Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Zumarraga eta Urretxu aldean, beste herri askotan bezala, festetan jarraitzen dugu. Zumarragakoak pasata Geltokietakoak datoz asteburu honetan bertan. Geltokietako jaiek beti izan dute niretzat kutsu gozoa eta alaia, uda kolorea, beroa, gogoa eta dibertsioa. Gogoan daukat oraindik geltokietako festetako parrandatik lo pixka bat eginda San Ferminetara joan izandako garaiak. Gaztetakoak, alegia. Batzuetan iruditzen zait, sasoi jakin batean egindakoak markatzen dituela betirako egoera batzuk; izan ere, jai horiek hango begiekin ikusten baititut oraindik. Aurten, ordea, ikusle izan naiz nagusiki Zumarragako jaietan. Etxekoak han edo hemen ekitaldiren batean parte hartzen zutelako, festak bizi baino, ikusi egin ditut, hori ere bizitzeko modua bada ere. Jaietako ekitaldi batzuk antolatzeko mugitzen den guztiaren ikusle izan naiz: entseguak, jantziak, atsedenaldiak, nekea, urduritasuna, zalantzak, presak, egindakoarekin ase betetzea…
Eta ekitaldi horietako batzuetan parte-hartze maila eta joan etorria nolakoa den ere behatu ahal izan dut. Danborradak, esaterako: hain txikia haurrena, hain jendetsua helduena. Oraindik ere ez naiz gai haurren danborradaren ahultasuna ulertzeko eta bata eta besteren arteko parte-hartze maila ezberdinari azalpen bat aurkitzeko. Edota Antioko egunaren momentu ezberdinetan ematen den jende bilakaera; zein ordutan igotzen den jendea, nola jarraitzen ditugun dantzariak, zenbat eskari edo esker on egiten zaizkion amatxori gure mezua kandeletan piztuta, nolakoa den jaitsiera. Igande goizeko Artisauen Azoka eta hemen inguruko artistek duten maila bikaina. Elektrotxarangen eta txarangen arrakasta, batez ere gazteen artean, Hamelingo Flautista eta arratoitxoak bailiran haien atzetik, festa giroan. Txosnatako musika eskaintzaren aniztasuna. Zezen plazaren ekitaldien jira-bira jendetsua. Herriko hainbat kultur, musika, dantza talde eta eragilek festari emandako hainbat tarte eta saio….
Egun hauetan, Geltokietako jaietan ere, festak biraka hasteko aurretik ondo koipeztatutako makineria martxan jarriko da. Egitaraua osatzen hasteko egin zen lehen bileraren data jada ez da gogoratuko. Eszenatokiko argiak piztu aurretik zenbat lan egin ote den inork ez du jakingo. Tabernan ogitarteko gehiago egin ahal izateko ogi eskaera berezia egiteaz azken orduan gogoratu denaren sustoa ez da nabarmenduko. Eta ez da ezagutuko ere, festetako kamiseta hori hurrengo egunean berriro lehor eta prest egoteko noiz jarri ote den azkeneko garbigailua. ■