Iker Sancho Insausti • Arriaran
Kalean eta mendian zehar belarriak estalita eta urruneko podcastak entzuten ibiltzea normaldu dugun mundu birtual honetan ez da samurra tokian tokiko bizimodu hurbil eta ukigarriaren erakargarritasuna defendatzea.
Azkenaldian sarriegi hartu dudanez neure burua Arriarango kronista ofizial izendatzeko eta ingurukoak asperrarazteko atrebentzia, askotan entzun behar izan dut galdera hau: Arriaran izan al da inoiz herri independentea? Bat baino gehiago segituan damutuko zen galdetu izanaz, baiezko-ezezko garbi baten bila datorrenari eman diezaiokegun erantzunik makurrena jasotzen baitute horrelakoetan: segun.
Galdera horrek erakusten digu zein zaila den iragana gaurko begien filtroaz desitxuratzeko bizioa saihestea. Ez gara ohartzen gaurko egitura administratiboak –guk posibletzat daukagun bakarrak– 200 urte ere ez dituela, 1833an Burgos ministroaren dekretuak Espainiako estatua probintzietan banatu zuenetik dagoela indarrean.
Sinplifikatuz, horrek ekarri zuen gero probintziak udaletan eta udalak auzoetan banatzea, eta ondorioz, toki guztiei –ordura arte villa, concejo, valle, lugar, señorío izandakoei– bi aukera geratu zitzaizkien: udal propioa izateko adina baliabide lortzea, edota beste udal bateko auzo bihurtzea.
Euskaraz badaukagu hitz-joko sorioneku bat, izena eta izana lotzen dituena. Izena duen guztia bada, duela ia 1000 urtetatik dokumentuetan etengabe agertzen den Arriaran ere izango da zerbait; Ormaiztegi, Lazkaomendi, Beasain, Lazkao, Alegi, Gabiria, Beasainmendi, Aztiria, Garin, Gudugarreta, San Gregorio eta gure izendegiko abar luze bat bezalaxe.
Beraz, Goierriko izendun toki bat gaur egun herri edo auzo izatea unean uneko egoeraren araberakoa da. Arriaranen kasua azaltzeak balio lezake Goierriko beste toki batzuena ulertzeko.
XIX. mendeko erreformen bidegurutze hartan Arriaran Itsasoko auzo bihurtzea zen logikoena; alabaina, borroka luze eta latz baten ondoren, 1927an Arriarango biztanleek Itsasori bizkarra eman eta Beasainera igarotzea lortu zuten. 2027an beteko denez gertaera haren 100. urteurrena, abagune ona izan daiteke hausnartzeko erabaki zuzena izan ote zen Arriaranentzat. Beasainentzat ziur baietz, Itsasorentzat ziur ezetz. Historiak irabazleak eta galtzaileak sortzeko talentu paregabea dauka.
San Pedro jaiak ospatu berri ditugu joan den larunbatean. Egun ederra joan zen, egia esan, urtero bezala. Eskertzekoak dira jaiak auzolanean antolatzeko batzuek –gutxiegik– hartzen dituzten lanak eta pozgarria ere bai belaunaldi desberdinetako jendea mahai beraren bueltan ikustea. Gabezia bakarra: mahai horretan belaunaldi gazteenen proportzioa ez dela nahi genukeena.
Arriaran izena aspaldi asmatu zuten gure aurrekoek. Izana asmatzea gure esku dago. ■