Hogeita bost urte dira ‘Antonio Bolas’ itzali zela. Baina bere bizitzan jaulki zituen umore, fantasia eta ipuin harrigarriak bizi-bizirik daude, ezagutu zutenen gogoan bezala Ormazabalen liburua irakurtzen dutenen artean.
Jaiotzetik izan zen bitxia Antonio Bolasen bizitza. Lehenengo aldiz jaio zenean, ondo osatu gabe egon artean, eta barrura sartu omen zuten berriro, etorritako lekura. Handik egun batzuetara jaio omen zen bigarren aldiz. Hori izan zen Antonio Bolas, Kaleko, Trolas, Gezurti, hamaika izengoiti eta mila izaera zituen pertsonaia maitatuaren hasiera, eta ez harrigarriena. 1923ko urriaren 23an jaio zen Zegaman, eta orain 25 urte hil, 1999ko ekainaren 14an.
Antonio Irigoras Agirre zuen bataiarriko grazia. Baina, berezko grazia amaigabeak erakarri zizkion beti lagunak, jendea, zer-entzungo jartzen zituen guztiak. Irribarre egin zion bizitzari, eta barre heriotzari. «Niri ez dit inporta gaur hil edo bihar hil», esaten zuen, elizan heriotzaz-eta kristorenak entzundakoan.
Ziurrenik, ordeka etorri ez zitzaion bizimoduari ertzak ateratzeko erabili zuen umorea. 16 urterekin morroi joan zen, trenbidean ibili zen gero, soldadutza Iruñean eta Lesakan egin zuen –nahiz berak Afrikan egin zuela esan, «urte batean lau uda» igarota–, eta handik bueltan igeltsero jardun zuen, erretiratu arte. Baina ez omen zen gaizki bizi izan: etxean katu bat zeukala, eta hark egiten zizkiola lan guztiak.
Basakatua izan bera ere, nonbait. Klaudio Gorrotxategi zegamarrak Zegama 2004 Urtekarian kontatua da: «Mutiko dexente bat zutik zela zeinek salto egin gainetik ukitu gabe [izaten zen mutikotako apustu bat]. Eta denetan onena beti Antonio Bolas, basakatua bezala lau hankan sekulako martxan joan eta mutikoen gainetik salto egiten zuen ukiturik gabe. Zein mutil abila!». Mihiz bezainbat hankaz.
Irudimena eguneroko ogi
Umezalea zen oso, beti kasu egingo zien. Barruan zeukan haurraren lagun, seguru asko. Gezurrak ez, mugarik gabeko irudimenezko mundu fantastikoa kontatzen zuen hark. Zumarragan behin tximinia bat adreiluz adreilu eroso eta erraz egin zutenekoa bezala: goiko puntako ilara jartzen bai lanak, baina handik beherakoak ondoren aise moldatu omen zituzten.
Gau batean, egundoko haizetea zebilela, komunera jaiki eta bueltakoan oheko koltxoia falta. Leihoa irekita, eta haizeak Seguraraino eraman omen zion, bidearen erdi-erditik. Bera atzetik korrika joan zen, harrapatu, eta koltxoia bizkarrean etxera ekartzea lortu zuen. «Orain koltxoia han dago oheari kate batekin lotuta geldi-geldi. Ez du gehiago haizeak eramango».
Edo kaletik etxera motorrean eraman zuen lagun bati esana, eskertzeko: «Eskerrik asko. Izugarrizko faborea egin didazu. Gogoratuko naiz zurekin. Gabonetan eramango dizkizut gereziak».
Mende laurdena joan da Antonioren sormena itzali zenetik. Zorionez, Joxantonio Ormazabal herkideak haren mundua paperean uzteko argitasuna izan eta lana hartu zuen. Antonio Bolas liburua atera zuen, 2002an. ■