Euskal Herri osoan ondare immaterial izendapena eta babes-neurria dauka bertsolaritzak. Ondare hori biziberritzen berebiziko papera eduki duten bertso eskolek, berriz, 50 urte bete dituzte. Goierrin 1982koa da lehena.
Euskal Herriko bertso eskolek 50 urte bete dituzte. 1974an sortu zuten lehenbizikoa, Leintz bailarako Almen ikastolan, Aretxabaletan, Patxi Goikoleak, Santi Iparragirrek eta Juanito Akizuk. 125 haurrek eman zuten izena. 1983ra bitartean, herri askotan zabaldu zen metodologia hori, asko ikastoletan. Juanito Dorronsoro maisu ataundarrak, adibidez, Zumaiako ikastolan klase orduetan sartu zuen bertsolaritza, 1975ean.
Goierrira, ernetze-hamarraldi horren amaiera aldera iritsi zen mugimendua. 1982an, Ordiziako Argi Berri elkarteko kideek antolatu zuten Goierriko Bertso Eskola. Hiru-bat urte lehenago hasi ziren Pedro Irastortza eta Joxemari Barandiaran gaztetxoekin bertsolaritza nola landu zitekeen pentsatzen. Ordiziako erdal giroak kezkatzen zituen, bertako jendearen artean eta kalean gaztelania zelako nagusi. Patxi Goikolearengana eta Euxebio Igartzabal bertsolariarengana jo zuten, aholku eske.
Bilera eragileekin
Bertso eskola 1982an sortu bazuten ere, 1981a urte erabakigarria izan zen. 1981eko ekainaren 15ean, Beasaingo Alkartasuna Lizeoan bilera egin zuten, zer egin pentsatzeko. Han ziren Joxemari Barandiaran, Andoni Eskisabel, Mikel Mendizabal, Iñaki Zubeldia, Andoni Sarriegi, Joxean Ormazabal, Arantxa Sarriegi, Xanti Garmendia, Xabier Albizu… Eskolak emateko gela, materiala eta irakasleen ordaina zehaztu zituzten: Ordiziako Barrena jauregiko gela bat, altzari, irrati-kasete eta liburuak, eta orduko 1.000 pezeta.
Goierri beheko udal askorekin lehen lankidetza-hitzarmenak sinatu zituzten. Ataun, Beasain, Itsasondo, Idiazabal, Lazkao, Ormaiztegi, Segura, Ordizia, Zaldibia eta Zerainek sinatu zuten. 1982ko apirilean, bertso eskolaren ardura zuzena izango zuen taldea osatu zuten. Argi Berri elkarteko Juan Mari Garmendia, Pedro Irastortza eta Joxemari Barandiaran; Santi Garmendia, Arantxa Sarriegi eta Jesus Goikoetxea irakasleak; eta Mikel Mendizabal, Euxebio Igartzabal eta Iñaki Murua bertsolariak.
1982ko lehen ikasturtean, 56 ikaslek eman zuten izena. Mikel Mendizabal hasi zen irakasle. ■