Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Paris 2024 entzutean zein da burura datorkigun lehen irudietako bat? Askok lotuko dugu udako Olinpiar Jokoekin, ziurrenik. Baita zutabe honen izenburua ere, Olinpiar Jokoen leloa: “are azkarrago, are altuago, are indartsuago”.
Parisen uztailaren 26tik abuztuaren 11ra gertatuak aitzakiatzat hartuta, eta hasi berri diren Paralinpiar Jokoen testuinguruan, abuztuaren 28tik irailaren 8ra, kirol sistemako beste hari mutur bati egingo diot tira.
Kirolak mundu mailako geopolitikarekin duen lotura estua bezain beldurgarria da. Kirol entitateek, tartean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) eta Nazioarteko Kirol Federazioek, erabakiak kasualitatez baino kausalitatez hartzen dituzte. Zein herrialde da nagusi, nori bermatu nahi zaio bere boterea mantendu edota areagotzea? Norabide horretan sortzen dira araudiak.
1. Palestinako genozidioan 40000 pertsonatik gora hil dituztenean, Israelek parte hartu al du Parisen? Bai. Are gehiago, gizonezkoen txirrindularitzan talde profesionala du eta lehiatzen jarraitzen du.
2. Zein herrialdetako kirolariak dira nazioarteko lehiaketa askotan parte hartzekotan salbuespenezko araudiak onartu eta euren herrialdeko koloreei zein banderei uko egin behar dietenak? Errusia eta Bielorrusia, bereziki. Bandera neutrala asmatu dute, neutroa existituko bailitzan. 2022an proposatu zuten 35 herrialdek, Europar Batasuneko 25ek eta beste 10ek, tartean AEBak, Ukrainako gerraren testuinguruan debekua ezartzea. Lehenagotik ezarri zion debekua Errusiari NOBk, estatu mailako dopin sare sistematiko baten harira, Tokio 2021en ere parte hartzea eragotziz.
3. Errefuxiatuen taldea sortu zuten 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako. Parisen 37 kirolarik hartu dute parte Olinpiar Jokoetan eta 9 izango dira Paralinpiar Jokoetan. Munduan 120 milioi pertsona baino gehiago dira indarrez lekualdatuak jazarpen, gatazka, indarkeria edo giza eskubideen urraketen ondorioz.
4. Imane Khelif, Lin Yu-Ting eta Caster Semenyak testosterona euren organismoetan sortzen dute. Aljeria, Taiwan eta Hegoafrikakoak dira, ez AEBak edo Britainia Handikoak.
5. Domina-zerrendan herrialdeen arteko lehia eta munduko potentzien indar erakustaldi nahia handia da eta Txinak estu hartu du AEBak Parisko Olinpiar Jokoetan, urrezko domina kopuru bera eskuratuz.
Kirolak eta politikak ez dutela loturarik entzuten duzuen hurrengoan, gogoratu sportwashing edo kirolaren bidezko zuriketaz. Nor azkarrago, nor altuago, nor indartsuago? ■