Lehian hasi eta lehen urtean egundoko lorpenak egin ditu Unai Zabalo Murillok (Legazpi, 1988). Legazpin bizi da, baina Elgoibarren egiten du lan botika batean. Jaiotzetik duen desgaitasunak C4 mailan kokatu du txirrindularitza egokituan. Aurten hasi da lehian, eta Espainiako txapelketan hirugarren egin du, baita Kopan ere. 2028ko Joko Paralinpiarrak ditu jomugan.
Urrutira joaten zara lanera.
Farmazia teknikaria eta laguntzailea naiz, eta praktikak Zumarragako Ospitalean egin eta gero, Bergarako botika batean hasi nintzen lanean. Bi hilabeteren ondoren, bertako beste botika batera joan eta lau urte egin nituen, eta Arrasaten jarraian, sei hilabete. Azkenean Elgoibarrera iritsi nintzen, eta bederatzi urte daramatzat, Garitaonandia farmazian. Egun osoa egiten dut, eta eguerdiak entrenatzeko aprobetxatzen ditut. Horretan farmaziako nagusien babesa eskertu behar dut.
Txirrindularitza egokituan lehiatzen zara. Zer da hori?
Desgaitasunen bat dugunok praktikatzen duguna. Txirrindulari egokitua izateko agiria eman behar dizu Espainiako Federazioak, desgaitasunaren mediku txostenak aztertuta. Hasieran, behin-behineko kategoria batean sailkatzen zaituzte, eta lehian hastean, lasterketetan egoten diren mediku tribunalek egiten dizute balorazio bat, eta horiek ematen dute behin betiko kategoria. Nik C4 kategoria daukat, Espainian, baina gerta daiteke nazioarte mailan beste bat izatea.
Zer desgaitasun duzu?
Dismetria bat, jaiotzetik daukat. Ezkerreko hanka 2,6 zentimetro motzagoa dut, eta txikitan ebakuntza batzuk egin ondoren orbanez beteta dut. Orkatilak ez du bolarik, eta oina txikiagoa da, 38 neurrikoa, eskuinekoa 43 zenbakikoa den bitartean. Gainera, lau behatz ditut bakarrik. Horren ondorioz, zapatila ortopedikoa behar dut, altxagarriarekin, eta hala ere, herren txiki bat dut.
Baina bizikletan ibiltzen ikasi zenuen.
Arazorik gabe, baina txikitan futbola nahiago nuen. 2016an, gaztetan txirrindularitzan lehian ibili zen Julen Agirreburualdek animatuta, lagun artean mendi bizikletan ibiltzen hasi ginen, eta pixkanaka gustua hartu nion. Mendiko bizikleta berria erosi nuen, eta ikusi nuen lagunen pare joaten nintzela. Gero, errepidekoarekin probatzea pentsatu nuen, kezkatuta, desgaitasunarekin lagunen maila emango ote nuen. Bigarren eskuko bat erosi nuen, eta zapatila normalekin hasi nintzen, eta harekin ere, lagunekin batera.
Bizikleta berezia al zen?
Bizikletan bi hanken arteko aldea zazpi zentimetrokoa da, eta ezkerreko biela motzagoa da. Orain kaladun zapatilak ditut, eta ezkerrekoa berezia da, altxagarria duelako, eta pedalak ere eranskin bat du. Zumarragako Zatika dendako Joseba Irizar biomekanikoak diseinatu dit guztia.
Zatika zure babeslea da.
Karreretara joatea gastu bat da, eta diruz laguntzeko prest daudenen bila nabil. Zatikak materiala eta alor biomekanikoko laguntza ematen dit. Espainiako txapelketara Euskadiko selekzioarekin joateko tramiteak ere Josebak egin zizkidan, eta Aizarnazabalgo Gervais Memorialera ere, mundu mailako erlojuaren kontrakora, hari esker joan naiz.
Nola hasi zinen lehiatzen?
Julenek bultzatuta, bere errua da. Eta Elgoibarko farmaziako bezero batena ere bai. Amador Granados ezagutzen zuen, Espainiako hautatzailea izandakoa eta euskal selekzioan egondakoa, eta harekin hitz egiteko esan zidan, lagunduko zidala lizentzia ateratzen. Lagunek ere bultzatu ninduten, saiatzeko esan zidaten, ez nuela ezer galtzeko, eta irabazteko asko. Horrela hasi nintzen.
