Arantza Bidegain (Mutiloa, 1960) Mutiloan jaio zen, baina hilabete bakarrik eman zuen bertan. Gabiriako Kutzetan bizi izan zen eta ondoren Elizalden, ezkondu zen arte. 25 urterekin ezkondu zen eta bi seme ditu: Mikel eta Eñaut. Gabiriako eskolako ikasketak bukatu bezain laster, 14 urterekin, Urruti tailerrean lanean hasi zen Lierni Gabilondo ikaskidearekin batera. Ikasketak ostiralean bukatu zituzten eta astelehenean lanera joan ziren. Tailerra Itsasondora eraman zuten eta Iñigo Andolarena da egun. 49 urte eta erdi lanean eman ondoren, azaroan aurrejubilatu egin zen.
Ze zaletasun dituzu?
Mendian ibiltzea, sudokuak egitea eta inguruko herriren batean lagunekin gosaltzea. Beasainen edo Zumarragan, adibidez.
Gustuko mendia?
Asko mugitu gabe, mendi asko daude. Hemen bertan, Otaño, Aizeleku, Murgil… Eta Urbiako zelaian paseatzea plazera da.
Pelikula edo telesail bat?
El valor de una madre pelikula aipatuko nue. Aurrejubilatu ondoren, pelikulak ikusteko aukera dut. Lehen lo hartzen nuen.
Musika talde bat?
Egan taldea. Kontzertu guztietara joaten ginen.
Abesti bat?
Eganen Mexiko abestia.
Liburu bat?
Ken Follet idazlearen Los pilares de la tierra asko gustatu zitzaidan.
Kolore bat?
Berdea.
Zer gosaltzen duzu?
Kiwi bat, kafesnea eta ogi xigortua olioarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Egun ahaztezin asko ditut. Guztietan azkena, aurrejubilazioa eskaini zidatenekoa. Etxera joan nintzenean ezin nuen esan ere egin. Nagusia oso ondo portatu da.
Inoiz jaso duzun opari bereziena?
Biloben jaiotza.
Amets bat?
Kalean euskara gehiago entzutea. Gabirian ere garai batean baino gutxiago entzuten da.
Goierriko txoko bat?
Murgil gaina.
Gabirian biziko ez bazina?
Eraman egin beharko nindukete eta nola itzuli pentsatzen arituko nintzateke.