Angel Irigoras • Zegama
Erabili zituzten 170dik gora preso-esklabu-langileren izenak jasoak ditugu. Haien oroimenez, 2017an, plakatxo bat jarri genuen herritar batzuek, oroimen modura, herrian lotara erretiratzen ziren barrakoiak egon ziren parajean, nahiz bi egunera garaiko udalak kendu zuen.
Gaurko honetan, Zegamako tren historiaren trilogia bukatzearren, Tunel Haundiko tren-apeaderora doan bidea egiten ibili zituzten presoei buruzko aipamen bat egitera nator.
Oazurtzako –Tunel Haundi– tren-apeaderoa eta bertara doan kaminoa egiten, besteak beste, Destacamento Penal de Cegama-ko (1942-1944) errepublikar-preso-esklabu-langileak izan zituzten, Batallones Disciplinarios de Soldados Trabajadores ere deitutako kideak, herriko edo aldamenetako herrietako langile zibil batzuekin batera.
Langile-preso-esklabu- bezala ziren ezagunak, eta enpresa handi ezberdinetan erabili zituzten langileak esku-lan-merke bezala, tartean, garaiko Renfen, Zeraingo meategietan, Zumarragan… Zegaman, lehen aipamena Otzaurte da (1940). Zegamatik Altsasura bidean dagoen Apeaderoko bidea eraikitzen (GI-3251) erabili zituzten.
Honela, 1942ko abuztuaren 22an, Zegamara ekarri zituzten 85 bat preso. Destacamento Penal de Cegama deitura izan zuten harrezkero. Presoen barrakoiak eta Alkoholera (tximinia dago) Aitxuri herri eskola dagoen eremuan egon ziren kokatuak.
Formazioan, lo leku barrakoietatik, Gorospela baserri aurretik joan etorria egiten zuten egunero. Hainbat pasarte kontatu zituen beraiekin gazte-laguntzaile lanean ibili zen Gorospelako Sinforo Alzolak (2005); pasa zuten gosea, protestak… Lan uzteak, borroka… egin behar izan zuten nagusi militar-frankisten harrokeria eta prepotentzia medio… Bai, ofizial batzuren izenak, eta gehiago langileenak, aipatu zizkidan. Izugarrizko adiskidetasuna egin zuen haietako askorekin, gerora haien bizi herrietara joan zelarik bisitan.
Gaur egun ere, bere alargunak, Arantxak, gauza asko gogoan ez ezik, besteak beste, preso haietako baten tabako-pipa bat etxean du. Gaurko presoak ez bezala, ia, zaindaririk gabe egoten omen ziren barrakoietan, herrian bueltak ematen omen zituzten… igandetan jai ematen zieten, jakina, agian, lan egitea pekatu zelako ofizial militar-frankista haientzat..
Igandetan, preso asko izaten ziren baserrietara lanera joaten zirenak, lan gehien izaten zen garaian; eta oso gustura gainera, zeren bazekiten dirurik ez, baina egun hartan jatekoa eta hartu-eman ederra izango zutela. Izan ziren herriko emakumeekin ezkonduak eta herritar izan genituenak ere.
Bertan preso-esklabu-langile erabili zituzten 170dik gorakoen izenak jasoak ditugu. Haien oroimenez, 2017an, herritar batzuk, oroimen modura, halako plakatxo bat jarri genuen, herrian, lotara erretiratzen ziren barrakoiak egon ziren parajean, nahiz bi egunera garaiko udalak kendu egin zuen…
Bai, Zegamak Tren-Apeaderoko bidea egin zuten preso-esklabu-langile haiei oroimena zor diela jarraitzen dut pentsatzen, baita haien senideei eta beste hainbesteri ere… ■