Argentinan jaio zen Hector Antonio Junior Caceres (Caleta Olivia, Argentina, 1996). Duela hiru urte inguru, maitasuna dela-eta Legorretara etorri zen. Hasieratik euskara ikasten hasi eta integratu egin da.
Bakoitzaren herrialdea utzi eta munduaren beste aldera bidaiatzeko arrazoi asko egon daitezke, Hector Antonio Junior Caceresen kasuan maitasuna izan zen. Esaera zaharrak dio, maitasunak dena leguntzen du, eta hala izan da beretzat ere. Hiru urtetan euskaraz komunikatzen ikasteko gai izan da.
Caceresek Caleta Olivian (Argentina) ezagutu zuen bere egungo neska-laguna. Erasmusa egitera joan zen Argentinara Garazi Aranzabe Urretabizkaia, bi urte jarraian egin zituen han. Unibertsitatean ezagutu ziren. Caceres Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasten ari zen, eta Aranzabe, berriz, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (HH eta LH). Hitz egiten hasi eta maitemindu egin ziren. Hori eta gero COVID 19a iritsi zen, eta pandemia osoan zehar elkarrekin bizitzen egon ziren, horrek prozesu guztia bizkortu zuen. Eta hori eta gero, elkarrekin Aranzaberen jaioterrira itzultzea erabaki zuten, Legorretara.
Bikotea ezagutu aurretik, Caceresek ez zuen Euskal Herriari buruzko ezagutza sakonik. Donostia bezalako hiriak ezagunak zituen, baina ez herrialdeko hizkuntza edo kulturaren berezitasunak. Neska-laguna izan zen horri buruzkoak irakatsi zizkionak, eta bere bitartez hasi zen euskal kulturan murgiltzen. «Garazi ezagutu nuenean ezagutu nuen euskara, baina horren aurretik ez nekien ezer ez euskaraz ez Euskal Herriaz».
Berehala konturatu zen euskara ikasteak Legorretako bizitzan erabat integratzeko duen garrantziaz. «Euskara ikastea oso garrantzitsua da. Hasieran, adibidez, gaztelaniaz bakarrik hitz egiten nuen. Baina neskak esan zidan gu euskaldunak garela, eta euskaraz egin behar dugula».
Herriko bizitzara egokitzea ez zen erraza izan hasieran, bereziki hizkuntzaren oztopoagatik. Caceresek gogoratu du: «Amaginarrebarekin eta aitaginarrebarekin bizi nintzen. Bere etxean euskaraz hitz egiten da betidanik eta hasieran oso galduta nengoen. Amaginarrebak esan zidan, ni etorri nintzela hona, beraz euskaraz ikasi beharko nuela, beraiek euskaraz hitz egiten dutelako».
Euskara ikasten
Hona iritsi bezain laster Caceresek AEKn eman zuen izena. Erabaki hori funtsezkoa izan zen egokitzeko eta tokiko biztanleekin komunikatzeko. Caceres euskara ikasten aritu da iritsi zenetik, eta hobetzen jarraitzeko asmoa du. Hitzak egin zaizkio ikasteko zailenak. «Zailak dira, baina ulertzen dituzunean zentzu handia dute. Hitzak oso modu politean sortuak daude, asko gustatzen zait hori». Hizkuntza menderatzearekin konprometituta dago komunitatean integratzeko.
Legorretara iristean, euskarak jokatzen zuen papera argi geratu zitzaion. Eguneroko bizitzaren eta kultura-identitatearen zati bat da. Horregatik hizkuntza-tradizio hau jarraitzeak bertako kulturan gehiago murgiltzeko aukera eman dio, herritarren parte bilakatzen laguntzeaz gain. Caceresek bere euskara hobetzen jarraitzeko asmoa du. «Oraingoz, ez daukat ziurtagiririk ateratzeko plan zehatzik. Nire helburu nagusia ondo komunikatzea eta eguneroko elkarrizketetan eroso sentitzea da. Hizkuntza ikastea etengabeko prozesua da, erronka gozatzen dut».
Hasierako erronkak gorabehera, Caceresek komunitate abegikorra aurkitu du Legorretan. «Jendea oso irekia da. Ni hasieran neska-lagunaren kuadrillarekin egoten nintzen, denak neskak dira. Pixkanaka nire sare soziala handitzen joan nintzen eta orain jende ezberdin asko ezagutzen dut. Legorreta herri txikia den arren, jende asko dago eta oso atseginak izan dira nirekin».
Legorretako bizimoduak jarduera komunitarioetan eta tokiko ekitaldietan parte hartzeko aukera eman dio. Jaiak beste kultura talka bat izan dira. Neguak lasaiak izan arren, udara gerturatzean sekulakoa dela dagoen festa kopurua azaldu du.
Caceresek Argentina eta Euskal Herriaren artean ikusi duen desberdintasun kultural nabarmenetako bat sozializatzeko modua da. Euskal Herrian elkarteak edukitzeko eta bertan elkartzeko ohiturak txunditu egin zuen. Argentinan, ohikoena lagunen etxeetan elkartzea da, ez baitago elkarteen antzeko ezer. «Hemen hori ez da posible. Zure etxea, zure etxea da eta nire etxea, nirea». Poteoaren kultura ere bertan ezagutu du, esan duenez, Argentinan ez baitago asteroko halako ohiturarik.
Gero gerokoak
Ez dauka argi etorkizuna nolakoa izango den. Ez daki ziur Legorretan epe luzera geratuko den ala ez, baina oraingoz eroso eta ondo hartuta dago. «Ez nago ziur. Etorkizuna zalantzazkoa da, baina oraingoz pozik nago hemen».
Euskal Herrira aldatzea aztertzen ari direnentzat, Caceresek aholkua du: «Euskara ikastea. Oso garrantzitsua da. Hasieran erronka bat izan daiteke, baina pixkanaka errazagoa bihurtzen ari da eta oso atsegina da». ■
Datuak
- 1.117 Gipuzkoarrak. Legorretako 1.510 biztanletatik, gehiengoa Gipuzkoan bertan jaiotakoak dira.
- 32 Amerikarrak. Hego Ameriketatik eta Ipar Ameriketatik etorritako 32 lagun bizi dira Legorretan.
- 45 Afrikarrak. Afrikan jaio eta Legorretara emigratu dutenak 45 dira.