Historiaurreko miaketak egin ditu Aranzadik Itsasondoko hiru kobazulotan. Bitan aztarna paleontologikoak topatu dituzte, eta bestean aztarna arkeologikoak.
Historiaurreko aztarnak bilatzeko miaketak egin ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Itsasondon. Itsasondo baino, Oriako arroa izan da ikertzaileen lan-eremua, eta horri segika, Itsasondoko lurretan dauden hiru kobazulotan miatu dute. Aztarna paleontologikoak eta aztarna arkeologikoak topatu dituzte, azken horiei dagokienez, bi mailatan: Brontze Arokoak eta Paleolitokoak.
Jon Aldaia Aierbe eta Amaia Arranz dira proiektuaren zuzendariak. Aztarnategi berriak bilatzen hastean, Oriako arroak «baldintza onak» izan zitzakeela pentsatu zuten, Aldaiak berak azaldu duenez: «Batez ere zenbait historiaurreko garaietako informazio oso gutxi daukagulako bertan, eta beste arroetan ezagutzen dira aztarnategiak». Informazio gabezi hori, baina, ikerlariaren hitzetan, ez da aztarnategiak egon ez daudelako, baizik eta «gutxi miatu delako».
Oria ibai nagusia eta haren aldeetara zabaltzen diren errekak dira proiektuaren lan esparrua. Pasabide naturalak direnez, leku horiek «aproposagoak» izan zitezkeen garai horietako gizakientzat, lauagoak direlako, malda gutxiagorekin: «Azken batean, Paleolitoan gizaki ehiztari-biltzaileak ziren, nomadak, alde batetik bestera mugitzen ziren». Kobazuloetatik hasi ziren miaketak egiten, toki itxiagoak izanik, «errazagoa» izan zitekeelako bertan aztarnak topatzea. «Pentsatu genuen: non daude aukera handienak? Kobazuloetan».
Oriako arroko Itsasondoko eremua aukeratu zuten, kareharrizko gunea delako, Murumenditik behera joaten dena, Lizardi erreka parean, eta horrek arrastoa ematen zielako kobazuloak aurkitzeko. Herritik iparraldera geratzen dira miatutako haitzuloak. Hirutan egin dute esku-hartze arkeologikoa. Aurrena, topografia egin zuten, ez zegoelako inongo ikerketarik ez topografiarik eginda. Ondoren, hiru kobazuloetan egin dute miaketa, bai azalekoa eta baita zundaketarekin ere. Bitan aztarna paleontologikoak topatu dituzte, «historiaurreko animalien aztarnak, leizetako hartzen aztarnak edota hartz arreena, modu naturalean depositatu direnak», eta bestean, berriz, aztarna arkeologikoak, bi maila arkeologiko ezberdinetan, Brontze Aroko mailan eta maila Paleolitikoan, alegia: «Lehenengo maila duela 3.300 urtetakoa da, eta bigarren mailan Madeleine aldiko aztarnak topatu genituen, jatorri anitzetako suharriak eta jandako animalien hezurrak, duela 14.000 urte ingurukoak».
Lehenengo mailan, erretako ezkurrak topatu dituzte, «nahiko bitxia» dena, «normalean ez direlako kontserbatzen horren ongi». Ez dakite zehazki su hartuko zuten, edo txigortzeko sutondo bat erabili zuten eta pasa egin zitzaien. Garai hartan, jada ez ziren nomadak, sedentarioak ziren, bertan bizi ziren eta etxekotutako animaliak zituzten, garia zelaietan eta bestelako landareak… «Ikusten dugu ezkurrak ere jaten zituztela, gaur egun pentsatu ere ezin duguna. Nahiz eta etxe bat izan, oraindik basoko produktuak ustiatzen zituzten».
Labar artean aditua den ikerlari batekin ere egon zen lantaldea, kobazuloko paretetan labar artea dagoen ikusteko, baina ez zuten ezer aurkitu.
Kobazuloetako batetik kanpo baina sarreratik oso gertu, historiaurreko gezi punta bat aurkitu dute. Kobazuloan egon zitekeela ondorioztatu dute adituek, baina ezin dute frogatu zehazki nondik datorren.
Paleolitoko aztarnategiak
Paleolitoko zenbait aztarnategi ezagutzen zituzten Oriako arroan aurretik: Altxerriko koban (Aian), Usategiko koban (Ataunen) eta Atabon (Altsasun). Azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak garatutako proiektuen ondorioz, Paleolitoko aztarnategi berriak aurkitu dituzte: Sagaskingo koban (Araitzen), San Adrianen eta Itsasondon.
Aurrekoetan bezala, Itsasondon ere hutsune bati erantzun nahian hasi zituzten miaketak. Oriako bailaran bazeuden Brontze Aroko edota Neolitoko aztarnak, baina Paleolitokoan gabezia zegoenez, horri heltzea erabaki zuten. Espero zuten zerbait topatzea, eta topatu dute. Altuera ere aproposa zen aztarnategi berriak bilatzeko, Aldaiak azaldu duenez: «Pentsatu daiteke Aralarren kobazulo pila bat daudela eta han miatu daitekeela, baina pentsatu behar dugu Paleolitoa garai askoz ere hotzagoa zela eta gizakiak ez ziren bertan bizi, milaka urtetan ez zelako bertan bizitzerik». Itsasondoko kobazuloak 300 metrotara daude.
Jarraipena
«Hasierako lana besterik ez» dute egin Aldaiaren esanetan. Proiektuarekin frogatu dute Oriako arroan badaudela Paleolitoko aztarnategi arkeologikoak, baina ez dira oraindik amaierara iritsi. Udan proiektuarekin lanean jarraituko dute, eta ez dute baztertzen kobazuloetatik harago miatzea: «Hasi gara nolabait ere errazetik, jakinda aukera gehiago ditugula, eta aurrerantzean pentsatzen dugu aire zabalean aztarnategiak bilatzen hastea». Izan ere, historiaurreko arkeologian nolabaiteko «errealitate faltsu bat sortu» daitekeela uste dute, «irudi bat zeinetan ematen duen bakarrik kobazuloetan bizi» zirela. «Baina horrek ez du esan nahi hala eta guztiz ere ez zirela kobazuloetatik kanpo bizi». Gaur, 18:00etan, Itsasondoko Kulturgunean emango du egindako historiaurreko miaketen berri Jon Aldaiak.■