Ilustratzailea, diseinatzaile grafikoa eta muralista da Ibane Cerezo Sanz artista (Zumarraga, 1993). Inditex enpresako eta enkarguetako lanak uztartzen ditu. Bartzelonan bizi da, eta duela astebete herrira itzuli da, Zelai Arizti plazarako sortu dituen bi muralak lantzeko.
Noiz sortu zitzaizun ilustrazioaren munduarekiko interesa?
Marrazketarekiko interesa beti eduki dut, txiki-txikitatik, baina karreran ilustrazioa eduki nuen arte ez nuen ikusi inoiz irteera profesional bezala. Askotan esan ohi da, marrazketa hobby-a bezala hartzen da askotan, betikoa…baina ikasketekin ilustrazio arloan ikusten hasi nintzen asko gustatzen zitzaidala eta, gainera, bazuela irteera.
Arte Ederrak ikasi zenituen?
Arte Ederrak banatu zen hiru gradutan, eta nire gradua izan zen Sorkuntza eta Diseinua. Horren barruan sartzen zen ilustrazioa. Hori ikusita, eta gustuko nuenez, gero Bartzelonara mugitu nintzen graduondokoa egitera.
Eta Bartzelonan gelditu zinen gero.
Hori bukatutakoan, segituan hasi nintzen enpresa batean lanean, estanpatuak egiten. Gaur egunera arte bertan ibili naiz, baina paraleloan ilustrazioak egiten nabil, eta duela bi urtetatik muralak ere egiten ditut.
Zein enpresatan egiten duzu lan?
Inditex-entzat egiten dut lan. Irailera arte, haien hornitzaile batentzat egiten nuen lan. Mangorentzat, Desigualentzat… marka ezberdinentzako lanak izaten ziren. Orain jada Inditex barruan nago. Ikasketak bukatu eta gaur egunera arte horretan ibili naiz. Azken zazpi urteetan hori izan da denbora gehien kendu didan lana.
Nire eguneroko zortzi orduak horretarako dira, eta beste tarteetan ateratzen zaizkidan lanekin aritzen naiz. Gero eta gehiago ateratzen ari zaizkit, eta horiek uztartzen nabil. Egunen batean lortu nahiko nuke horiekin bakarrik geratzea, hori izango litzateke ametsa, baina ez da erraza.
Bereziki markatu dizun proiekturik badaukazu?
Gustura bat baino gehiago egin ditut. Badaukat muralak egiten hasi nintzenean markatu zidan bat. Oso denbora gutxi neraman muralak egiten, eta deitu zidaten futbol kantxa bat pintatzeko, Lezaman. Hori niretzat pasada bat izan zen. Jende askorentzat, hasten denean, helburua izaten da urte batzuetara horrelako zerbait lortzea, bada kantxa bat pintatzea. Nik esaten nuen zergatik ni? Baina oso eskertuta nago. Madrilgo agentzia batek deitu zidan lan horretarako eta oso eskertuta nago enkargu horrekin. Emaitza pasada bat da.
Nolakoa izaten da proiektu baten garapena?
Oso desberdina izan daiteke batetik bestera, bezeroaren arabera. Badaude batzuk markatzen dituztenak jarraibideak, eta aldaketa asko egon daitezke prozesu osoan. Beste prozesu batzuk nolabait esateko errazagoak dira, askatasun osoa ematen dizute, edo nahiz eta askatasun osoa ez eman, haien baldintzekin proposamen bat egiten diezu eta hor bukatzen da. Lanetik lanera asko aldatzen da.
Orain dela gutxi egin nuen lan bat lehen aldiz prozesu aldetik oso ezberdina izan zena. Kartel bat egin nuen beste ilustratzaile batekin kolaboratuz; bilerak gure artean, bezeroekin gero… luzatu egin zen denboran, baina oso interesgarria izan zen.
Nolakoa da zure egun bat?
Irailean bete-betean Inditex enpresan hasi nintzenetik, Bartzelona hiritik kanpo egiten dut lan, herrixka batean. Beraz, autobusa goizean goiz hartu, lan pixka bat egin bertan, irakurri edo lo egin… Egun osoa bertan ematen dut moda munduko lan horretan, eta gero etxera joan eta lanean jarraitzen dut, baina proiektu pertsonalago horietan.
