Elizen jabetza kontzejuena zen antzinaroan; herria zen jabea. Barne gaiak eta funtzionamendua elizaren hierarkiak antolatzen zuen, baina diru kontuak eta obrak kontzejuak erabakitzen zituen. Seguran 1686koa da kasu bat.
Segura eliza eraikitzen ari ziren, duela 330 urte. Lan erraldoia zen, nola diruz, hala fabrikaz, eta atalka eraiki ohi zituzten tenpluak, baliabideen arabera eta sarri denboran hamarkada asko luzatuta. Seguran, 1686an, elizaren pilareak zutituta zeuzkaten, eta haien gainean, teilatupeko harrizko gangak edo bobedak egitea erabaki zuten.
Kontzejuaren batzarrean izan ziren Ignacio Arakama bikario perpetuoa, Juan Ignacio Arrue alkatea eta Josep Martin notarioa, beste herritar ahaltsu batzuekin batera; tartean zen Manuel Lartzaguren ere, Segurako semea eta Iruñean Nafarroako Inkisizioaren kide izandakoa. Bobedez gain, elizaren atzealdeko obra fisiko guztia altxatzea erabaki zuten: korua, zorua, eskailerak eta paretak. Dorrea eta inguruko hormak eginda zeuden ordurako.
Diru bila baserriz baserri
Erabakiak kontzejuan gutxi batzuek hartu arren, ordainketa herri guztiaren bizkar zabaldu zuten. Alkatea eta bikarioa Segurako baserri eta etxeetara diru bila joan ziren. Lehenengo gehien zeukatenengana, haiek emandako dirutza (1.500 erreal) besteei erreferentzia –eta betebehar inplizitu– gerta zekien.
Garai hartako Segurako estatusa eta etxeen ahalmen ekonomikoa adierazten du diru-bilketak, emaile guztiak zerrendatuta baitaude. 131 lagun ageri dira; familia denek parte hartu zuten. Guztira 15.464 erreal bildu zen.
Gangen ondoren, aldarea eraiki zuten, 1745ean. Martin Lardizabal militar eta jauntxoak eman zuen dirua; 1743an hil zen ordea, Uharte Arakilen, Segurara zetorren batean. Joaquin Lardizabal ilobak hartu zuen ardura. Aldare aurreko harria Segurako Azpillako kareharria da, urrez margotua. Aldameneko marmolak Italiatik ekarri zituzten.
Obra bukatutakoan, marmolean Martin Lardizabalen historia militarra idazteko eskatu zuen ilobak (Madrilgo alkate ere izan zen, besteak beste). Baina kontzejuak ezezkoa eman zuen, eliza egiteko dirua herritar guztiek eman zutela gogoraraziz. Tekela hartan, hiru urtean egon zen aldarea amaitu gabe. Argi-lanparen bueltan idatzi zuten sendikoek, azkenean, handikiaren berri. ■