Berria egunkariko azala, 2031ko ekainaren 7an: ‘Lazkaon euskararen erabilera %90era igo da’. Lazkao, Goierriko euskara gune’. ‘Lazkaoko alkate-andreak jaso du euskara-planik arrakastatsuenaren saria. Duela 10 urte hasi zen euskara-planak emaitza ikusgarriak izan ditu eta herri horretan Soziologia Klusterrak egin duen azken neurketan, %90eko erabilera-datuak jaso dira’. ‘Euskara Lazkaon, Euskal Herriko harribitxia. Denok euskaraz bizi gara!’… Zer, ametsetan ala serio ari gara?, zer da hori, broma?… Bada ez, euskararekin broma gutxi!
2021eko kontuak dira. EMUN Kooperatibak (gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza eskaintzen dituen enpresa), azterketa soziolinguistikoa egin zuen Lazkaon, Udalak eskatuta. Azterketan laguntzaile izan gintuen Emunek herriko eragileak. Guztion artean eman genizkien teknikariei datuak eta informazioa eta beren azterketa egin zuten. Emaitzen txostena aurkeztu ziguten: “Lazkaoko Udala. Euskararen plan estrategikoa, 2021-2024”. Helburuak, estrategiak, ekintzak, diagnostikoa, elkarrizketak, ekarpenak, etorkizuneko Lazkao… Hortixe hartutakoak dira goiko titularrak. Oso azterketa txukuna eta interesgarria da. Baina…
2024ko uztailean gaude eta apenas heldu diogun plan-estrategikoko mamiari; askotan bezala, txostena egin eta kaxoian ondo gordeta utzi ote dugun… Noski, ez gaude lo, lanean ari gara, baina ez norabide egokian, ez behar bezala, nonbait. Kontua da, Lazkaon gazteleraz bizi dela euskaraz ez dakiena, dakien askok ez duela euskaraz egiten, ez dakien gutxi animatzen dela ikastera (izan ere praktikan euskararen beharrik ez badu, behartzen ez badugu, zertan saiatuko da?); euskararik gabe eroso bizi da jendea.
Lazkao askorentzat euskara ikasi duen herria da, jende asko euskaldundu eta alfabetatu da Lazkaon, hemen ikasitakoari esker askok lortu dute euskara titulua… Baina hori nahiko al da?■