2023ko irailaren 22an Aitor eta Galder gazteen espetxeratzea salatzeko egindako ekintzetan parte hartu zuten 133 kide isunduta, 290.500 euroko isuna jarri diote Ernai gazte antolakundeari. Ernaik mozal legearen aplikazio «desproportzionatua» salatu du.
Goierriko Ernaiko kideek hitzordu garrantzitsua dute hurrengo astean, irailaren 8an, Donostian. Izan ere, 290.500 euroko isuna ezarri dio Eusko Jaurlaritzak gazte antolakundeari, Aitor eta Galder gazte arabarren espetxeratzea salatzeko 2023ko irailaren 22an egindako ekintzetan parte hartu zuten 133 kideak isunduta. Horietako batzuk goierritarrak ziren -hiru-, eta eskualdean 5.500 euroko isuna jaso dute. Isundutako kide bakoitzak 1.500 eta 2.500 euro arteko isuna jaso du. Goierriko Ernaiko kideek diotenaren arabera, «mozal legea modu desproportzionatuan» aplikatu du segurtasun sailak «arbitrarioki jokatuz». Ondorioz, antolakundeak, 133 isun horien aurkako helegitea aurkeztu du, prozesu judizial bati bide emanez eta desadostasuna mahai gaineratuz.
Testuinguru honetan, mobilizatzera dei egin du antolakundeak eta goierritarrek uztailean zehar bideo baten bitartez egoeraren berri eman zuten, baita mobilizatzeko deia eskualdean zabaldu ere. Horrez gain, aipatu dutenaren arabera, «mozal legea herri mugimendua kolpatzeko tresna gisa erabilia izan da 2015az geroztik» eta antolakundea «desagerrarazteko» saiakera gisa ikusten dute zigor hau, hau da, «euskal gazteriarekiko eraso zuzen gisa eta operazio politiko oso larri gisa». Honen aurrean euskal jendarteari «bat egiteko» deia egin diete, eta adierazi dute «independentziaren aldeko aldarria inoiz baino garrantzitsuagoa» dela egoera hauek ekiditera bidean. Argi utzi nahi izan dute «ez dutela gazte borroka geratzerik lortuko».
Antolakundea laguntzeko hainbat modu dituztela aipatu dute. Bat eginez independentziara. Errepresio ekonomikorik ez, gazte borroka geldiezina da lelopean, sare sozialetan eta Ernairen webgunean zabaldutako kontu korrontean egin daitezke ekarpenak, baita Goierriko taberna desberdinetan dauden itsulapikoetan ere. Horrez gain, eskualdean Ernai egiten ari den «AHTaren aurkako eta tren sozialaren aldeko apustuan berretsiz» mobilizaziora trenez joateko deia egin dute eta elkarrekin joateko «datozen egunetan zabalduko dutela deialdia», adierazi dute. Egun horretan Donostiako kaleak «aldarriz betetzearen garrantzia» azpimarratu nahi izan dute eta egun osoko egitaraua dutela aipatu dute, goizean kale apainketarekin hasi, mobilizazioarekin jarraitu eta aisialdi eskaintzarekin amaitzeko eguna.