Goierriko hemezortzi udalerriek Goiekiren bidez egindako hitzarmen banari esker, herritarrei doako zerbitzua ematen dioten bi bulego daude Goierrin: Kontsumitzaileen bulegoa eta Energia bulegoa.
Batak 30 urteko ibilbidea, bestea lehena osatzeko bidean. Bi dira Goierrin bailara guztiko herritarrei informazioa eta aholkularitza emateko martxan dauden bulegoak. Hiru hamarkada daramatza zeregin horretan Bea Iñurritegi legazpiarrak Kontsumitzaileen bulegoan, eta iazko abendutik ari da Sara Irastorza zegamarra Energia bulegoa kudeatzen. Bi zerbitzu horiek Goierriko hemezortzi udalerriek Goiekiren bidez egindako hitzarmen banari esker daude martxan. Eskaintzen duten zerbitzuaz eta egiten duten lanaz hitz egin dute bi teknikariek.
Ordizian du sorburua Kontsumitzaileen bulegoak. 1986an hasi zen halako zerbitzuak eskaintzen herritarrei, eta hala aritu zen urte batzuetan, harik eta 1994an Ordiziak, Beasainek eta Lazkaok akordioa Goiekiren bidez egin, eta Goierriko Kontsumitzaileen Bulegoa izatera igaro zen arte. Harrezkero hiru herri nagusienetan ematen du zerbitzua txandaka, baina eskualdeko herritar guztiei irekia da.
Bitartekaritza lana
Doako arreta zuzena eskaintzen die goierritarrei, eta bi helburu nagusi ditu: herritarrek, ondasunak erostean eta zerbitzuak erabiltzean, kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak nola babestu behar dituzten azaltzea batetik, eta bestetik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen kexak eta erreklamazioak jaso eta dagozkien entitate eta erakundeetara bideratzea.
Eskarmentu handia du Iñurritegik langintza honetan, eta hasi zenetik hona beharrak asko aldatu direla nabarmendu du: «Orduan ez zegoen Internetik, eta orduko erreklamazio asko eta asko etxebizitzari lotutakoak ziren –erosketarekin arazoak, bermeekin arazoak, aseguruak…–, eta gaur egun, telefonia gaiak, energia hornidurak eta online erosketak ari dira nagusitzen».
Teknikariak azaldu duenez, helburua «bi aldeen arteko akordioa» bilatzea da. «Kontsumo-gatazka bat erreklamatzen denean, Kontsumobide bitartekaritza egiten saiatuko da alderdien artean –kontsumitzailea eta enpresa–, gatazka konpontzeko akordio batera iritsi ahal izan daitezen. Hori bai, aurretik dokumentazioa eduki behar da eta horretarako, edozein zerbitzu kontratatzerakoan edo zerbait erosterakoan, dokumentazioa eskatuko dugu, kontratua, fakturak eta tramitazioan lagun dezakeen guztia».
Bulegoaren bidez ez badute ezer lortzen, Kontsumobideko kontsumo-arbitrajera jo dezakete kaltetuek. Hala ere, Iñurritegik argi utzi nahi du ez dutela zerikusirik kontsumo elkarte pribatuekin. «Guk zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, doakoa, baina askok nahastu egiten gaituzte».
Orain 30 urteko filosofia berarekin jarraitzen du Kontsumitzaileen bulegoak, eta Beasainen, Lazkaon eta Ordizian ematen du aurrez aurreko arreta. «Zerbitzua Goierri eskualdeko herritar guztientzat da, eta edozein bulegotara hurbildu daitezke». Herri ertain eta txikietako jendeak ere egiten ditu kontsultak. Kontsumitzaileen profilari buruz galdetuta, «adin eta klase sozial guztietakoak» direla nabarmendu du. «Alde horretatik ez dut diferentziarik ikusten». Iaz 657 kontsumitzaileri eman zien arreta.
Energiaren inguruko argibideak
Iazko abenduan jarri zuen martxan Goiekik Goierriko Energia bulegoa, hemezortzi udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamenduarekin elkarlanean. Goierritarrei energiaren inguruko zalantzak argitzen laguntzea da haren egiteko nagusia. Sara Irastorza ari da zeregin horretan azken zortzi hilabeteetan, eta balorazio ona egiten du. «Jende asko ari da gerturatzen. Denbora honetan 232 pertsonari eman diogu zerbitzua, eta bulego berria denez, ahoz aho ere asko zabaltzen ari da. Jendea oso eskertuta dago, energiari lotutako gai asko ez baititugu ondo ulertzen».
Argindarraren eta gasaren fakturak ulertzen, aztertzen eta optimizatzen, tramiteen kudeaketan laguntzen (kontratu eta potentzia aldaketak), bonu sozialaren eta diru-laguntzen inguruko informazioa ematen eta aholkulari lanak egiten aritzen da Irastorza. «Kezka nagusiak argindar eta gas fakturen ingurukoak dira, %98a. Egoera zaurgarrian dagoen jendea ere etortzen da, bonu sozialaren bidez argindarraren fakturan deskontua lortzeko».
Energia bulegoa ere ibiltaria da. Hiru herri nagusienetan, hiru egunez, goizez egoten da txandaka, arratsaldeetan Goiekin, eta gainontzeko egunetan herri txikietan zerbitzua emateko modua egiten du. «Herri txikietara joaten naizenean, udalak beraiek arduratzen dira herritarrei zerbitzua egongo dela komunikatzeaz. Harrera ona izan dugu».
Bi teknikariek goierritarrei gogorarazi nahi diete ateak zabalik dituztela. «Jendeak jakin behar du hemen gaudela, eta edozein gestio egin baino lehen informazioa eman diezaiekegula», esan du Iñurritegik. Eta Irastorzak, honakoa: «Jendeari esango nioke etor daitezela argindar eta gas fakturak begiratzera, prezioak eta baldintzak aldatu egiten baitira urteak pasa ahala. Argi edo gas kontratu egokia edukitzea gakoa izan daiteke etxeetan dirua aurrezteko». ■
BULEGOEN INFORMAZIOA
Kontsumitzaileen bulegoa
- Ordizia. Astelehena eta asteazkena. Udaletxeko arreta bulegoa.
- Beasain. Asteartea eta ostirala. Martina Maiz, 3.
- Lazkao. Osteguna. Udaletxea.
- Ordutegia. 10:00-14:00.
Energia bulegoa
- Lazkao. Astelehena. Udaletxea (10:00-14:00)
- Beasain. Asteazkena. Martina Maiz, 3 (10:00-14:00)
- Ordizia. Ostirala. Udaletxeko arreta bulegoa (09:00-13:00)
- Goieki. Astelehenetik ostegunera. Arranomendia, 5. NBF Eraikina (15:00-17:30)
- Herri ertain eta txikiak. Zerbitzua aurrez aurre emateko aukera dago.