Zegamako Aitzkorpe tabernaren martxa darama iazko urritik Ana Corduneanuk (Ineu, Errumania, 1993). Iaz Goiekik antolatutako Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez saria irabazi zuen. Goiekik martxan jarri du aurten ere Enpresa Ekimen Berrien 27. Sariketa ‘Etorkizuna eraldatzen duten ideiak!’ lemapean. Lehiaketa honen bidez ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea ditu helburu Goiekik. Hiru kategoria ditu: Enpresa ekimen berriko proiektuak, Enpresan egindako proiektu berritzaileak eta Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez. Azken hori irabazi zuen iaz Corduneanuk, eta tabernako martxaz eta halako lehiaketen garrantziaz hitz egin du.
Gustura zaude taberna zabaltzeko egindako apustuarekin?
Bai, oso. Iazko urrian ireki nuen, eta zegamarrei oso eskertuta nago. Ez dut inolako kexarik entzun orain arte.
Asteazken goiza da, eta jendea sartu-irtenean dabil. Ikusten denez herritarrek ere eskertzen dute.
Herritarrak pozik ikusten ditut, eta ni, are gehiago. Oso ondo hartu naute, oso ondo integratu naute. Ez nuen espero halakorik, inondik inora.
Zenbat denbora daramazu Goierrin bizitzen?
Beasainera etorri nintzen aurrena, nire gurasoak hemen bizi baitziren. Nik 14 urte nituen. Gero, 18 urte nituenean, Alemaniara joan nintzen lanera, eta han ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena. Ezkondu egin ginen, eta handik gutxira minbizia atzeman zidaten. Lau urteko pasako prozesua izan zen, oso-oso gogorra. Lanik ere ezin nuen egin. Hiru urte eta gehiago dira garbi nagoela.
Eta nolatan animatu zinen Zegaman negozio bat zabaltzera?
Zegaman bizi naizela 4 urte dira, eta 2 urte neramatzan zerbaiten bila. Haizea tabernarekin saiatu nintzen aurrena, baina ez zuten alokatu nahi. Ikusten nuen bi taberna bakarrik zeudela herrian, bizitza gutxi zegoela, eta aukera hau sortu zitzaidanean aurrera egitea erabaki nuen.
‘Pintxopotea’ ere jarri duzu.
Aurrez Lazkaoko Orobionen lan egin nuen, eta hango martxarekin ohituta nengoen. Ikusten nuen jendea hemen ez zela ateratzen, eta inguruko herrietara joaten zela. Horregatik hasi nintzen.
Ostalaritzan aritu izan al zara beti?
Bai, beti, eta nire negozioa irekitzeko garaia zela esan nion nire buruari. Beti besteen kontura aritu naiz, eta esker gutxi jaso izan dut. 15 urte nituenetik nabil ostalaritzan, bai tabernan, bai sukaldean, bai jangelan. Hemen moldatzen naiz ondoen. Taberna honek sukalde txikia du, eta ahal dudana ateratzen saiatzen naiz. Aurtengo udan igerilekuko taberna ere hartu dut. Han leku gehiago daukagu, eta ikusi egin behar nola moldatzen garen.
Taberna martxan jartzerako Goiekira jo zenuen.
Bai, eta asko lagundu didate, oso eskertuta nago. Lehendabizi elkarrizketa bat izan nuen teknikari batekin, eta gero bideragarritasun plana egiten lagundu zidaten. Gero lehiaketa honen berri eman zidaten, eta aurkeztera animatu ninduten. Halako batean deitu egin zidaten irabazi nuela esanez, ezin nuen sinetsi! AMPOren Idiazabalgo egoitzara joateko esan zidaten, han izango zela sari-emate ekitaldia. Erabat harrituta geratu nintzen, ez nuen inondik inora espero.
Eta zer iritzi duzu Goiekik eskaintzen duen zerbitzuaz?
Zorionekoa sentitzen naiz, Goiekira joanda ate berriak zabaldu zaizkidala esango nuke. Jende berria ezagutzeko aukera eman dit, eta oso jende jatorrarekin egin dut topo. Teknikariak ahal duten guztian laguntzen saiatzen dira, gauza berriak ikasteko aukera eman dizute… Hitz onak besterik ez ditut, jarraitu dezatela horrelaxe!
Harremana izaten jarraitzen duzu?
Ez nahi adina, baina bai. Informazioa bidaltzen didate posta elektronikoz, bilera batzuetara joateko gonbidapenak ere bidaltzen dizkidate, baina ezin izaten dut joan lana dela eta. Astelehena da nire atseden eguna, beste egun guztietan lan egiten dut. Aurrerago ikusiko dugu, gustatuko litzaidake harremanetan jarraitzea eta gehiago parte hartzea antolatzen dituzten saioetan.
Eta lehiaketaz?
Garrantzitsua iruditzen zait ekintzailetza eta inklusioa uztartzen dituen kategoria hori edukitzea. Saria ondo dago, 2.000 euro dira, baina egoera zaurgarrian dagoen jendearengan pentsatzen dutela ikustea garrantzitsuagoa da.
Zer mezu emango zenieke zurearen antzeko egoeran egon litezkeen pertsonei?
Haien buruan konfiantza izan dezatela, eta jakin dezatela laguntzeko prest dagoen jendea badagoela. Baina badago bestelako jendea ere, esaten dizuna zure proiektuak ez duela funtzionatuko eta halako gauzak. Horiei kasurik ere ez! Bakoitzak bere senari kasu egin diezaiola, pentsa dezala dena ondo aterako dela eta positiboa izan dadila. Nik horrela lortu dut aurrera egitea. ■
Goiekiren 27. sariketa
- Helburuak
- Ekintzailearen irudia sustatzea.
- Balio erantsi handiko enpresa berritzaileak sustatzea.
- Enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea.
- Nori zuzendua?
- 2023-2024 urtean zehar negozio ideia baten bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei.
- Sariak
- 6.000 euro. Sortu den proiektuak kooperatiba izaera baldin badauka beste 3.000 euro.
Proiektu berritzaile onena
- Helburuak
- Berrikuntza prozesuak helburu dituzten inbertsioak laguntzea.
- Enpresek berrikuntza prozesuak martxan jar ditzaten eragitea.
- Nori zuzendua?
- 2023-2024 urtean zehar Goierriko ETEetan berrikuntza proiektu bat garatu duten enpresei.
- Sariak
- 2.000 euro.
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bidez
- Helburuak
- Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea.
- Nori zuzendua?
- Zailtasun edo bazterkeria egoeran dauden eta 2023-2024 urtean zehar negozio ideia baten bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten pertsonei.
- Sariak
- 2.000 euro.