Beasaingoa jaiotzez, Ataunen bizi izandakoa, eta Ordiziakoa gaur.Bederatzi urteren ondoren, Ordizia Orain taldeko zinegotzi izateari utzi dio Mila Sukiak (Beasain, 1962) maiatza amaieran, Julen Iraolari erreleboa emanda. Udaleko lana utzi arren, lehen lerroan jarraituko du ordiziarren alde lanean, abokatu gisa dituen zereginekin partekatuz denbora.
Ez zara Ordizian jaioa.
Ez. Gurasoak Ordiziakoak ziren, ni Beasainen jaio nintzen, eta lau aiton-amonak Ataungoak ziren. Aitak Beasainen lan egiten zuen, hasieran CAFen eta gero Estandan, eta nik uste dut ezkontzean joan zirela hara. Amak ultramarinos edo jangai denda bat zuen Nafarroako etorbidean, Maritxuren denda, eta gainean bizi ginen. Dendan denbora asko egiten genuen.
Lan egiten al zenuen han?
Zazpi anai-arrebetatik gazteena nintzen, eta ez dut gogoan lan egin nuenik, baina zaharrenak ibiliko ziren, seguru. Gero bai, amak denda utzi zuenean Nekane ahizpa zaharrenak han jarri zuen ile apaindegian, buruak garbitzen, erruloak jartzen, permanenteak egiten… ilea moztea kenduta, denetik egiten nuen.
Baina ikastea erabaki zenuen.
Bai, lehenengo mojetan ikasi nuen, eta institutuan dagoeneko garbi nuen ikasten jarraitu nahi nuela, eta Zuzenbidea egin nahi nuela ere bai, injustiziaren aurka egiteko edo. Donostian ikasi nuen.
Aldaketa handia izan al zen Beasaindik Donostiara joatea?
Ni nahiko ausarta nintzen alde horretatik, eta berehala egin nintzen. Hala ere, Donostian hasi aurretik etxetik egin nuen ikasturte bat, Bergarako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean, UNED-en. Gero, Donostiara, trenez ibiltzen nintzen. Goizean joan eta iluntzean etorri, egun osoa egiten nuen. Gainera, bi urtez lankidetza beka batekin lanean egon nintzen liburutegian.
Zein adar aukeratu zenuen Zuzenbidean?
Nire asmoa zen doktoretza tesia egitea, baina karrera 1988ko uztailean bukatu eta praktikak egiten hasi nintzen berehala, Ordiziako IKM Aholkularitzan, eta han geratu nintzen. IKMko abokatua eta gaur nire bikotea dena, Kepa Korta, herriko alkate zen orduan eta gero zinegotzi, eta nire gain utzi zuen bere lana.
Oraindik IKMn zaude?
Bai. 2005ean hiru langile emakumeok erosi, eta kooperatiba bat sortu genuen, IKM Aholkularitza Koop. E. Emakumeon burujabetzarekin eta sentimendu feministarekin jantzia naiz, txiki-txikitatik. Beharbada familiatik dator. Etxeko txikiena nintzen, bost ahizpa zaharragoak nituen, eta nire aurretikoa mutil bakarra zen, baina nahiko feminista bera ere.
Nolako lana egiten duzue IKMn?
Enpresa aholkularitza da gure jardun nagusia, baina partikularren aholkularitza ere eramaten dugu, denetik: zibila, administratiboa, penala, dibortzioak, kontratuak, merkantila… Lanik ez da falta.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Hasieran oso argi nuen penalaren arloan lan egin nahi nuela, baina hemen bizi gara, eta hemen ezin zara espezializatu, denetik egin behar duzu. Urte asko daramatzat lanean, 1988an kolegiatu nintzen, eta lan asko eta oso desberdinak egin ditut, ezingo nuke esan zein den gehien gustatzen zaidana. Baina argi dudana da bitartekaritza oso inportantea dela. Ezer judizializatu baino lehen, bitartekaritzaren bidez saiatu beharko ginateke arazoak konpontzen. Epaiketa bat garestiagoa eta luzeagoa da, energia gehiago eskatzen dizu.
Kasuren bat gogoratzen duzu bereziki?
Gauza asko pasatu ditugu. Zerbait aipatzearren, intsumisoen tramiteak guk egiten genituen, dohain.
Noiztik bizi zara Ordizian?
Karrera bukatutakoan, Ataunera joan nintzen, eta bederatzi urte egin nituen. Nire lehen semea jaio zenean, 1996ean Ordiziara etorri ginen, eta hemen jarraitzen dut. Bi seme-alaba ditut.
Noiz eta nola hasi zinen politikan?
