Urki iletsua (Betula pubescens Ehrh.)
Urki iletsua Betula generoko zuhaitza da, Europa osoan nahiko ugaria dena. Euskal Herrian eragin handia izan du toponimian, eta urkiekin zerikusia duten abizen ugari daude (Urkiaga, Urkidi, Urkizu, Urkiola…). Urki dilindaria ez bezala, hau beti hazten da ura dagoen ingurunetatik gertu.
Deskribapena
Urkia hostoerorkorra da. Haren hostoak (4/6 x 3/5 cm) sinpleak dira, triangelu-formakoak edo erronboideak. Ertz zerradunak ditu, eta, azpialdean, nerbioen inguruan, ileak izaten ditu.
Landare monoikoa da. Lore arrak eta emeak gerbatan (4/5 x 3,5/4,5 mm) daude antolatuta. Lore arrak berdeak dira, eta emeak, purpurak. Fruitu lehor hegaldunak izaten ditu.
Azala leuna izaten du, baina xafla horizontalak galtzen ditu. Gaztetan, azal gorrizta izaten du, baina, heltzean, zuria da, eta, zerrendak erortzen zaizkion lekuan, beltza.
- Ekologia. Basoetako leku hezeak eta erreka-bazterrak. Lurzoru silizeoak ditu gustuko.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Apirila-maiatza.
- Tamaina. 20 m.
- Altitudea. 0-1.500 m.
- Erlazionatutako habitatak. Hariztia, pagadia eta ameztia.
Oharra
Ez nahasi urki ilegabearekin (Betula pendula). Haren urteko adar eta kimuak iletsuak izaten dira, eta urki iledunarenak, berriz, ez. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.