Isa Sanz •. Legazpi
Pasa den ekainaren 24an Legazpiko Domingo Agirreko kantxaren estalkia ordezkatzeko obrak hasi ziren. Azken urteotan, ur-iragazketak izan dira eta konponketak egin diren arren, ezin izan dira horiek saihestu. Iragazketa horiek estalki zeharrargiko plaken eta plaka itsuen arteko loturan gertatu dira. Hori dela eta, obra hauekin estalkiko eguzki panel-fotovoltaikoak eta bizi-lerroa ordezkatuko dira, eta dagoen arazoa konpondu. Obrak Cumenorte, S.L. enpresak aurrera eramango ditu 75.509,08 €-ko (BEZ barne) aurrekontuarekin, bi hilabeteko epean.
Konponketa horien berri izatean, Domingo Agirreko pista estaliaren inaugurazio egunean bertan izan nintzela gogoratu nuen, han izan bainintzen udaleko Hezkuntza eta Gazteria teknikari gisa. Domingo Agirreko pista estaliaren inaugurazioa 2003ko apirilaren 16an egin zen, orain dela 19 urte. Besteen artean, honakoek hartu zuten parte: Anjeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak; Juan Ramon Larrañaga Legazpiko alkateak; Igone Gorrotxategi Domingo Agirre eskolako zuzendariak; Ramon Martinez de Murgia Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariak eta Jose Luis Zabaleta Hezkuntza zinegotziak. Inaugurazio-ekitaldia pista estalian bertan burutu zen eta aipatutako agintariez gain, udaleko zinegotziak eta teknikariak gerturatu ziren, baita herriko beste ikastetxe eta elkarteen ordezkariak ere, proiektuaren egile izan ziren arkitektoak eta teknikariak, eta nola ez, eskolako zuzendaritza, irakasleak eta ikasleak.
Egun horretan eraikina goraino bete zen. 9:45ean ekitaldiari hasiera eman zitzaion eta ez ziren falta izan orduko udaltzainburua zen Fernando Agirrek bota zituen suziriak. Anjeles Iztueta sailburua iritsi zenean, Doinua Musika eskolako musika bandaren doinuaz eraikin berriraino abiatu ziren. Han zeuden HH4tik LH6ra bitarteko ikasleak, irakasleak eta familiak zain. Irati Garmendiak eta Jon Arroyok, eskolako LH3-ko ikasleak eta Korosti Dantza taldeko dantzariak, aurreskua dantzatu zuten Doinua Musika eskolako txistularien doinuak jarraituz. Aipatutako agintarien hitzak eta esker onak azaldu ondoren, sailburuak zinta moztu zuen eta musika eskolako ikasle talde batek dantza bat eskaini zuen. Ondoren, LH1, LH2, LH4, LH5 eta LH6. mailako neskaz eta mutilez osatutako 5 bikote bertsotan aritu ziren, kirol-mota ezberdinen inguruan, horien jantziak apainduta. Futbolarien, txirrindularien, pilotarien, mendizaleen eta harri-jasotzaileen gaineko bertsoak entzun genituen.
Lehen proiektua, 1993an
Ekitaldiari amaiera emateko, eskolako jangelan gosaria eskaini zitzaien gonbidatuei: kafea eta Barandiaran gozotegiko pastak. Bertaratu ziren ikasleek txorizozko ogitarteko eta freskagarri bana jaso zuten. Eta ekitaldira etorri ez ziren HH2 eta HH3ko ikasle txikienei, berriz, kruasanak eta txokolatea banatu zitzaien.
Horrela amaiera eman zitzaion hamar urte lehenago, hau da, 1993. urtean hasi zen prozesuari. Orduan egin baitzuen udalak lehen proiektua, eskolako beharrei erantzuteko. Proiektuaren kostua 709.000 eurokoa izan zen. Eusko Jaurlaritzak % 55a finantzatu zuen eta udalak % 45a. Inaugurazio ekitaldian agerian geratu zen bezala, eta urteen poderioz, ikusi dugun bezala, eraikina eskolako beharrak asetzeaz gain, Hegialde auzoko, kirol talde eta herriko zenbait entitateren ekimenak aurrera eramateko balio izan digu.
Urteetan konponketa ezberdinak eta bestelako inbertsioak (zoru berria) egin badira ere, orain arte ez da gaur egun egiten ari den inbertsio estruktural bezain handirik egin. Eraikinari beste hainbat urtetan etekina ateratzea espero dugu eta nork daki, agian beste festa bat egin behar dugu, etxafuegoak botata. ■