Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Pakito Arriaranen iloba txikiak, bera ere Arriaran, esan dit ez duela Arriaran sekula zapaldu. Arriaran Arriaranen inoiz ez dela egon entzuteak halako desdoitze baten irudipena eragin digu, bai esaleari bai entzuleari. Bai, Arriaranek Arriaranen egon beharko lukeelakoa pentsarazi digu, gauzak bere onera etorriko badira. Guernica Gernikara! Ez da erosoa unibertsoan zerbait gaizki joateak eragiten duen zomorro-hotsa. Akufenoetan gogorrena omen da.
Ainhoan izan ez diren zenbat Ainhoa ezagutzen ditugu? Lierni edo Antio zapaldu ez duen Lierni edo Aintziñerik bada? Irati ikusi ez duen Iratirik? Dozenaka Arantxak festa egiten dute urtero Arantzazun. Jose Mujika bera ere iritsi zen Muxikara edo Filipinetako legazpiarrak ere, sarritan, etorri izan dira Europako Legazpira.
Toki-izenetatik harago ere, gaileta-marka borobilena sekula jan ez duen Mariarik bada? Ikerketan ez dabilen Ikerrik? Aitortzaren bat jaso ez duen Aitorrik? Mercedes bat erosteko pentsamendurik izan ez duen Mertxerik? Hegan egiten ez duen Enararik? Bihurria ez den Zigorrik? Nork dio izenak ez gaituela egiten?
Urtero izaten omen da Arriaran abizendunen bazkaria. Erroek edo erraiek bazkari hori Arriaranera ekartzeko eskatzen digute aldarrika. Guk geuk ez daukagu argi, eta, ziurrenik, kanpoko ikuspuntua duenaren iritzia beharko genuke, baina arriarandarren bi tribuak, herritarrak eta abizendunak, elkartuko bagenitu, mundua ez litzateke zertxobait hobea? Horri ezetz erantzuterik badago? Eman iritzia lasai.
2027an, 100 urte beteko dira Arriaran Itsasotik irten eta Beasainek besarkatu zuela. Horren aurretik antolatzekotan geratu gara. Ekitaldi xumea egingo genuke. Otordua eta kantua nagusi. Hasieran, hori bai, ikertzaile baten azalpenak izango dira. Iker Sanchorentzat lana. ■