Belaunaldi berria indartsu sartu da herri kiroletan. Plazak gaztetu dira, kirolariei eta ikusleei dagokienean. Goierrin «tope» dabiltza gazteak. Ander Izagirre ‘Ipiñarrieta’, Olaia Esnaola, Gari Garmendia eta Xiker Larrea dira adibide.
Gaztetu eta kaletartu. Bi ezaugarri horiek nabarmentzen ari dira azken aldian herri kiroletako plazetan. Gazteak kateatu dituzte herri kirolek, harriak erakarri ditu gehienak. «Bazen garaia», dio Xiker Larrea beasaindarrak. «Helduxeagoentzako kirola bezala ikusi izan dut herri kirola, nik inguruan ikusi dudanagatik. Nire ama [Lurdes Intxausti] herri kirolaria izan zen, Idiazabalen ere herri kiroletako talde bat egon da. Goierrin tope gaude, jende asko hasi da», nabarmendu du Gari Garmendia idiazabaldarrak. Ander Ipiñarrietak beste datu bat gehitu du: «Kaletarrak etorri dira, herri kirolekin loturarik izan ez dutenak». Eta neskak ere bai Olaia Esnaolak azpimarratu duenez, «neska mordoxka bat gabiltza, indarra hartzen gabiltza». Horixe da une honetako herri kirolen bi hitzetako argazki orokorra. Tatuajeak eta belarritakoak ere iritsi dira herri kiroletara.
Ander Izagirre Ipiñarrietarentzat naturala izan da herri kiroletarako sarbidea, etxean idiekin aritu baitira beti, baina ez daki «nondik nora hasi den herri kirolen indartze eta gaztetze hau, eta hainbeste kaletar ibiltzea herri kiroletan». Urretxuarra harago joan da: «Mutikoak ginenean, artaburu kuadrilla bat ibiltzen zen herri kiroletan, eta orain kaleko eta gimnasioko jendea ere badabil. Denetik probatzeko antsiarekin daude. Horrek ere poza ematen du. Izugarrizko giroa sortzen da. Jendeak probatu duenean gustatu zaio. Kirol sufritua da, baina gustatzeko modukoa».
Olaia Esnaolaren kasuan, Eneko Otaño aizkolaria ikusita sortu zitzaion aizkoran hasteko gogoa. «Egun batean aitari esan nion aizkoran hasi nahi nuela, baina aizkorak lan asko duela, denbora asko behar duela esan zidan… Azkenean Joseba Ostolazari hots egin zion, harria jasotzen probatzera joan, gustatu eta gaur arte». 17 urte ditu Esnaolak, eta gazte asko dabiltzala gogoratu du: «Gazteak badabiltza bai, 15-16 urtekoak ere bai. Neska mordoxka bat gabiltza. Indarra hartzen ari gara. Teknika eta indarra behar dira. Hasieran teknika batik bat ondo ikasi behar da. Teknika kontrolatutakoan ondo».
Uda partean erakustaldi ugari izango ditu: «Erakustaldi asko ditut. Udan tope ibiltzen gara». Esnaolaren esanetan, telebistak ere lagundu du gazteak herri kiroletara gerturatzerako garaian: «Pentatloia, Harri Herri saioa jende askok ikusi du…».
«Zuloa betetzera»
Xiker Larrea beasaindar harri jasotzailearentzat erabaki kontzientea izan da harri jasotzen hastea: «Nolabait zulo bat betetzera etorri gara. Beti egon da belaunaldi bat oso presente, baina gure belaunaldiko jendea ez da ikusten saioetan. Zuloa betetzera etorri garela esango nuke; guk egiten ez badugu beste inork ez duelako egingo. Ni ikuspegi horrekin hasi naiz: jende gaztea behar zela ikusi, probatu eta gustatu. Azkenean batak bestea ekartzen du. Bazen garaia herri kirolak gaztetzeko». Kirolari gazteek ikusle gazteak ere erakarri dituzte plazetara. «Ikusle bezala ere gazte asko».
Gari Garmendia idiazabaldar harri jasotzailea txikitan, 5 eta 9 urte artean, aizkoran aritu bazen ere (Mikel Garmendia aita zena zuen irakasle), herri kirolak baztertuta izan ditu duela bi urtera arte. Paulo Azpiazu bergarar harri jasotzailea izan du erakarri duena. «Azpiazuk bide bat ireki zuen: gazte askorik ez zebilen herri kiroletan eta zaharrak uzten ari ziren, ez zegoen beste belaunaldirik. Azpiazu sartu zen eta ikusgarritasuna eman zion sare sozialetatik, eta niri ere grina piztu zidan».
