Lazkaoko Udaletik hasi nintzen. Asko lagundu zuten, eta Kutxak eta enpresek ere jarri zuten dirua. 3.200.000 pezeta kostatu zen dena. Leaburuko Tomas Ugartemendia eskultoreak egin zuen, Arroako harrobiko 24 tonako harri-bloke batetik. 1995ean inauguratu genuen. Hor dagoen bertsoa neronek aukeratu nuen, egunsentiari botatako hirugarrena; baita estatuaren estiloa ere, nola izan behar zuen. Zeren nik Lazkao Txiki jertsearekin horrela ezagutu nuen. Irudi hori neukan, eta estatuan hori plasmatzea nahi nuen. Etxekoei eskatu nizkien argazkiak, eta baita izan ere: hantxe agertzen zen Lazkao Txiki, jertsea eskuan eta eskua gerrian zeukala. Hori da Lazkao Txikiren postura naturala, eta horrelaxe eginda dago.
Zu gustura geratu zinen artelanarekin?
Bai. Orduan alkate zegoen Inazio Estensorok eskertu egin zidan egindako lana. Inaugurazioan, estatua estaltzen zuen izara kentzeko ohorea niri eman zidaten. Bakarrik ez egiteagatik, Maria Jesus Aranburu diputatuaren eta bion artean kendu genuen. Ondo edo gaizki, estatua hori hor dago; eta Lazkao Txiki Euskal Herri osoan maitatua da. ■
Lagunarteko festen alaitzailea
Felipe Altunaren trikitilari aurkezpen-txartelean rantxerek azaldu beharko lukete. Bere joaldien ezaugarri dira mexikar doinuak eta kantuak, pasio handiz abestuak. «Betidanik gustatu izan zaizkit rantxerak. Denera hogei-bat ikasiko nituen, garai batean. Oraindik ere akordatzen zaizkit batzuk, nahiz eta burutik alde egiten duten horiekin zentratuta ez bazaude», aitortu du.
Mahaiaren bueltan ez ezik, erromerietan eta festetan ere asko ibilia da Altuna. Lazkaomendiko festetan bertan, hitza emanda zeuden trikitilariek huts egin zuten batean, berak bete zuen hutsunea, bateria jotzaile batekin, instantean.
Ezkontzetan ere dantzaldiak alaitu zituen. «Ezkontzetara joaten nintzenean, Etxarriko itsua edukitzen nuen saxofoia jotzeko, eta bateria. Taldearekin joaten nintzen; horrek ere lasaitasuna ematen du. Baina bakarrik joateko eskatzen bazuten, bakarrik».
Makina bat jende, leku eta festa ezagutu ditu horrela. «Asko. Oraindik ere, ordutik ezagutzen nautenak tokatzen zaizkit tarteka, urtetan ikusi gabekoak. Jendea gustura gelditzen zen; hasieran mugitzea kostatzen zen, baina mugituta baldin bazegoen eta hari bultzada handiagoa ematen badiozu, soinujolea salbatzen da, beste gainontzeko guztia haiek egiten dute eta».
Ez baita musika bakarrik, musikariaren ofizioa ere bada. Eta horretan maisua izan da Altuna. «Ez da soinua jotzea bakarrik, jendea nola bideratu jakitea da».
Liburu baterako lain pasarte eta bizipen dauzka, betiko joan ziren garaien eta giroaren argazki-bilduma errealista. «Benta Aundiko kuadrilla batekin, urtero lau-bat otordu egiten genituen, eta haien despedidak eta ezkontzak, denak nik egin nituen. Beste saio bat Leaburun izaten nuen, urtero; bi egunetan egiten genuen afaria. Urkizu auzoko jatetxean ere bai… Orain dela bi urte itzuli nintzen Urkizura, aspaldian joan gabe eta. Arima oinetara erori zitzaidan: itxita, dena asunek hartuta, abandonatuta… Oraindik bankuak-eta kanpoan zeuden; han nola ibiltzen ginen akordatzen nintzen eta, pena galanta. Nahiago nuen itzuli ez banintz».