Urteak dira Anduetza Parketxeak ingurumen heziketa programak garatzen dituela: basoak, ekosistemak, natur eta kultur ondarea… Gai ezberdinak lantzen dituzte ikastetxeekin elkarlanean. Joan den ikasturtean, Baserritarrak gara gu izenpean, lehen sektorean jarri nahi izan zuten arreta ikastetxeei zuzendutako programan. Parketxearen bidez, Zegamako Altzibar baserrira joaten dira bisitan ikastetxe ezberdinetako ikasleak taldeka, eta bertan, nekazaritzaz aritzen dira Josetxo Mendia nekazariarekin batera. Zuzen-zuzenean ezagutzen dute baserriko bizimodua eta lana, baratzean eskuak zikinduta.
Aizkorri-Aratz Natur Parkearen ondarea azpimarratzeaz gain, nekazarien lana ezagutaraztea, lehen sektorea balioan jartzea eta egungo ingurunearen hasiera, zergatiak eta garrantzia plazaratzea dira programaren helburuak, ikasleek eskuak zikintzearekin eta lana lehen pertsonan ezagutzearekin batera. Nekazariak zuzenean transmititzen dizkie lehen sektorearen ingurukoak: lurraren errotazioa, sasoiak, ekosistema, baratze inguruko zuhaitzen edo lurrean bizi diren animalien garrantzia, kate trofikoa, plagak ekiditeko gakoak… Aurreko ikasturtean ikastetxe dezentek parte hartu zuten ekimenean, eta datorren ikasturtean ere promozionatuko dute programa, irailetik aurrera.
Parketxean bertan ere bai
Altzibar baserrira joan baino lehen, dena den, testuinguruan kokatzeko ikasgaiak izaten dituzte ikasleek aire zabalean. Bidegorritik joaten dira bertara, landa paisaian ikusten ari direna transmititzen diete hezitzaileek, baserrira iristean non dauden uler dezaten.
Beste atal dinamikoago bat ere badaukate programari lotuta, Anduetza Parketxean bertan lantzen dena. Elikadura orekatua zer den, etxeetan ikusten dituzten barazki eta fruituak nondik datozen eta ze bide jarraitzen duten, supermerkatuen funtzionamendua, azokak, garaiko fruitu eta barazkiak… jolas baten bitartez, lehen sektorearen garrantzia nabarmentzen dute.
Urtarrilean eta otsailean ezin dute programa garatu, Altzibarreko baratzean orduan egiten baitituzte errotazioak eta lurrari arnasa hartzeko tartea ematen diote. Bi hilabete horietan izan ezik, urte osoan zehar daukate martxan Baserritarrak gara gu programa. ■