Pisu jaurtiketatik bueltan itzuli zen Garmendia herri kiroletara. «Umea nintzenean, nire aita aizkolaria zen eta ama trontzalaria eta beti egon naiz mundu honetara lotuta. 5 urterekin aizkoran hasi nintzen eta 9 urterekin aita hil zenean utzi egin nuen, ez neukalako irakaslerik. Gero pisu jaurtiketan hasi nintzen, eta pisu jaurtiketan 12 urte pasa eta gero, pandemiaren ondoren, kirolez aldatu nahi nuen garaia iritsi zen. Talde kirol batean, eskubaloian hasi nintzen, baina indar kirol bat ere probatu nahi nuen. Orduan modan zegoen Azpiazu harri jasotzailea, eta probatzea erabaki nuen. Probatu, eta gaur arte».
Garmendiak bat egiten du Ipiñarrietak herri kirolak kaletartu eta perfila aldatu dela esaten duenean. «Lehen herri kirola bizimodu bat bezala zen, gehienak baserritik zetozen. Eta kaletarrontzat ere baserritarrek egiten zuten kirol bat zen. Baina oraingo herri kirolari asko beste toki edo kirol batzuetatik etorri dira, eta ondo egokitu gara. Kirol bezala hartu nuen hasieratik harri jasotzea, eta oso gustura nabil».
Harri jasotzen dabiltza oraingoz gazterik gehienak, agian, «errazena» delako Larrearen esanetan. «Txaleko, praka eta gerriko batekin, eta harri bat parean jarrita, saiakera egin daitekeelako. Aizkora aldrebesagoa izan daiteke: materiala behar duzu, enborra, erakutsiko dizun norbait, pazientzia eta denbora daukan norbait». Harri jasotzaile eskolak ere beteta daude; Joseba Ostolazaren Harri eskolara joaten dira goierritarrak. «Harri eskolak ere ikaragarrizko indarra eman dio harria probatzeko aukera horretan. Izugarrizko lana egiten ari dira eskoletan, gazte jendeak, eta jendeak orokorrean, erraztasuna ematen baitu herri kirola probatu eta gustatu ahal izateko», gaineratu du beasaindarrak.
Udari begira, Donostiako Aste Nagusiaren barruan Trinitateko plazan abuztuaren 17an antolatutako Igeldoko Harria eta Uliako txapelketan lehiatuko dira Garmendia, Larrea eta Esnaola. Harri jasotzearen indarraldia erakusten duen datu bat eman du Garmendiak: «Hamahiru mutil eta zortzi neska gaude izena emanda Igeldo Harria lehiaketan. Izugarria da hori niretzat».
Taldeen arteko saioak
Banaka egiten diren herri kirolak bakarrik ez, taldeen arteko lehiak ere puri-purian daude Goierrin. Herrietako jai egitarauetan, eta jaietatik kanpo, taldeen arteko saioak non nahi izaten dira azken aldian. Herri edo auzoen artekoak, lagun taldeen artekoak, gazte eta beteranoen artekoa…
Ipiñarrieta idi deman aritzeaz gain, giza proban ere aritzen da eta taldeka ere bai. «Lehenengo auzoan egin genuen, auzoko beteranoak gazteen aurka. Arrakasta eduki zuen. Gero Legazpiri bota genion erronka, eta gero eta arrakasta gehiago… Ikustera ere jende asko joaten zen. Poliki-poliki, Goierri alde honetan gorakada dezentekoa dauka».
Idiazabalen ere ohikoa dute azken urteetan ere bi talderen arteko lehiak. Garai batekoa berreskuratu dute. «Orain dela bi urte, amak erdi broman esan zidan, ea festetan zergatik ez genuen egiten saio bat, lehengo herri kirolariak gazteen aurka. Idiazabalen beti egiten zen bi kuadrillen arteko lehia eta frontoia bete egiten zen. Oso polita izaten zen. Amak esan zidanean, esan nion, ni bai, baina nola animatuko dira ba nire lagunak? Ez dakit nola, baina denak animatu ziren. Arrakasta handia izan zuen. Aurten ere Ampoko langileen aurka aritu gara».
Gazteak herri kirolari, eta gazteak ikusle. Larreak Lazkaomendiko saioa ekarri du gogora: «Orain arte igande arratsaldeetan egiten zen eta aurten larunbatean jarri dute. Gazte asko joan da herri kirolak ikustera».
Batzuk joan eta besteak etorri, euskal nortasunaren ikur diren herri kirolen katea ez da eten. ■