Aratz Albisu • Telesail zalea
Munduan hamaika telesail badaude ere, hamar dakartzat gaurkoan, eta hauekin bost kontinenteetan zehar bidaiatuko dugu, pantaila txikiko tituluz titulu.
Asian barneratzen hasita, Japoniako Mononoke animea, istorio eta marrazki tradizionalak erabiltzen ditu eta benetan da bitxia planoekin jokatzeko duen modua, oso berezia. Eta nola ez aipatu Txibia Jokoaren lehengusu ez hain ezaguna: Alice in Borderland, odola eta joko zikina gustatzen zaizkienentzako modukoa.
Ozeaniatik pasa behar ondoren, Zeelanda Berriko Rurangi. Maori hizkuntza eta kulturaren desafioak, kolonizazioaren ondorioak eta landa eremuko gorabeherak, modu gozoan azalduta denak ere, xumeki baina ondo egina. Fantasia historikoa nahiago duzuenentzat hona beste bat: The Dead Lands, kultura bera, baina zuriok iritsi aurretikoa.
Afrikara jarraian, lehengo fantasia kutsu berean jarraituz Kizazi Moto dugu. Kultura ezberdinak biltzen ditu animazio telesail honek, errealismo magikoa eta fikzio zientzia nahasten ditu. Kapitulu bakoitzak kultura bat, artista bat eta istorio bat erakusten dizkigu, gozokiak denak ere. Yoruba kulturan oinarritu den Anikulapo da bestea, izen bereko pelikularen jarraipena.
Amerikara iritsita, bada oraintsu atera den Felices los 6, polimaitasuna eta honek dakartzan korapiloak modu oso komiko batean azaldu dituzte argentinar hauek. Beste bat aipatzearren, Tengo que morir todas las noches mexikarra, 80ko hamarkadako maitasunaren alde dramatiko eta tristeagoak azaltzen dituena.
Europan amaituz, Skam serie digital norvegiarra, nerabeen ikuspegi errealago hura erakusten hasi zen lehena. Eta Danimarkako The Rain, euria toxiko bihurtu zen mundu apokaliptiko bateko abenturak. Ezagunak baina bikainak dira biak. ■