Xabier Intxausti ‘Gorri’ (Idiazabal, 1959) eskola kiroleko arduraduna izan da Segurako eta Zegamako ikastetxeetan. Aurten hartu du erretiroa. Lan itzela egin du kirolzaletasunaren alde. Bera ere kirolzalea da, noski. Gaztetan futbolean jokatu zuen hainbat futbol taldetan eta bi maratoi egin zituen, besteak beste. Ondoren, bizikleta hartu zuen. Zikloturista da eta ez du uzteko inongo asmorik. Mendian ibiltzea ere atsegin du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Goierri Eskolan elektrikari izateko ikasketak egin nituen, baina ez dut sekula horretan lan egin. 1980ko hamarkada hasieran bukatu nituen ikasketak. Garai hartan sekulako krisia zegoen. Ez zegoen lanik. Tabernaz taberna ibili nintzen eta trenbidean ere lan egin nuen (Altsasun, 1980ko urritik 1981eko martxora arte), Zegamako eskolakoak niregana etorri ziren arte. 1985eko apirila zen eta gimnasia irakaslea izatea eta eskola kirolaz arduratzea eskaini zidaten. Baiezkoa eman nien… eta orain arte.
Nolatan jo zuten zuregana?
Zegamako jaietan bertako ostatuan lan egin nuen, bizpahiru urtetan. Ikastetxeko zuzendaria (Belen Ormazabal) gimnasia eskolez eta eskola kirolaz arduratuko zen norbaiten bila ari zen eta ostatuko alabarengana jo zuen, Lierni Telleriarengana, Zegamako eskolako jangelako sukaldaria zelako. Hark ni ezagutzen ninduen eta bazekien kirolaria nintzela. 24-25 urte nituen eta maratoietan hasita nengoen. Bide bazterretan korrika egiten nuen eta garai hartan jende gutxi ikusten zen korrika egiten.
Zegamako ikastetxean hasi aurretik taberna askotan lan egin zenuela esan duzu. Nondik nora ibili zinen tabernari lanean?
Zegaman, Beasainen, Lazkaon, Alegian, Iruñeako San Fermin jaietan eta nire anaiak Idiazabalen zuen tabernan lan egin nuen.
Haurrekin lan egitea oso ezberdina da, ordea.
Zegamako herri eskolakoei proba egingo nuela esan nien. Futbolaria izandakoa nintzen, baina beste kirolak ez nituen ezagutzen. Eta haurrekin ez nuen batere esperientziarik. 1984-1985 ikasturteko azken hiruhilekoan hasi nintzen. Nikaraguara joan nintzen brigadista eta handik itzulitakoan lanik gabe nengoen.
Haurrekin lan egitea gustatu egin zitzaizun nonbait.
Bai. Lehen hiruhilekoan gimnasia eskolak eman nizkien, hirugarren mailatik zortzigarren mailara bitarteko haurrei. Horretaz gain, eskola kirola antolatzen hasi nintzen. Ordiziako olinpiadetan parte hartu genuela gogoratzen dut. Zegamako eskola txikia zen eta bi egun eta erdiko lana nuen. Hurrengo ikasturtean jarraitzea eskaini zidaten eta, gainera, Segurako Laiotz eskolakoek ere nigana jo zuten. Josetxo Ugalde zuzendaria ezaguna nuen eta beste bi egun eta erdi eskaini zidan. Hala, orain arte bi ikastetxeetan aritu naiz. Bost urtetan zehar Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolan ere lan egin nuen. 2009tik aurrera, bost urtetan jarraian, aipatutako hiru ikastetxeetan lan egin nuen.
Zure lana asko aldatu al da 40 urte hauetan?
Gimnasia hiru edo lau urtetan eman nuen. Hezkuntza delegaziotik gimnasia irakasleak gaitzen hasi ziren eta Mikel Eguren eibartarra etorri zen. Ordutik aurrera eskola kirolaz arduratu nintzen.
Ze egoera aurkitu zenuen hasi zinenean?
Eskola kirolari dagokionez, Zegamako Aitxurin eta Segurako Laiotzen ez zegoen ezer garai hartan. Goierri mailako kirol koordinatzaileak biltzen hasita ziren eta haiekin harremanetan jarri nintzen. Goierri mailan zer zegoen jakin nuen eta hori eskaintzen hasi nintzen Aitxuri eta Laiotz herri eskoletan. Haurrak kirola egiteko deseatzen zeuden eta formatu beharra izan nuen. Ikastaro ezberdinak egin nituen. Eibarren uda osoa eman nuela gogoratzen dut, beste kirol batzuk ezagutzen: eskubaloia, saskibaloia, tenisa, boleibola, atletismoa… Izan ere, horiek ez nituen ezagutzen. Nik futbola ezagutzen nuen. Ondoren, haurrei oinarrizko gauzak irakasten nizkien.
Zein da egungo egoera?
