Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Bost lagun elkarren ispiluen islan nor izatera jolasten, nor izatera jolasten ari direla konturatu gabe. Bost lagun nor bere ispiluen itzal bila argia aurkitzeko esperantzan. Bost lagun xuxurlaka, nor diren adierazi nahian. Bost lagun garrasika, oihartzunari entzungor. Eta inguru bat. Irakurlearena. Begira. Bere ispilu propioa osatzen.
Sare-korapiloan murgilduta, itota, arnas beharrean daude, bakoitza bere modura, 14 urteko bost gaztetxo. Aurrez aurreko, zeharkako eta begietara begirako begiradak korapilatzen dituzte, nahita eta nahi gabe. Begirada itsuak asko, mutuak beste asko, zalantzaz beteak gehienak. Erantzunik gabeko galdera asko zamatuko ditu bakardadeak eta galderarik gabeko erantzun asko saretuko taldeak. Nor izan, ikusia, onartua. Lehia, beldurra, identitatea, iraina, mina, ezintasuna, adiskidetasuna… horiek dira, besteak beste, istorioari tira egiten diotenak. Gainerakoek gugan duten eragina, guregatik garen edo besteengatik, gurekin garen edo besteekin. Nork trazatzen duen nor. NOR da gertutasuna. Familia, eskola eta kalea da NOR. Lagunarte zail bat da NOR.
NOR proiektua espazio aske bat da. Espazio aske bat aniztasunak bere horretan duen balioa, enpatia, besteekiko begirunea, maitasuna lehen lerrora ekartzeko.
Eta NOR da harrotasuna. Garenarekiko harrotasuna. Eta batez ere ingurukoak direnekiko harrotasuna. Izan bagara eta izan badira. Ba, izan behar badugu, izan gaitezen harro. Eta egin dezagun harro izan daitezen. Harrotasunaren egunean bai, baina batez ere bihar.
Irati Goikoetxeak idatzia, Karmele Gorroñok ilustratua, Aingeru Mayorrek koloreztatua eta Ekaitz Goikoetxeak jantzia. Guztia 1545 argitaletxearen aterkipean sortua. ■