Uda iritsi eta badatoz udalekuak. Asko dira udako une honen zain pasatzen dutenak urtea, beste batzuk, aldiz, udan diru pixka bat ateratzeko metodo gisa ikusten dute, baina azken finean, guztiek ondo pasatzeko espazioa izaten dute hau eta argi dute, ondo pasa arren, zein den haien hezitzaile papera.
Beasaingo Alkartasuna Lizeoko udalekuetan daramatza pare bat urte Iraia Saez de Egilazek (Segura, 2002), nahiz eta 2020tik udaro begirale lanetan aritzen den toki desberdinetan. Udalekuetako begirale izatea erabaki zuen 2020an, izan ere, udan txiki-txikitatik ibili izan da udalekuetan eta gurasoak lanean daudenean haurrek «ondo pasaz heziketa bat jasotzearen beharra» ikusten du. Bere txikitako esperientzia gogoan, uste du «berak jaso duen hori beste batzuei emateko» unea dela. Hala ere, argi du ez dela «zaintza soila» begirale lanean egiten duena, «haratago» doala, «heziketa eredu ohikotik at dagoen bestelako heziketa bat» dela, aisialditik prestatua. Bere kasuan, ikastetxe batean dagoenez udalekuetan baliabide ugari ditu bere lana aurrera eramateko, hala nola, margoak, inprimagailu bat, ordenagailua… baliabide hauek beste udaleku batzuetan agian ez daude jada espazioan bertan, beraz, ikastetxe batean egotearen onuretako bat bezala ikusten ditu.
Hala ere, «alde negatibo bat» ere ikusten dio ikastetxean bertan egoteari, izan ere, haurrek askotan espazio hau urtean zeharreko ikasketa metodo zurrunekin lotzen dute, udalekuetako aisialditik ikastearen metodo hori ulertzen ez dutelako agian, espazio bera izanik. Hala ere, Saez de Egilazek argi dauka zer den gehien gustatzen zaiona begirale izatetik: «Haur horiek hazten doazen heinean zutaz gogoratzen jarraitzea eta hau ikustea».
Euskal Udalekuak
Garazi Mujika eta Ane Nazabal (Beasain, 2006) aldiz, Euskal Udalekuetan dabiltza iaztik, Bernedoko udalekuetan. Bertan, haientzat eta udaleku hauentzat bizitzan «garrantzitsuak eta beharrezkoak diren baloreak helarazten dizkie haurrei jolas bidez zein bestelako bideetatik», hala nola, euskararen garrantzia.
Mujikak eta Nazabalek diotenaren arabera, haur askok haien egunerokoan ezin dute euskaraz egin egoera linguistikoa dela eta, eta Euskal Udalekuetan «horretarako espazioa sortzen dute», eguneko 24 orduetan aisialdian eta heziketan euskaraz aritzeko espazioa. Horrez gain, aitortu dute «udan egiten duten lanaz gaindikoa» dela haiena, izan ere, udaleku autogestionatuak izanik, urte osoan zehar hauek prestatzen hartzen dute lana, uda iristean «dena prest izan dezaten».
Gainera, aipatzen dute haientzat «terapia moduko bat» dela Bernedora joatea, izan ere, eguneroko errutinatik irten eta egun batzuetan zehar «utopia txiki batean murgiltzen dira, haurrekin batera espazio seguruak sortuz eta etorkizunean nahiko luketen gizarte eredu bat osatuz bertako txikitasunean».
Haurrak zirela Bernedoko udalekuetan egon ziren. Orain, heldutan, haiei eman zieten hori beste gazte batzuei ematen dietela ikusteak asko pozten ditu. Bertan egun politak pasatzen dituztela diote. ■