Egoera polita dugula uste dut. Goierri mailan kirol ezberdinak lantzen dira. Talde kirolak lau dira: eskubaloia, saskibaloia, zazpiko errugbia eta futbola. Izan ere, Goierri mailako klub garrantzitsuenek lau kirol horiek lantzen dituzte. Horretaz gain, atletismoa, herri kirolak, mendizaletasuna, xakea… lantzen ditugu.
Goierriko gazteak kirolzaleak direla uste al duzu?
Gure ikastetxe hauetan %90ak eskola kirolean parte hartzen du. Ume gehienek kirola egiten dute. Baina haur batzuk ez dira kirolariak eta onartu beharra dago. Uste dugu denak kirolariak izan behar direla, baina badaude kirolariak ez diren batzuk. Lagunekin batera kirola egitera animatzen ditugu, baina behartu gabe. Era naturalean egin behar dute.
Erretiroa hartu berri duzu. Aho zapore gozoarekin utzi al duzu lana?
Bai. Oso lan polita da. Aurtengo ekaina oso berezia izan da. Bi ikastetxeetan errekonozimendu hunkigarria izan dut, irakasleen, gurasoen, ikasleen eta ikasle ohien aldetik. Oso ondo bukatu dut. Horrek sekulako poza eman dit. Espero ez nuen gauza izan da: opariak, afariak, bazkariak… Oso gustura lan egin dut. Haurrekin oso esperientzia politak bizi izan ditut. Kirolak ematen dituen baloreak, ardurak eta konpromisoak haurrei helaraztea asko gustatzen zait. Eta beti talde lana azpimarratu dut. Ahal dela, talde lana. Taldean bakarka baino emaitza hobeak lortzen dira eta lagun giroa oso garrantzitsua da. Ez zaie emaitzei horrenbeste begiratu behar.
Urte asko eman dituzu lanean. Ba al dago bereziki gogoratzen duzun anekdotaren bat?
Ez dakit anekdota den, baina bai bitxikeria. Segurako eta Zegamako eskolak txikiak direnez, batzuetan ez genuen taldea osatzea lortzen. Bietan lan egiten nuenez, bi ikastetxeetako umeak elkartzen nituen. Taldeari Aitxuri-Laiotz jartzen nion izena.
Behin erretiroa hartuta, ze asmo dituzu hurrengo urteetarako?
Asmo berezirik ez dut. Uztailean eta abuztuan, urtero bezala, oporretan izango naiz. Irailetik aurrera, ezberdina izango da. Ez dut orain arteko ardura izango. Bi ikastetxeetako lagunei, nire laguntza behar badute lasai asko deitzeko esan diet. Laguntzeko prest nago. Ez dut egitasmo berezirik buruan. Disfrutatzea besterik ez. Ea osasunak laguntzen duen, orain arte lagundu duen bezala.
Betidanik kirolzalea izan zarela esan duzu. Nolatan? Familiatik al datorkizu kirolzaletasuna?
Gure aita-amak baserritarrak ziren. Ez ziren kirolzaleak. Baina bost anaia-arreba izan gara eta bostak kirolzaleak. Anai zaharrena futbolaria izan zen. Atezaina. Beasainen eta Ordizian jokatu zuen gazte denboran. Bigarrena [arreba] da beharbada zaletasun gutxien duena, baina herri kiroletan ibili zen. Hirugarrena ni naiz. Futbolean Seguran hasi nintzen, gazte mailan. Berehala Alavesen gazte mailako taldearekin fitxatu nuen. Urtebete egin nuen. Ondoren, Ordiziarekin fitxatu nuen. Soldadutzatik itzuli nintzenean, berriro Ordizian jokatu nuen eta ondoren Legazpiko Ilintxan. Lesio batzuk zirela eta ez zirela, futbola utzi nuen. Laugarrena, hildako anaia, futbolean aritu zen. Eta bosgarrena arreba dut, Idiazabalgo aguazila. Goierri mailan denok dakigu zer nolako kirolaria izan den eta den. Gure seme-alabek eta ilobek ere kirola maite dute.
Gaztetan futbolean jokatu zenuela esan duzu. Ze postutan jokatzen zenuen?
Aurrelari, golak sartzen. 23 urterekin utzi nuen.
Alavesen jokatu zenuen.
