Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Uztaila iristearekin bat, lanean komuneko papera gastatzen hasi da. Laster izango dugu paper banatzailea gurean, berak ondo baitaki zer den enpresa batek martxan segi dezan oinarrizko elementua.
Pandemia garaian komuneko paperarekin bezala, une batzuetan oinarrizkoetara mugatzeko eta oinarrizkora mugitzeko beharra izaten dugu. Faktore ezberdinengatik, gure zentrotik urruntzen gara inertziaz, ikusi eta ikasitakoen ereduari jarraituz. Hor badago ariketa kontziente bat egiteko beharra, nondik gatozen, nora goazen eta nondik aritzen garen lantzeko beharra. Tripetatik ari garelako batzuetan, baina baita ere jaso eta ikasitakoetatik. Horregatik, arnasa sakon hartu, gure buruari erreparatu, eta isiluneetarako tarte bat probokatu behar izaten da. Sinfonia ederrenek ere behar baitituzte beraien isiluneak.
Uda garaiak isiltasuna eta zarata, biak dakarzkigu. Isiltasuna, ikasturteko lanak, buruhausteak eta estresak pixka bat baretzen dituelako. Zarata, berriz, udaz gozatzen ari garela erakutsi/sentitu beharretik. Itxurakeriaz harago, orekak bilatzeko saiakera.
Oreka. Ze gauza konplexua den, bereziki erakunde mailako irakurketa egitean. Esango nuke ohiko enpresa kapitalistetan kapitala eta bizitzaren arteko oreka (eta desoreka) atal sindikalaren eta zuzendaritza/jabearen arteko indar harremanek markatzen dutela. Inpresioa daukat, baina, pertsona erdigunean duten erakundeetan, oreka hori mantentzea gero eta konplexuagoa dela. Pasatu garela, zenbait kasutan, proiektua helburu bakarra izatetik, balantza irauli eta guztiaren gainetik norbanakoen eskubideak jartzera. Ahaztuta, akaso, proiektuen bizigarritasun eta bideragarritasunak hiru erpinen arteko oreka behar duela: proiektua, taldea eta norbanakoa. Horrek soilik egingo du gure proiektua bideragarri. Horrek soilik egingo du posible eraldaketa. ■