Ainhoa Intxausti Berasategi (Segura, 1997) aurtengo Mari Murumendi Maratoiko irabazlea izan da. Garaile izateaz gain, errekor berria ere ezarri du eta kirolari segurarra ezustean harrapatu du horrek.
Noiz hasi zinen mendian lasterka egiten eta nondik datorkizu zaletasun hori?
Duela urte eta erdi egin nuen nire lehenbiziko lasterketa. Beti izan naiz kirolaria eta kirol desberdinetan aritu izan naiz, izan futbola, udan bizikletan edota mendian. Hala ere, zaletasun hau Pirineoetara joaten hasi nintzenean piztu zitzaidan; esango nuke benetan maitemindu egin nintzela mendiaz bertan. Bertan korrika eginez libre sentitzen nintzen eta sekulako sentsazioa zela ikusi nuen.
Mari Murumendi Maratoian lehenengo postua eskuratu duzu eta hori gutxi balitz errekor berria ere ezarri duzu.
Niretzat espero ez nuen sorpresa handi bat izan da, izan ere, ez nago ohituta distantzi hauetara, 20-30km inguruko distantziak egiten baititut normalean eta ez nekien nola erantzungo zidan gorputzak.
Errekorra banekien joan den urtean Irati Zubizarretak ezarri zuela, baina oso oso zaila ikusten nuen errekor hori gainditzea, baina lortu dut eta sinetsi ezinik nago oraindik ere.
Oraingoan gorputzak nola erantzun dizun ikusita, aurrera begira jarri diozu zure buruari beste helbururen bat?
Helburu, helburu… ez, baina ingurukoengandik ikasten jarraitu nahi dut, esperientzia duen jendearengandik ikasten. Zortez, Goierri inguruan jende ugari dago esperientzia duena eta asko ibili ohi dena, beraz, erreferenteak badaude sobera ikasteko.
Helburuak jarri badaitezke ez dut zalantzarik izango hauek jartzen, eta beti aurrera begirako ikuspegiz egiten hori, baina ikasten eta mendiaz gozatzen jarraitu nahi dut zalantzarik gabe. ■