Hirugarren aldia du Haitz Goiak (Zegama, 2005) Euskarabenturan. Lehenengoan gazte gisa joan zen, hurrengoan xerpa laguntzaile izan zen, eta aurten xerpa lanetan dabil. Egitasmoa bere bizitzaren parte handi bat bilakatu da.
Zergatik Euskarabentura?
Euskal Herriko txoko desberdinetako gazteak batzen dituen egitasmoa da eta 7 probintzietako 125 gazte inguruz osatutakoa. Gazte hauek zein bertako begiraleok sare oso sendoa sortzen dugu eta errealitate desberdinak ezagutzeko aukera ematen digu. Atharratzen hasi dugu aurtengo espedizioa eta hilabete osoan zehar txoko desberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, baita bertako errealitatea ere: Zuberoako euskararen zein baxoaren eta brebetaren egoera, Nafarroa hegoaldeko errealitate linguistikoa… Beraz, beste udalekuetatik bereizten duena hori da batez ere.
Zer da gazte batentzat Euskarabenturako xerpa izatea?
Ni gazte bezala izana nengoen eta horrek beti egiten du bereziago esperientzia, gazte bezala izan zaren udaleku batean begirale izateko aukera beti da berezia. Euskal Herriko 125-130 pertsonako gazte sare bat sortzen da, gazte mugituz osatua, izan ere, parte hartzeko proiektu bat aurkeztu behar da eta gazte hauek haien anbizio, egonezin eta jakin-minak mugituta hasten dira proiektu horretan lanean. Beraz, Euskal Herriko errealitate desberdinak ezagutzeko jakin-mina eta gogoa dituzte ezaugarri nagusitzat bertako parte-hartzaileek eta horrek xerpa izatean eragina dauka, izan ere, asko ikasten dut bai haiengandik bai haiekin bizitako esperientzietatik. Uda pasatzeko modu desberdin bat da bertako xerpa izatea eta oso aberasgarria, nire ustetan.
Duela gutxi izan zarete Goierrin. Nola bizi duzu zure eskualdetik pasatzea?
Urtero pasatzen gara. Aurten Araiatik iritsi gara Goierrira, Aizkorriko magaletik pasa eta Zegama igaroz Zerainen egin dugu geldialdia. Espedizioan urtero da berezia Zeraingo geldialdia, izan ere, bertso-afaria egiten dugu eta herri osoa mugitzen da EuskarAbenturako gazteei afaria prestatzeko. Aurten Iker Zubeldia eta Aratz Igartzabal izan dira bertsotan. Zeraingo geldialdiak duen beste berezitasunetako bat espedizioaren erdia markatzen duela da. Hau hala izanik, partaide guztientzat da berezia Zerain, eta zer esanik ez goierritar batentzat. Beasainen egin genuen geldialdia Goierriko bigarren egunean eta bertatik jada trenez Tolosara joan ginen.
Zer ematen dizu esperientzia honek?
Pertsonalki asko ematen dit eta nire bizitzaren parte da jada. Uda oso ondo pasatzeko espazio bat ematen dit, seguru sentiarazten nauena eta ikasteko eta ondo pasatzeko aukera ematen didana. Horrez gain, jendea ezagutzeko aukera ematen du. Gauza politak ateratzen dira bertatik, bakoitza bere ezinegonak mugituta ikasten baitoa bertan eta elkarrekin ikasteko aukera ematen digu horrek. Bakoitzaren errealitatearen araberako ikuspuntuak jasotzeko eta hauen inguruan hausnartzeko tartea izaten dugu eta niretzat oso aberasgarria da. Datorren urteetara begira ere gustatuko litzaidake parte hartzea baina eskaera asko daude eta gutxi batzuek lortzen dute bertan sartzea.■