German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Gai asko eta anitzak daude munduan, hezkuntza sisteman zenbait gai orokor lantzen dira, hala ere, oinarrizko zenbait ez direla lantzen txikitatik susmoa hartua naiz. Oinarrizkoa zer den eta zer ez den definitzea baina ez da lan makala, bakoitzaren prisma edo gauzak ikusteko eta ulertzeko modua ezberdina baita. Hortxe gakoa, agian. Bestalde, ikasle oro ezberdina bada, zergatik erakusten zaie denei modu berean? Garun guztiak berdinak ez badira, eta ondorioz informazioa prozesatzeko modua berdina ez bada ikasle guztietan, zilegi al da modu bakar batean irakastea? Noren alde jokatzen du egun irakaskuntzan nagusitzen den irakasteko moduak? Eta, nortzuk uzten ditu bazterrean?
Zein ikasgai irakasten zaizkie ikasleei eta zein metodo dira erabiltzen direnak berauek irakasteko? Irakasteko modua inklusiboa al da? Kontuan hartzen al da ikasleen aniztasuna? Kontuan hartzen al dira ikasle autisten, itsuen, adimen gaitasun handikoen, dislexia motaren bat dutenen (eta beste hainbesteren)… beharrak? Hezkuntzatik behar beste baliabide eskaintzen al dira irakasleek eta gainontzeko adituek behar den arretaz eta profesionaltasunez lan egin dezaten?
Ez da aztia edo magoa izan behar ulertzeko ikasgela batean irakasle batek 25 ikasleri klasea eman behar badie ia ezinezkoa dela ikasle guztiei merezi duten arreta eskaintzea. Irakasleak ezin dira 7 puskatan zatitu, Voldemort bezala (eta eskerrak). Irakasleak ez dira komikietako edo bideojokoetako superheroiak, irakasleak pertsonak dira. Badirudi sarritan sistemak robotak bailiran tratatzen dituela eta ezinezkoak diren mugetara hel daitezen nahi duela, baina ondoren ikasleekiko enpatia eta gertutasuna izan ditzaten eskatzen zaie, pertsonak izan daitezela, alegia. Ba orduan tratatu pertsonak bezala eta ez robotak balira gisan. Honi guztiari zenbait irakasleren bokazio eta pasio falta gehitzen badiogu… Imajinatu koktela. Ez nuke edan nahi. Ikasleak ez dira sistemaren eraginkortasun eta profesionaltasun ezaren erantzule edo errudun, baina (besteak beste) beraiek dira ondorioak sufritzen dituztenak.
Neuroaniztasuna beti existitu den zerbait da, aberatsa bezain ederra, orain arte kontrakoa esan eta sinestarazi nahi izan zaigun arren. Garun guztiek ez dute berdin funtzionatzen, ez dira berdinak, beraz zergatik egokitu behar du ikasle batek ikasteko modu konkretu batera? Zergatik ez da sistema egokitzen ikasleen beharretara? Zenbait lekutan eta ikastetxeetan ari dira aurrerapausoak ematen, eta gaia, nolabait, erdigunean jartzen, hala ere, asko dago egiteko. Egin diezaiogun lekua aniztasunari, bere forma guztietan. ■