1989an Zumalakarregi pastorala antzeztu zuten Altzaiko eta Lakarriko (Zuberoa) biztanleek. Zumalakarregi Museoa ireki berria zen eta antzezlana Ormaiztegira eraman zuten.
Orain dela 35 urte, 1989an, Zuberoako Altzai eta Lakarriko biztanleek elkarlanean Zumalakarregiren historia taularatzea erabaki zuten pastoral edo trajeria baten bitartez. Aldi berean, Ormaiztegiko herrian Zumalakarregi Museoa ireki berria zen, eta hura sustatzeko oso interesgarria iruditu zitzaien antzezlana herrira ekartzea. Udala eta antolatzaileak harremanetan jarri ziren eta lortu zuten horrelako ikuskizuna lehen aldiz Hego Euskal Herrira ekartzea eta pastoralek zuberotarrentzat duten garrantzi handia ezagutaraztea.
Niretzat abuztuaren 27a ez zen datarik egokiena, bete-betean oporretan harrapatu baininduen. Herrian ikusi eta gozatu ezin nuenez, Zuberoara joatea erabaki nuen. Hiru orduko bidaiaren ondoren, emaztea eta biok Lakarri herrixkan agertu ginen, lehen aldiz pastoral bat ikusteko asmoarekin. Inguruko zelai batean zegoen kokatuta eszenatokia, gainean musikariak, harmailak jendez gainezka eta Frantziako telebista ere presente. Bat-batean musikaz lagunduta parte hartzaile guztiak iritsi eta agertokira igo ziren. Lehen pheredikia aurkeztu zuten aurrena, eta ondoren Jelkhaldiak pastorala bera eta antzezpen zatiak.
Zumalakarregi Jeneralaren papera Jean-Baptiste Bassaber-ek egin zuen, Don Karlos-ena Jean Pierre Chuburu-k, Pankrazia emaztea antzezten Germaine Aran izan zen, Fernando VII.a Alain Bosco eta erregeordearen emazte lanetan Battitta Urruti aritu zen. Pastoralen idazlea Aita Junes Casenave izan zen, eta musika konposatzailea Niko Etxart. Pastorala osatu zuten pertsonaia (apaiza eta aldare mutilak, bi bandotako soldaduak borrokan, satanak, aingeruak, artzainak eta ardiak, Espainiako gortea) guztiak herriko jendeak antzeztu zituen.
Kantuz, bertsoz, dantzaz, jira eta bira, makilak astinduz goraipatu zuten Zumalakarregi, bere bizitzako pasarteak kontatuz.
Ekaitza bat-batean
Gidoian ez zegoen aurreikusita, baina pastoralaren erdialdera egundoko ekaitza sortu zen. Euria, haizea, tximista… bertan utzi zuten antzerkia, eta biharamunean errepikatu. Gutxienez, nik ateratako argazkiak geratu zitzaizkidan. Zorionez, gauean Bidaxuneko Agramondarren gazteluan ikuskizun handi batez gozatu ahal izan genuen.
Museoaren kafe tertulia
Ormaiztegin egin zuten pastoralari buruz ezer gutxi konta dezaket, prentsan irakurritakoak eta jendearen iritziak besterik ez.
Hogeita hamar urte bete zirenean, 2019an, Ondarearen Europako Jaurdunaldiak ospatzeko, Zumalakarregi Museoak pastoralari buruzko kafe tertulia bat antolatu zuen. Bertan izan ziren Ormaiztegiko pastoralaren antolakuntzako arduradunak: Arantza Kanpos garai hartako alkatea, Zeles Otamendi udal idazkari ohia, Elixabete Garmendia kazetaria eta Iparraldetik etorri ziren Allande Bouttin kazetaria, Patrick Queheille idazlea eta Niko Etxart musikaria. Etxart ausartu zen pastoraleko zati batzuk abesten. Zuberoa eta Ormaiztegi berriz ere elkarturik geratu ziren. ■