Sokatirari esker sortu zen herri kirol taldea Urretxu-Zumarragan, 1989an, Golden izenpean, Urretxuko dantzaleku famatuak babestua baitzen. Urte hauetan guztietan goraldiak eta beheraldiak izan baditu ere, 2021ean garai berria hasi zuen, zuzendaritza talde berriarekin. Izaskun Arruti da kideetako bat. «Gure herrietako jaietako ekitaldiak antolatzen jarraitzea» dute helburu, «eta ahal baldin badugu herri kirolei bultzada ematea. Herri kirolak ezagutaraztea», nabarmendu du.
Gazteak gerturatzen ari dira herri kiroletara.
Bai, erakargarri bihurtzen ari dira gazteentzat. Harria eta aizkora dira arrakastatsuenak, komunikabideek kantxa gehiena ematen dielako. Pentatloian ere bultzada handi bat egon da. Guk ere gazteei eman nahi diegu protagonismoa saioetan. Zumarragako Santa Isabel jaietan antolatu genuen gazteentzako saioa. Gazteak motibatzeko plazak behar dituzte, lehiatzen joateko eta maila batera iristeko. Aukera ez bazaie ematen, desmotibatzeko arrisku bat dago.
Goierrin, herri askotan ari dira taldeen arteko erronkak antolatzen.
Azken aldian festa gehienetan daude herri kirol saioak, kuadrillen artekoa, herrien artekoa, gazteak beteranoen aurka…. Herri kirol saioak beti egon dira festetan, baina profesionalen herri kirolak. Profesionalek erakartzen dute, baina herrikoek gehiago. Herri mailakoa denean apustua, erakargarritasun gehiago dago. Gazteak eta herrikoak baldin badira, oraindik gehiago. Mugimendu bat sortu nahian bagabiltza, bakoitza bere aldetik agian, baina ari gara gure kulturari bultzada bat eman nahian.
Sokatiratik sortu zuten herri kirol elkartea.
Polita izango litzateke orain ere sokatira talde bat sortzea, gure taldea sokatiratik sortu zen eta. ■
Herri kirolak gaztetuta, eta kaletartuta