Garai hartan gure gizartea oso politizatuta zegoen. Mojetan ikasten ari ginela grebak egiten genituen, La Salle CAFen saskibaloian jokatzen nuenean, Espainiako txapelketarako sailkatu ginen, eta ikurrinarekin joan ginen, 1977ko Amnistiaren Aldeko Astea eta Askatasunaren Ibilaldia gogoratzen ditut, estatuak ezarritako salbuespen egoera ere bai, lan eta politika arloko greba gogorrak… Oso politizatuta geunden, nahi eta nahi ez, denok geunden politikaz ukituta, eta muturra gehiago sartu nahi zuenak erraza zuen.
Eta zuk muturra sartu zenuen.
Bai, inplikatu nintzen, baina asko ere ez. Gogoan dut 17 urte nituela Goierrin gose greba bat egin zela, eta ni ere han izan nintzela. Sentsibilitate bat banuen, egia da, baina ez bakarrik abertzaletasunaren aldetik, baita injustiziaren ingurukoa ere.
Hain zuzen, abertzaletasunetik kanpoko aukera politikoaren alde egin duzu.
Bai, eta ez, ez da hain sinplea. Bizi gara bizi garen tokian. Bere garaian, ezker abertzalea gauza bat zen, baina eboluzionatu egin da, podemizatu egin da. Gaurko errealitatea ez da garai batekoa, lehen denak ari ginen lanean eta borrokan egoera konpontzeko edo hobetzeko, eta lortu dugu gaurkoa, nahiz eta orain dugun egoera ez den egokiena nire ustez. Beraz, zergatik ez denak elkartu federalismo edo horrelako figura baten barruan, nortasuna oso garbi edukita?
Horregatik sartu zinen Podemos alderdian?
Podemos duela 10 urte sortu zenean, Ordiziako aurkezpenera joan nintzen. Oso proiektu jatorra iruditu zitzaidan, abertzaletasunetik kanpokoa. Hunkitu egin ninduen. Gutxira, zerrendan joango ote nintzen galdetu zidaten, eta hasieran udalean ez nuela lan egin nahi esan nien, etxean, senarraren esperientziarekin nahiko izan nuelako. Baina norbaitek egin behar zuela, ni emakume izanda egokia izan nintekeela esan zidaten, eta azkenean baiezkoa esan nuen.
Aurretik ez zeunden inolako alderditan nahastuta?
Ez. Urtetan ezker abertzaleari eman nion bozka, eta Oldartzen Ponentziaren saio batzuetan ere izan nintzen, nahiz eta ados ez egon harekin. Egia esan, nire ideologia propioa nuen, eta Podemosen ikusi nuen lan egiteko proiektu egokia izan zitekeela.
Zerk erakarri zintuen Podemosetik?
Ni oso asanblearioa naiz, gauzak erabakitzeko eta egiteko denon artean egin behar dugula uste dut, sistema bertikalean ez dut sinisten. Herri txiki batean lan egiteko bide egokiagorik ez dut ikusten. Horrelakoa da Podemosekoa.
Aurkeztu, eta ordezkaritza lortu zenuten.
Bi zinegotzi. Sinestezina izan zen, ez genuen espero. Egia da herri txikietan politika ez dela herri handietan bezala, beste gauza bat da, pertsonalagoa, gehiago bozkatzen zaio pertsonari alderdiari baino. Garai hartan, gainera, Podemos gailurrean zegoen, eta Ordizian hauteskunde orokorretan gehien bozkatutako alderdia izan zen. Dena lotuta zegoen.
Bi legealdi egin dituzu.
Bi, eta hirugarrenaren urte bat. Maiatza bukaeran eman nuen dimisioa.
Zergatik dimititu duzu?
Hasi nintzenean bi legealdi egongo nintzela esan nuen. Azkenean jendeak Podemosen aurpegi gisa identifikatzen zaitu, proiektu politikoa pertsonalizatu egiten du, eta hori ez zait gustatzen, taldea garelako. Hirugarren legealdirako ere prestatu nintzen, gure zerrendaburua izan behar zenak azken unean ezin izan zuelako eta ordezko bat prestatzeko denborarik eman ez zigulako. Baina orain badugu bat, eta horregatik utzi dut zinegotzi kargua.
Esku onetan utzi duzu.
Bai, Julen Iraola da nire ordezkoa. Gaztea eta ondo prestatutakoa da. Hala ere, pertsonak ez dira garrantzitsuak, proiektua baizik.
Nola zegoen Ordizia sartu zinenean, eta nola utzi duzu?
Berdin, esango nuke. Bederatzi urte hauetan bi alkate desberdin egon dira, EAJkoa lehena, EH Bildukoa oraingoa. Berriz azpimarratu nahi dut udal politikan pertsonak zein inportanteak diren. Bi alkateak oso diferenteak dira.
