Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Egunerokotasunean, autopertzepzio kontu batzuk ihes egiten didate: ez naiz kontziente goizero nire odol-taldeaz, ezta nire altuera zehatzaz ere. Era berean, ez dut egunero buruan emakumea naizela, ezta beste emakume baten bikote naizenik ere.
Baina egun batzuk besteak baino seinalatuagoak dira kontu batzuetarako. Esaterako gaur, ekainaren 28a, eta kapitalismoak borroka guztiak xurgatu zituenetik, hilabete osoa ere bai. Horregatik daude ostadarrak, kontzertuak, karrozak eta drag showak, baita kontzentrazioak, pankartak eta oihuak ere. Askotan zaila da gauzak diren bezala ulertzea, guztia nahasita baitago harrotasunaren kokteleran.
Zenbait eskubide, bidegabekeria, agresio edo garaipen kolektiboki borrokatu eta ospatu beharra dago, indibidualki bizitzen jarraitu ahal izateko. Baina batzuetan zure bizitzarekin jarraitu nahi duzu soilik, jakinda horretarako zure alboan eta zure aurretik egon diren beste batzuen ibilbidea luzea izan dela.
Sarri diot ez naizela harrotasunarekin identifikatzen, ez naizela kolektibo horren parte sentitzen. Eta arraroa da, zerk egiten zaitu kolektiboaren parte? Nortasun indibidualak, antza. Gizabanako gisa LGTBIQ edo/eta bestelako hizkietako batekin identifikatzean, halaxe egin duten beste norbanakoekin partekatzen duzu berehala espazio komun bat, pertenentzia-sentimendua izan ala ez.
Agian horrela sentitzen naiz nire posizio pribilegiatutik, eskubideez eta askatasunaz gozatzen dudalako diskriminazioa eta gutxiespena pairatu gabe. Baina bakoitzak bizi ditu bere borrokak, indibidualak, kolektiboki borrokatzen dituenaz gain. Nik ez dut etxean ostadar banderarik eta gaur ez dut ezer ospatzen, inoiz 0- naizela ospatu ez dudan bezalaxe. Baina banaiz, egunero, konturatu gabe, zorionez. Mila esker borrokan zaudetenoi, harro egoteko modukoa da. ■