Los Angelesenen 1984an (AEB) egin ziren Joko Olinpikoetan emakumeek lehenengoz maratoian parte hartu zuten, Carl Lewis atletak urrezko lau domina lortu zituen eta munduak Michael Jordan saskibaloi jokalaria ezagutu zuen. Baina goierritarrentzat, Harri Garmendia (Beasain, 1966) igerilariaren Joko Olinpikoak izan ziren. Oso gaztea zen, 18 urte besterik ez zituen, baina primeran gogoratzen du oraindik han bizitakoa.
Nolatan hasi zinen igeri egiten?
Oporretan Alacanteko La Vila Joiosa herrira joaten ginen, eta uretan ibiltzen ginenez, amak igeri egiten ikastea ideia ona zela pentsatu zuen. Nik 10 urte nituen. Ordiziako igerilekua ireki berria zen eta hara joan ginen. Ordiziako igeriketa taldean sartzea eskaini zidaten eta, hala, lehiatzen hasi nintzen.
Gustatu egin zitzaizun nonbait.
Lehenengo lehiaketa Eskolarteko Jokoak izan ziren. Tolosara joan ginen eta bi probatan bigarren gelditu nintzen eta bi errelebo probetan nagusitu egin ginen. Hortik aurrera, Gipuzkoako txapelketak… Ez nintzen oso kontziente. Joan egiten nintzen eta ondo pasatzen nuen.
Ze oroitzapen dituzu Ordizian emandako urteez?
Ignacio Igearekin ikasi nuen igeri egiten. Ordizian hasi nintzen, baina 12-13 urterekin Tolosara joan nintzen eta kuadrilla han egin nuen. Nire kuadrilla Tolosakoa da.
Igeri egiten hasi eta zortzi urtera Los Angelesera joan zinen.
13 urterekin Izarrako errendimendu altuko zentrora joan nintzen, handik Malagara, Malagatik Bartzelonara eta 18 urterekin Joko Olinpikoetara.
Nolako esperientzia izan zen?
Oso gaztea nintzen eta ez zen egun batetik bestera gertatu. Espainiako txapelketetan parte hartzen nuen, aurreko urtean Europako txapelketan parte hartu nuen… Los Angeleseko Joko Olinpikoetan parte hartzea espero nuen. Baina 18 urterekin ez dakizu oso ondo horrek zer suposatzen duen. Gazte samar heldu nintzen Joko Olinpikoetara. Benetan zegozkidanak hurrengoak ziren, 1988koak. 22 urterekin helduagoa zara, baina 1988koetara ez nintzen joan.
Zer moduz Los Angelesen? Zer gogoratzen duzu bereziki?
Lehenengo aldiz joan nintzen Amerikako Estatu Batuetara. Dena oso handia iruditu zitzaidan: Los Angeles oso handia zen, hiribide handiak, auto handiak… Coca Colak botila berezi bat atera zuen, Joko Olinpikoak zirela eta. Botila hura etxean dut oraindik. Disneylandiara joan ginen. Garai hartan hura sekulakoa zen. Minnie eta Mickey Mouse-rekin argazki batzuk ditut. Santa Barbara hondartza ezagutu genuen. Universal estudiora joan ginen eta Tiburon eta ET pelikulak nola egin ziren erakutsi ziguten. Dena hemengoaren oso ezberdina zen.
Kirolari ospetsurik ezagutu al zenuen?
Hiri Olinpikoan Mary Lou Retton gimnasta estatubatuarra ikusi nuen. Urrezko domina irabazi zuen. Carl Lewis ez nuen ikusi, baina bere arreba bai.
Joko Olinpikoen ondoren AEBra itzuli zinen.
1986an joan nintzen. Jokoen ondoren Bartzelonara joan nintzen Farmazia ikastera, baina oso zaila zen igeriketa eta ikasketak uztartzea. Hala, 1986an AEBra joan nintzen Ekonomia ikasketak egitera. Sei urte eman nituen bertan. Lehenengo lau urteetan unibertsitateko taldean igeri egin nuen eta ondoren bi urteetan nire kontura aritu nintzen, master bat egiten. Enpresa administrazio masterra egin nuen. 1992an Beasainera itzuli nintzen eta Donostian hasi nintzen lanean. 2002an Argentinara joan nintzen bizitzera. 2018an Madrilera joan nintzen. Ordutik, Madrilen bizi naiz. Finantza-zuzendari lan egin dut beti, enpresa ezberdinetan.
