Izaro Intsausti • Dantzaria
Sanferminak bereziak dira, ezin ukatu. Euskal Herriko hiriburuak mundu osoan izaten du oihartzuna eta aurten dantza mundua izan dugu lehen lerroan balkoiko txupinazoko une hunkigarrian. Herritarrek aukeratutako Duguna dantza taldeko kideak izan dira txupina jaurti dutenak eta poza gutxi balitz, Aritz Ibañezek euskaraz egin du lehen hitza. Keinu txiki bezain adierazgarria jai hauen barnean! Badago aldea gabarrako egunean Bilboko balkoitik emandako irudiaren eta San Ferminetako txupinazo egunean Iruñeako balkoitik emandakoaren artean (batzuek izango dute zer hausnartu…).
Harrotasunez eta inbidiaz begiratu dut Iruñeara. Harrotasunez, dantza talde batek horrelako aitortza jasotzea ez delako egunero gertatzen eta inbidiaz inork ez duelako zalantzan jarri Dugunakoek egiten duten lana dantzaren eta euskararen alde.
Festen atarian gaude Ordizian eta soka-dantzen entseguak abiatu dugun honetan urtero batetik eta bestetik esamesak entzuten dira. Dantza taldeko zenbait kide, nahi baino gehiagotan, egiten dugunarekiko epaituak sentitu gara eta zama hori ez da erraza kudeatzen. Nahikoa lan izaten da soka-dantzak, urtez urte, antolatu eta dantzak irakasten eta honi esamesen aurrean «justifikatu» beharra gehitzen badiogu, motibazioak behera egiten du, noski.
Honekin ez diot zalantzan jarri behar ez denik (hala goaz egokitzen ohitura ezberdinak garai berrietara), baina esaten duguna noiz, nola eta non esaten dugun kontuan hartu beharko genuke, gaizki ulertuak ekidite aldera.
Honenbestez, jarri dezagun balioan dantza maisu-maistren lana eta zorionak, Duguna! Jasotako merezitako aitortzagatik. ■