Seguran bi urte eman nituen, gazte mailan. Lehen urtean azkenak gelditu ginen, baina bigarren urtean taldea mantendu eta oso denboraldi ona egin genuen. Txapelketa irabazi eta mailaz igotzeko jokatu genuen. Segurako zuzendaritzakoek Realekoei gu ikustera etortzeko eskatu zieten. Etorri egin ziren, baina ez zuten beste munduko ezer ikusi nonbait. Alavesekoek, berriz, hiru aurrelariok fitxatu gintuzten. Izan ere, gol asko sartzen genituen. Nik, ezkertia izan arren, eskuin hegalean jokatzen nuen. Erdiko aurrelaria Lazkaoko Barandiaran zen eta hegaleko ezkerra Ordiziako Antolin. Baina Alavesen golak sartzea zailagoa zen. 1976-1977 denboraldian jokatu nuen Alavesen. Gazi-gozoa izan zen. Martxotik aurrera gaixo egon nintzen. Idiazabalen hepatitis epidemia gertatu zen. Nire arreba gazteena urtarrilean gaixotu zen eta hilabete eta erdi egon zen gaixo. Anaia eta biok martxoan gaixotu ginen. Nik lau hilabete eman nituen gaixo eta anaiak sei. Idiazabalen ehundik gora gazte egon ginen hepatitisarekin. Oso kutsakorra zen. Denboraldia martxoan bukatu nuen eta Alavesekoek ez zidaten jarraitzea eskaini.
Korrika ere egin zenuen.
Futbola utzi nuenean, korrika hasi nintzen. 1980ko hamarkada hasieran izan zen. Oker ez banaiz, Donostiako maratoia 1978an egin zen lehenengoz. Hori ikusi genuenean, kuadrillakook Idiazabalgo herri krosa antolatzen hasi ginen. 40 urtetan jarraian antolatu genuen. Gure kuadrillako batzuk Donostiako maratoiaren lehen edizioetan parte hartu zuten. Nik laugarrena eta bosgarrena egin nituen. Behobia-Donostia ere bi aldiz egin nuen. Urte batzuetan herrietako krosetan parte hartu nuen. Parte hartu, e! Irabaztea beste kontu bat da.
Beste kirolik egin al duzu?
Korrika egiteari utzi nionean, duela 40 bat urte gutxi gorabehera, bizikletan ibiltzen hasi nintzen. Zikloturista naiz. Egun, bizikletarekin gozatzen dut. Korrika egiteari aspaldi utzi nion. Idiazabalgo jaietan karrera bat antolatzen da eta herrikook bakarrik parte hartzen dugu. Aurten 35. edizioa egin dugu eta ni naiz guztietan parte hartu duen bakarra. Hori dela eta, aurtengo edizioan oroigarria eman didate. Poza ematen du jendeak parte hartzearen balioa errekonozitzeak.
Mendian ibiltzea ere gustatzen zaizu.
Hori da. Mendian andrearekin ibiltzen naiz. Gazteagotan Pirinioetara joaten ginen eta gailurretara igotzen ginen. Egun, mendi-ibiliak egiten ditugu. 65 urte ditut dagoeneko… Duela gutxi Leongo mendietan ibili gara. Gustura. Bakoitzak adinaren eta ahalmenaren araberakoa egin behar du. Mendia hor dago beti, baina mendia ez da gailurrera igotzea bakarrik. Modu askotara goza daiteke.
Oso kirolzalea zara. Joko Olinpikoak ikusteko asmoa al duzu?
Bai, baina ikusi zalea baino gehiago, kirola egin zalea naiz. Eurokopa jokatu berri dute eta ez dut partida bakar bat ikusi. Laburpenak bakarrik. Kirola ikusteari ez diot denbora asko ematen. Tourra ikustea ere gustatzen zait, baina ordu horretan bizikletan ibiltzeko aukera badut, nahiago dut bizikletan ibili. Gauean laburpena ikusi eta kito.■
Bost goierritar, Nikaraguan brigadista
Xabier Intxaustiren argazki kuttunetako bat 1984ko urrian Nikaraguan atera zuten hau da. Brigadista moduan joan zen bertara, Goierriko beste lau lagunekin batera: Lake Oiarbide (ezkerrekoa), Agustin Urteaga Pantxo (bigarrena), Edurne Aranburu (hirugarrena) eta Eleuterio Jauregi Makalo. Argazkia azken honek atera zuen. Nikaragua hegoaldeko Laurel Galan kokagunean izan ziren, eskola bat eraikitzen. Hilabete batzuk eman zituzten bertan. Aranburu itzuli egin zen eta bertan bizi da.
Oso bizipen garrantzitsua izan zela dio. «Gure kasa joan ginen eta gure burua eskaini genuen, laguntzeko. Eskola eraikitzeaz gain, kafea eta kotoia bildu genituen. Turismoa ere egin genuen. 25 urte nituen eta oso bizipen garrantzitsua izan zen. Hunkigarria. Iraultza Sandinistaren 5. urteurrena zen eta Europako jende asko joan zen. Guk ere gure aletxoa jarri nahi genuen. Eskola bat eraikitzen lagundu izana oso esanguratsua da. Izan ere, handik itzulitakoan Zegamako eskolan lanean hasi nintzen».
1984a oso urte garrantzitsua izan zen Intxaustiren bizitzan. «Idiazabalgo krosak 40 urte bete ditu, lanean 40 urte eman ditut…».■