Ura iritsi da. Barkatu, Uda, uda iritsi da esan nahi nuen. Izan ere urak ez dio erortzeari uzten gurean. Baina udaz aritu nahi nuen, udaz edo udak sortarazten omen duen zorionaz. Izan ere, badirudi guztiok espero dugula udarekin batera zoriontasuna etorriko zaigula. Oinutsik ibiltzea, arropa gutxiago eramatea… Uda buruari reset bat egiteko garaia da (hori gutxiago orraztuz adierazten dugu). Haragia morenatu eta gorputza edozein melodiarekin astindu. Apretak oinetan eta bixera buruan eta ibili munduan. Neguko pure beroa hozten utzi eta orain vichisua esan eta kafe huts beroari izotza gehitu. Irakurriko ez ditugun liburuz bete maleta, stratziatela izozkia kukurutxotik behera irristaka eta estreinatu berri dugun alkandora hawaianoan brausta. Txankleta usaina eta betaurreko beltzak. Pareo koloretsua eta bainu jantzi loreduna. Hondartzako harea behatz artean eta pozik. Bizkarra erreta eta gustura. Eltxoak ere uxatzen dituen 50eko eguzki babes krema likatsuaren eta kolonia garratzaren usain nahasketa. Hoteleko buffet amaigabea eta osasuntsu mantenduko gaituen entsalada healthia. Oinen argazkiak instagramen, filtroak dantzan eta adiskideei gure nondik norakoak erakutsi beharra. Gure burua erakutsi, nabarmendu, ei, hemen nago eta ez nauzue begiratu, ez eta oporretan non ibili naizen galdetu. Horretarako joan al naiz ba? Inork ez al duzue instagramik? Ez nauzue jarraitzen? Likerik ez didazue eman… zertarako joan oporretara? Ufa! Topera gaude! Zoriona hau ez bada, zer da? La mujer del zerdo!
Zoriona gaueko ihintzak krabelin hostoaren gainean uzten duen ur-tantaren distira freskoa da. Baina zenbat irauten du zorionak? Ba edonork daki, lorea astinduz gero ur-tantak petaloan zehar irrist egin eta ezinbestean hutsera amilduko dela, eta akabo ur-tanta eta akabo distira. Zefini zoriona; eta krixkitin, kraxkitin larrosa krabelin…
A! Egia! Ia ahaztu nuen! Sanfermin jaien atarian gaudela! Ba aurten ere, aspaldi bezala, ez naiz joango. Jendetzak ez nau zoriontsu egiten. Baina hori beste kontu bat da eta beste baterako utziko dugu. Hanketako bizarrak kentzera noa, bestela zezenak harrapatuko nau eta orduan bai, akabo zoriona! ■