AMOC izeneko Ipar Atlantikoko korronteak hezetasuna eta beroa igortzen ditu Europar kontinente aldera. Korronte horren egoerak alarma guztiak piztu ditu, fluxua balio minimoetan dagoela ohartarazi baitute adituek.
Ozeanoak Lur planetako klimaren erregulaziorako giltzarria dira: eskala planetarioko ur korronte bero eta hotzen arteko zirkulazioak leku bakoitzeko ezaugarri klimatikoetan eragin zuzena dauka. AMOC (Atlantic Meridional Overturning Circulation) deituriko Ipar Atlantikoko korronte batek hezetasuna eta beroa igortzen du Europar kontinente aldera eta, horri esker, Europa klima atsegina duen eremua da orokorrean.
Latitude berean dauden beste leku batzuekin alderatuz (Kanada edo Siberiaren hegoaldea, esaterako), Europar kontinentean klima heze eta epelagoa da eta horrek bertan bizitzeko baldintzak asko hobetzen ditu. Dena den, azken hilabeteetan AMOC deituriko korronte horren egoerak alarma guztiak piztu ditu.
AMOC korrontea joan zen mendeko 60. hamarkadatik ikertzen bada ere, azken hilabeteetan argitaratu diren ikerketa zientifiko entzutetsu batzuek korronte horren fluxua azken 10.000 urteetako balio minimoetan dagoela jakinarazi dute, eta horrez gain, korronte horren kolapsoa hamarkada gutxian gerta daitekeela ohartarazi dute. Science Advances mundu mailako erreferentea den aldizkarian argitaratu den azken txostenak, kolapso hau 2030etik hurbil gerta daitekeela ebazten du. Gertakari horrek, Europan hamarkada bakoitzean batezbesteko tenperaturetan 3ºC-ko jaitsiera bat eragin dezakeela ohartarazten dute adituek, baita muturreko gertakari meteorologikoak ugaritu daitezkeela ere. Hori horrela balitz, Europar kontinentearen zati handi bat ezin bizizko eremuak bilakatuko liratekeela diote: «Montpellier-tik gora, dena izotza litzateke» zioen Antonio Turiel CSIC-eko ikerlariak berriki eginiko elkarrizketa batean. Korronte horren gelditzeak, era berean, ipar hemisferioko zona tropikalak eta ekuatorialak gehiegi berotzea ekarriko luke, mundu mailako inpaktu larri gehiago eraginez.
Arrisku erreala
Zientziak argi eta garbi esaten du: ziurgabetasuna dago, baina Ipar Atlantikoko korronte hori urte gutxian gelditzeko arriskua erreala da. Horren eragina hain azkarra eta handia izango litzatekeenez, adituen ustez ez litzateke egoera aldaketara egokitzeko aukerarik egongo.
Anarik abesti batean dioen moduan. «gauza handienek ez dute zaratarik egiten haustean». Eta gu, beti bezala, danbatekoaren zain, ezer egin gabe. ■