Herriko gazteak «urte osoan zehar» lanean aritzen dira jaietako egitaraua prestatzen, batez ere, txoznagunearen antolakuntzan. Datorren astean hasiko dira Santa Ana jaiak.
Ordiziarrak jada atzera kontua egiten hasiak dira Santa Ana jaietarako. Datorren astean jaia lehertuko da bertan eta ekintza desberdin ugari izango dituzte jaietan. Ekintza horietako zenbaiten antolatzaile dira gazteak eta antolakuntza espazio propioak ere badituzte jaietarako. Asteburu honetan jada futbol txapelketako finalak eta herri bazkaria izango dituzte eta jai giroan murgilduko dira.
Herriko gazteak «urte osoan zehar» lanean aritzen dira jaietako egitaraua prestatzen eta batez ere, txoznagunearen antolakuntzan. Aurten ere hala egin dute eta, beste urte batez, jai guztietarako «ekintza desberdinez osatutako egitaraua» aurkeztuko dute. Diotenaren arabera, antolakuntzan aritzea haientzat «sekulako plazera» da, herritarrentzat eta bereziki herriko gazteentzat halako espazioak sortzea «garrantzitsua» iruditzen baitzaie, baina «plazeretik haratago» doan zerbait dela aipatzen dute, alegia, «konpromisoan» oinarritutako hautua dela bertan parte hartzea. Hau hala izanik, egun horietan dena «ahal bezain ondoen» joateko egiten dute lan urtean zehar. Aurten ere kontzertuak antolatzeaz gain bizipoteoa eta gazte eguna ere antolatu dituzte, herriko gazteen ekintza «gustukoenak» direla badakite eta. Herriko gazte ugarik hartzen dute parte bertan urtez urte eta aurtengoan «ez dute zalantzarik hala izango dela», izan ere, bizikletak prestatzen ari dira jada, Ordiziako tabernetan barrena mugitu eta lagunartean «egun ederra» pasatzeko asmoz.
Parte hartzeko deia
Kontzertuei dagokienean ez dute aurrerapen gehiegirik egin, baina herriko talderen bat izango da bertan, baita kanpotik etorritakoak ere, eta DJ ugari. Beraz, «egitarau osatua» izango dela aipatu dute. «Giro ona» bilatuko dute antolakuntzatik: «Giro herrikoi eta osasuntsu batean igaro nahi ditugu jaiak eta hori hala izan dadin arituko gara jaietan ere lanean». Herriko gazteei txoznen antolakuntzan parte hartzera animatzeko deia egiten diete, guztientzako jaiak guztien artean antolatu ditzaten eta herriko gazteen arteko harremanak sendotu eta estutzeko modu gisa ere baliogarria izan daitezkeelako espazio horiek. Atzera kontua hasi dute eta «prest eta gogotsu» daude jaietarako. ■