Aurten.
Bai, aurten. Hau guztia bost hilabeteko kontua izan da, baina lehenago hasi zen. Iaz Espainiako selekzioak antolatutako talentu paralinpiar berriak bereganatzeko jardunaldietara joan nintzen. 50 plaza zeuden, eta 20 aukeratzen zituzten. Ni 20 haietako bat izan nintzen, eta asteburu bat pasa nuen selekzioarekin. Proba ugari egin zizkiguten, profesionalen pare tratatu gintuzten, eta esan ziguten selekzioarekin lotuta dagoen Cofidis Promesas taldean sartzeko aukera izan genezakeela batzuk, deituko zigutela.
Hain inportantea al da Cofidis?
Cofidisekin aukera gehiago dago selekzioan sartzeko, eta entrenatzailea eta masajista izateaz gain, Espainiako Kopa edo Txapelketara eramaten zaituzte gastuak ordainduta, baita Europako eta Munduko Txapelketetara ere.
Deitu al zizuten?
Bai, eta esan zidaten ez nengoela gertu, baina aurten jarraipena egingo zidatela, eta Caceresen (Espainia) Europako Paraciclyng txapelketan parte hartzera animatu ninduten. Martxoan zen, eta aita Jose Antoniorekin joan nintzen. Inguruan oporretan zegoen Julen ere joan zen laguntzera, bera ere txirrindularia izanda aholku pila bat ematen dizkidalako. Ikastera joan nintzen, lehia nolakoa zen ikustera batez ere. Eta bigarren geratu nintzen lasterketan, eta hurrengo eguneko erlojupekoan ere bai. Hura ikusita, Espainiako Kopa egitera animatu nintzen, Cofidisen sartzeko merituak egiteko.
Kirolgik ere ba omen du partea.
Ordurako hitz eginda nengoen Kirolgirekin ere, diru laguntza eskatzeko eta haiek esan zidaten Kopako lehenengo hiruren artean geratuta, hurrengo urterako beka bat lortzeko aukera dagoela. Horrek ere bultzatu ninduen Kopa egitera. Lehenengo probak Leongo Ponferradan izan ziren, eta han ere bigarren egin nuen, gero Murtzian eta Galizian izan nintzen. Kopan hirugarren geratu naiz azkenik, baita Espainiako txapelketan ere. Ikusiko dugu. Legazpiko Udalean ere egingo dut diru laguntzarako eskaria.
Diru laguntzaren zain, beraz.
Cofidisen sartzea gustatuko litzaidake, baina zaila da, maila oso altua delako. Kirolgiren edo udalaren laguntzarekin, jarraitu ahal izango dut txirrindularitzan, hobetzen. Gainera, orain prestatzaile fisiko batekin hastekoa naiz.
Entrenatzailea izango duzu?
Bai, Euskal Selekzioko Eneko Iparragirre kontratatu dut. Orain arte nire kabuz egin ditut entrenamenduak, Garmin enpresak dituen aplikazioak erabilita. Oso metodikoa naiz, eta jarraibideak oso zorrotz beteta, nabaritu dut hobekuntza hasi nintzenetik. Enekorekin gehiago hobetzea espero dut.
Aurtengo denboraldia amaitu da.
Espainiako Kopa eta txapelketa bai. Urrian Mallorcan dago proba bat. Zoritxarrez, Euskal Herrian ez dago, oso gutxi garelako. C4 kategorian ni, C5ean Mutrikuko Ander Albizu, C2n Oscar Garro bizkaitarra, eta C3n Markel Alonso gaude. C4n Olaberriko Guillermo Prieto ere badago, baina Valladoliden bizi da. Euskadiko selekzioan gaude denok.
Zein da zure erreferentea?
Damian Ramos, Espainiako txapelduna C4 kategorian. Oso-oso ona da.
Zeintzuk dira zure erronkak orain?
Cofidisen sartzea, ea Espainiako selekziora iristen naizen, eta gero, 2028ko Joko Paralinpiarretara. Nire aldetik dena emango dut horretarako. Eta lagunekin zikloturismoa egiten jarraituko dut. Aurten Quebrantahuesos eta Donostia-Baiona-Donostia egin ditut. Baina itsutu gabe ibili nahi dut, bizikletarekin gozatuz eta familiarentzako denbora gordeta. ■