Kamisetak, galtzak…zer diseinatzen duzu enpresa horretan?
Azken urteotan estanpatuak sortu ditut alkandora, praka, gona, soinekoetarako… bai gizonezkoentzako zein emakumeentzako sailetan. Egun, ordea, gizonezkoentzako alkandoretarako eta bainujantzietarako estanpatuak egiten nabil bakarrik.
Bartzelonan zure sektorean lan gehiago dago?
Bai. Duela bederatzi urte joan nintzen, eta bertan geratu. Lan aldetik, hango irtenbideak ez dira hemen daudenak, han mugimendu pila bat dago.
Askotan etortzen zara herrira?
Ez asko. Urtean hirutan: Gabonetan, udan bisitatxoren bat eta gero agian beste asteburu solteren batean. Baina azken aldian Euskal Herrian proiektu dezente ateratzen ari zaizkit. Horregatik, azken urtean gehiago etorri naiz. Hona etortzeko, azkenean, asteburu bat ez da nahikoa, denbora behar duzu, eta askotan ez zait horren erraza suertatzen.
Asko bidaiatzen duzu?
Lehen, moda munduko aurreko lan horrekin, pila bat bidaiatu nuen: Australia, Los Angeles… ideien bila bidaiatzen nuen. Baina orain, atzerrira ez dut bidaiatzen. Lan asko ateratzen ari zaizkit Bartzelona inguruan eta Euskal Herrian.
Ze teknika erabiltzen duzu? Zein da zure estiloa?
Muraletan beti pintura plastikoa erabiltzen dut, ez dut inoiz pintatzen spray-arekin. Azkenean gustatzen zait dena oso garbi geratzea, oso perfekzionista naiz, eta pintzelak ematen dizu hori, nire ustez spray-ak ematen ez dizuna. Ilustrazio aldetik, digitala, tablet-arekin edo ordenagailuarekin ibiltzen naiz gehienbat. Bozetoak eskuz egiten ditut, baina gero dena digitalizatu egiten dut.
Estilo aldetik esango nuke ez dela errealista, baina ez da guztiz abstraktua ezta ere. Berez figuratiboa da, baina gustatzen zait nahastea. Geometria puntu bat dago, baina gero badaude forma organikoagoak. Bi puntu horiek nahastea gustatzen zait. Eta kolore aldetik, beti koloretsu, hori zalantzarik gabe.
Zumarragakoa bukatu duzu. Nolakoa izan da prozesua? Ikusgai dago Zelai Ariztiko plazan. Gustura zaude emaitzarekin?
Zumarragako muralen kasuan, Bartzelonan landutako portfolioa neukanez, nire herriko udaletxeari zer egiten dudan erakustea erabaki nuen, inoiz zerbait beharko balute, nire lana ezagutu zezaten. Segituan hitz egin zidaten Zelai Ariztiko muralen berritze proiektuaren inguruan, eta proposamen bat egitera gonbidatu ninduten. Ez zidaten gairik eman, baina nik bertakoak diren ezaugarriak irudikatu nahi izan nituen, nire estiloa jarraituz, eta segituan onartu zuten proposamena.
Oso gustura aritu naiz, bulego batean lan egitera ohitura, pila bat disfrutatzen ditut kaleko muralak, bertatik pasatzen den jendearekin kontaktu zuzenean jartzen zaituen lana delako, eta azken finean benetan murala disfrutatuko duten pertsonen iritzia ezagutzen joateko aukera ematen dizu. Momentuz, jasotako feedback-ak oso onak dira, kontziente naiz horrelako lanak denek gustuko izatea ezinezkoa dela baina nire partetik Zelai Arizti alaitzeko eta irudikatzeko asmo guztia jarri dut eta jendea pozik dagoela dirudi.
Orain zer daukazu esku artean?
Beste bi proiektu dauzkat laster. Bata, Madrilen. Lehen aldiz muralen tailer bat emango dut. Inoiz ez dut klaserik eman, inori. Erronka bat izango da, baina ilusioa egiten dit. Bestea, mural bat egiteko eskaera atera zait Sabadell-go institutu batean, baina bakarrik egin beharrean, ikasleen aktibitate bat izango da, eta haiekin kolaboratuko dut.■