Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Uztailaren 4an, podologoarengana nindoala, Olatz Yarza, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarrirako zinegotzia ari ziren elkarrizketatzen Euskadi Irratian. Bertako parkingetan ezartzera doazen %23ko igoera (3,5€ orduko) zen gai nagusia. Beasainera iritsi eta kostata aparkatu orduko, mezu bat irratiratzeko tartea izan nuen. Bidali bai, baina berehala 13:00etako partea. Ondorenean bestelako gai bati heldu zioten. Entzuteko aukera izan nuen tartean, trafikoa arintzeaz, jasangarritasunaz eta garraio publikoa erabili beharraz aritu zen Olatz. Guk, herri txikietakook, badugu ba zer esanik eta halaxe bidali nuen erantzuteko aukerarik gabe geratu zen mezua.
Jasangarritasunaren izenean garraio publikoa erabiltzearena aldarrikatzea azkar esaten da eta polita geratzen da, baina Goierrin bezalako herri txikietan, denbora, konbinazio faltak, jomuga aparte izatea… tarteko, ez da erraza praktikara eramatea. Jasangarriena ez den arren, halako herrietan bizi garenok autoa dugu garraiobide nagusia.
Joan-etorriez gain, ordea, aparkatzearena hurrengo erronka. Gero eta espazio txikiagoak izanik, bakoitzak ongien deritzon moduan kudeatu izan du egoera. Dena dela, herri txikietakooi handiagoetara lanera edo dena delakora goazenean, txakurren ipurdian aparkatzea edo latz ordaintzea besterik ez zaigu geratzen. Donostian, adibidez, egun osoko parkinga 30€tik gora.
Hiritarrak edo beste batzuk geureetara datozenetan herrigunean bertan eta doan aparkatzeko aukera dute. Ezin konparatu, baina geure bizilekuetan ere egunero ditugu autoen etengabeko joan-etorriak eta aparkatzeko zailtasunak. Geu ere, jasangarritasunaren izenean eta bertako ibilgailuak lehenetsiz, hasi beharko genuke neurriren batzuk hartzen.
Honezkero, mezuaren nondik-norakoa antzemango zenuten. ■