Aspaldiko herritar mobilizazio handienekoa izan zen. Durango eta Iruñea besoz beso lotu zituzten milaka euskal herritarrek, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako aurreneko giza-kate erraldoian. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatzeko ekintza izan zen 2014ko ekainaren 8 hartan. Hamar urte joan dira harrezkeroztik.
Sinbolikoki, Durango eta Iruñea artean kokatu ziren 150.000 bat herritar. 123 kilometro osatu zituzten, erabakimena praktikan jartzeko prozesuari hasierako zenbaketa oihukatzeko.
Goierri ibilbidearen erdian kokatu zuten. Deskargatik sartu eta Urretxu, Zumarraga, Eitzaga lotuta, Ezkio-Itsasoko eta Gabiriako Santa Lutzi eta Alegia bailaretatik Ormaiztegiraino segi zuen. Salbatoretik Beasainera, eta Senperetik Lazkao eta Ataun osoa zeharkatuta, Lizarrustitik sartu zen Nafarroan, Sakanarako eta Iruñerako bidean.
Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, milaka goierritarrek parte hartu zuten ekintzan, festa-giroan, alaitasun berezian eta okasiorako ateratako kamiseta urdin-berdeak eta ikurrinak nagusi zirela. Eguerdian, elkarri eskutik helduta, ordu erdi batean osatu zuten katea.
Irudi indartsua utzi zuen ekimenak, batez ere airetiko ikuspegitik. Herritarrek nazioaren eraikuntzan eta estatugintzan hartu beharreko iniziatiba irudikatu nahi zuen giza-kateak, eta ilusioa, zerbait sortzen ari zen sentimendua piztu zuen euskal gizartean.
Goierritarrekin eta Euskal Herri osoko jendearekin –kokatu beharreko kilometroak herrika izendatu zituzten–, Lazkaon antolatu zuten arratsaldean festa-leku nagusietako bat.
Askotatik lehena
Gure Esku Dagoren nazio mailako aurkezpen txartela eta inplantazioa izan zen 2014ko giza-katea. Ekimen parte-hartzaile eta mugitzaile gehiago etorri ziren ondoren: 2015ean oihal jostea eta katea Donostian, eta bost euskal estadio betetzea; 2016an galdeketa 34 herritan (tartean Goierriko 22 udalerrietan), 2017an Lazkao-Beasain-Ordizia giza-katea Goierrin, Kataluniaren alde; 2018an Bilbo-Donostia-Gasteiz 177 kilometroko giza-katea… ■