Zergatik ez zinen joan 1988ko Joko Olinpikoetara?
Igeriketa eta ikasketak uztartu nahi genituen guztiok AEBra joaten ginen. Joko Olinpikoetara joateko behar ziren denborak egin nituen, baina Ameriketan egin nituen. Espainiako Igeriketa Federazioak denborak Espainian egin behar zirela esan zuen eta ez ninduen Joko Olinpikoetara eraman.
Amorru handia eman al zizun?
Espainiako Igeriketa Federazioarentzat igeri egiteari utzi nion. Unibertsitateko probetan Ordiziako Gabonetako lehiaketan bakarrik parte hartzen nuen. Igeriketa 24 urterekin utzi nuen. Duela bi urte Madrilgo talde batekin entrenatzen hasi nintzen eta Master mailako Espainiako txapelketan parte hartu nuen. Proba bat irabazi nuen eta besteetan bigarren gelditu nintzen. Lanak uzten didanean igeri egitera joaten naiz, baina nire kontura, ez lehiatzeko.
Oraindik igeri egiten duzu, beraz.
Amodio eta gorrotozko harremana dut igeriketarekin. 24 urterekin, oso haserretuta bukatu nuen igeriketarekin. 1988ko Joko Olinpikoetara ez joatea oso etsigarria izan zen. Igeriketa utzi nuen egunean garagardo batzuk eta zigarro pakete bat erosi nituen eta gau guztia garagardoak edaten eta zigarroak erretzen eman nuen. Oso haserre nengoen eta etapa hori bukatutzat eman nahi nuen. Oraindik ez diot buelta eman. Master mailako Espainiako txapelketara joan nintzenean, ‘zer egiten dut hemen?’ galdetzen nion nire buruari. ‘Nik hau egina dut, zertarako egin behar dut berriro?’. Gehiago ez lehiatzea erabaki nuen. Igeri egitera joaten naiz, baina igeri egitea baino gehiago, jendearekin egotea, jendeari irakastea… gustatzen zait.
Ze aholku emango zenieke Joko Olinpikoetara sailkatzeko gogor lan egiten ari diren gazteei?
Ondo pasa dezatela. Ondo lan egiteaz gain, ondo pasatzen baduzu, askoz hobea da. Nire lagun onenak igeriketari esker egin nituen. Igeriketak hori eman dit: lagun minak. Hori garaipenak baino askoz ere gehiago baloratzen dut. Joko Olinpikoetara joateko prestatzen diren gazteen bizitzak bereziak dira. Erresidentzia batean bizi dira, adibidez. Ondo pasatzen saiatu behar dira eta benetako lagunak egin. Ez galdu harreman horiek! Bizitza osorako dira. 1988ko Jokoetara joan gabe gelditu nintzenean, aitak zera esan zidan: orain oso gaizki pasako duzu, baina hemendik urte batzuetara bizitzan gauza gehiago daudela pentsatuko duzu.
Igeriketa probak ikusten al dituzu?
Bai, baina beste kirol batzuk nahiago ditut. Larunbat batean ez naiz etxean gelditzen igeriketa ikusteko. Formula 1 ikusteko etxean gelditzen naiz. Igeriketa ikusteko, ez.
Beasainera askotan etortzen al zara?
Bai. Ama han dut eta anai bat ere bai. Gainera, nire seme-alabak Zarautzen bizi dira. ■
Hilaren 26an Joko Olinpikoak hasiko dira. Aro modernoan, hainbat goierritarrek parte hartu dute. Hemen goierritar olinpikoen zerrenda.
Susana Fraile, eskubaloi jokalari ohia.Susana Frailek (Zumarraga, 1978) Atenasen jokatu ziren Jokoetan parte hartu zuen. Espainiako emakumezkoen selekzioak sailkatzea lortu zuen lehen aldia izan zen.