Azken bi ostiraletan erle erreginak markatzen ikasteko saio praktikoak egin dituzte Zaldibiako Goizane eraikinean. Urtearen arabera, kolore desberdin batekin margotzen dituzte erlauntza bakoitzeko erreginak.
Erle erregina da erlauntzako eme ugalkor bakarra. Izenagatik koloniaren burua bera dela badirudi ere, erregina kontrolatzen dutenak erle langileak dira. Horiek dira erregina berria noiz hazi eta zaharra ordezkatu erabakitzen dutenak. Erreginaren eginkizun nagusia arrautzak errutea da, egunean 2.000 arte. Horrez gain, erlauntzari kohesioa emateaz arduratzen da, baraila-guruinaren bidez feromonak igortzen baititu etengabe.
Kolonia umezurtz gelditzen denean edo erlekumea botatzea erabakitzen duenean, aurrekoa ordezkatzeko erregina berriak sortu behar dira. Horretarako, beharrezkoa da erlauntzan hiru egun baino gutxiagoko larbak egotea. Erle erreginak erle langileen genetika berbera du, hortaz, edozein larba eme bihur daiteke erregina. Larba bat edo gehiago erregina gisa garatzeko, erle inudeek erregina-jelez soilik elikatuko dituzte, haien ahizpa langileak ez bezala. Erregina-jelea izango da erreginen dieta bakarra.
Erlamandoek ernaltzen duten erle bakarra da erregina, eta segituan arrautzak erruten hasten da erlauntzaren barrenetik kanpo aldera. Arrautza kopurua polenaren eta nektarraren araberakoa izaten da. Udaberrian jartzen ditu gehien, udan urritu egiten da kopurua, atzera udazkenean hazteko. Erle erreginek bi-hiru urteko bizialdia dute, baldin eta ez badira urtero aldatzen.
Markatzearen garrantzia
Erle erregina kontrolpean edukitzea da erlezainaren egitekoetako bat, eta horretarako erreginak markatzen hasi dira asko eta asko. Jakintza horretan sakontzeko, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak bi saio praktiko antolatu ditu azken bi ostiraletan Zaldibiako Goizane eraikinean. Balerdipeko Erleak ustiategiko Mattin Jauregi (Ikaztegieta, 1998) aritu da saio horiek gidatzen.
Orain sei urte erlezain modura hasia, ia bi urte daramatza profesional modura Inaxio Arin bazkidearekin batera. «Erlezaintza ikasketarik ez dago, oinarrizko gauzak ikasteko bakarrik. Formakuntza gehiago behar dugu, bereziki profesionalki instalatzeko, eta afizionatuek ere behar dute, erlezaintza gero eta lan teknikoagoa bihurtzen ari baita». Profesionalki ari diren erlezainek «erregina markatzeko ohitura dezentekoa» dutela dio, eta hori ikusita, jakintza hori partekatzea garrantzitsua zela iritzita erabaki zuten saiook antolatzea.
Hiru dira, Jauregiren arabera, erregina markatzearen abantailak: Erlauntza barruan aurkitzeko erraztasuna, erreginak alde egin duen ala ez egiaztatzea eta zer urtetako erregina den jakitea. «Pentsa, erlauntza batean 40.000 erle badaude, zaila da erreginak ikustea!». Desabantailak ere baditu, bi bereziki: Erleek erregina ez onartzea eta markatze prozesuan erreginari kalteak sortzea. «Egia da erlezain guztiak ez direla markatzearen aldekoak. Pintura produktu kimiko bat da, eta erleentzat naturalak ez diren usainak dauzka. Horregatik gerta daiteke ez onartzea. Eta ondo pintatu ezean, kaltea ere eragin diezaiokezu erreginari».
Bost koloreren bidez
Mundu mailan erabili ohi den estandarra erabiltzen dute hemen erreginak margotzeko. Errotulagailu bereziak edo azkazalak margotzeko potoen antzekoetan datozen pintura bereziak erabili ohi dira, eta bost dira koloreak bost urteko zikloak osatzeko. 1 eta 6 zenbakiarekin bukatzen direnak zuriz; 2 eta 7koak horiz; 3 eta 8koak gorriz; 4 eta 9koak berdez eta 5 eta 0koak urdinez.
«Erreginak bizkar parean, toraxa baino gorago, oskol gogor baten modukoa dauka, eta hor ondo itsasten da pintura. Hor inolako kalterik ez dio eragiten. Garrantzitsua da puntu hori zein den jakitea arazorik ez sortzeko», nabarmendu du. Gorri kolorez margotuta daudenak iaz markatutakoak dira, eta horrek badu garrantzia erlezainen artean. «Profesionalki ari garenok urteko erreginarekin lan egiten saiatzen gara, beraien ezti produkzioa handiagoa delako. Gorriek ezti produkzio onena izango dute aurten, baina igoal datorren urteari begira aldatzea komeni da, eta orduan, aurtengoa, berde kolorekoa sartuko genuke».
Jauregiren esanetan, Gipuzkoan ez dago erlezain profesional asko, «baina daudenak oso onak dira». Haiekin ikasi du erreginak markatzen, eta ibiliz eta ibiliz ere bai. «Erregina asko akabatu ditugu ondo markatzen ikasterako!». Ikastaroetan erlamandoak erabili dituzte saio praktikoak egiteko. «Horiek hiltzeak ez du horrenbeste garrantzirik, asko daude. Erreginaren antzekoa da neurriz, potoloa eta handia, baina ez dauka eztenik, eta eskuarekin hartzeko edo pintatzeko errazagoa da. Ikastaro hauen helburua maneiua hartzea da, beldurra kentzea, eta gero bakoitzak bere etxeko erleak markatzea».
Erleek erlezaina behar
Erleek ingurumenarentzat eta biodibertsitatearentzat betetzen duen «garrantzi handiko funtzioa» aldarrikatzearekin batera –loreen polinizazioa tartean–, Jauregik gogoratu du erlea gaur egun ez dela «basati bizitzeko gai», eta erlezainaren parte-hartzea «behar-beharrezko» duela. ■