Zein alderdirekin moldatu zarete hobeto?
Ez dira alderdiak, pertsonak baizik. EAJko Jose Miguel Santamariarekin esperientzia oso txarra izan genuen, nahiz eta alkatetzara gure laguntzarekin iritsi zen. Gu gobernu hartako giltza izan ginen, eta oraingoan ere bai. Lehen aldian gure alderdiko batzarrak erabaki zuen Bilduri botoa ez ematea, batez ere zabor bilketarekin egin zuten kudeaketagatik. Beraz, EAJk lortu zuen alkatetza, baina gu oposiziora pasa ginen.
Oposizioan egon zarete beti.
Bigarren legealdian ere oposizioan egon ginen, nahiz eta EH Bildurekin eta Adur Ezenarro alkatearekin oso harreman estua izan genuen beti. Baina distantzia mantentzea garrantzitsua dela uste dugu, bestela xurgatu egiten zaituzte. Eta oposizioan egon gara, beti hor. Hirugarren legealdian ere berdin, oposizioan gaude, ez dugulako gure planteamendua ateratzea lortu, eta horretan ari gara.
Zein da urte hauetako balorazioa?
Nik pentsatzen dut beti aurrera egin behar dela, eta Miguel Calvillok esaten zuena gogoratzen dut: «Esatetik, egitera pasa behar da». Nire ustez ausardia falta da udal politikan, ikusi non dagoen arazoa, edo zer eta nola konpondu behar den, eta egin. Ausardi hori bota dut faltan. Badakit ez dela erraza. Senarrak beti esaten dit ez dudala inoiz udal bat kudeatu, eta ez dakidala. Ulertzen dut dena mantso doala, baina erabakiak hartu behar dira, eta egin.
Zer dago egiteko Ordizian?
Urteak dira erronka eta aukera handi bat dugula herrian dagoen migrazio kopuru handiarekin. Horren ondorioz, eskola publikoarekin segregazio arazo larria daukagu, adibidez. Horri heldu behar zaio, egin, lehen esan dudan bezala. Goazen lantzera hori, ezin dugu gauzak bere kabuz kudeatzen utzi. Alor honetan lan polita egiten ari da udal teknikaria, baina ez da nahikoa. Apustu integrala egin behar da, proiektu indartsu bat behar dugu, eskola, iristen diren gazteak… alor guztiak kontuan hartuko dituena.
Migrazioaren gaia, eta zerbait gehiago?
Bai, Ordizian giza eskubideen urraketa asko eman dira. Hamabi pertsona hil dira urte hauetan, torturak egon dira… Hitz dezagun horretaz, egin dezagun kasu horien aitortza soziala.
Biak dira gizarte gaiak.
Bai. Nire ustez udal politika ez da bakarrik igogailuak jartzea. Inportantea da parke bat estaltzea edo aparkalekuak sortzea, baina niretzat inportanteena da jendea.
Orain zer egingo duzu?
Taldean jarraitzen dut, udaleko lana utzi dut bakarrik. Astelehenero biltzen gara Jakes etxean 18:30ean, eta jendea hartzeko prest gaude. Guk udal politika denon artean erabakitzen dugu. ■
Landetako hondartzak, milaren txokoa
Irudi nostalgikoa aukeratu du Mila Sukiak bere argazki kuttuntzat. Hondartza, ilunabarra, eta Rock. «Hamabi urtez egunero lagun izan ondoren, Rockek apirilean utzi gintuen. Landetako hondartza luze eta lasai haietan gozatzen zuen. Faltan botatzen zaitugu!».
Milaren txoko berezia da irudiko hondartza. «Udazkenetik udaberrira gutxi ibiltzen diren hondartza horiek, guretzat bakarrik baleude bezala. Etxetik gertu, goi denboralditik kanpo, paraje hauek nire txokoa dira, zaratarik gabe eta soseguari begira, Silvio Rodriguez entzuten, eta maite dudan pertsonaren ondoan; leku berezia, non zero minututik aurrera korrika egiten ez duen zero minutu bat den». Etxeko gazteek ere ingurune honetaz gozatzen dutela dio.
Etxekoak aipatuta, horiei eskerrak emateko baliatu du: «Eskerrik asko familia: Kepa, Iker eta Garazi, Ainitze, Xabi…». Eta alderdi politikoa eta beste hainbat ere ez ditu ahazteko: «Eskerrik asko nire talde politikoari, Marisoli batez ere, eta proiektu honetan sinisten duten pertsona guztiei. Baita nire lankideei ere, eta, nola ez, Trio Lalala-ri».