Landa eremuko etxebizitzetan ere jasotzen dute posta. Horretarako, Goierrin, Correos-eko hamar bat postari dabiltza banaketan. Legorretako eta Idiazabalgo postariek landa eremuko «gertutasuna» azpimarratu dute.
Batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago, baina guztiok jasotzen ditugu noizean behin jakinarazpenak, ziurtagiriak edo bestelako postak etxeetan, izan fakturak, isunak, eskutitzak edo egindako erosketak. Postontzietan utzi daitezkeen postak badaude, baina beste batzuk eskura eman eta notifikatzen dituzte postariek. Herriguneko biztanleek ez ezik, landa eremuan eta mendialdean bizi direnek ere jasotzen dituzte jaso beharrekoak haien etxebizitzetan, landa eremuko postarien eskutik.
Horretarako, landa eremuko banaketa egiteko, baserri-guneko hainbat postari daude Correos-en lanean. Eskaintza dibertsifikatzeko ahaleginean, postaz harago beste hainbat zerbitzu eskaintzen hasi da espainiar estatuko posta enpresarik zaharrena dena -eta bertan posta zerbitzu unibertsala esleituta duena 2026ra arte-, enpresaren hitzetan, «gertuko zerbitzuak biztanle guztiei eskaintzeko eta despopulatzea saihesteko» helburuarekin. Gipuzkoa osoan, 42 postarik egiten dute lan landa eremuko banaketa egiten, horietatik hamar bat Goierrin daudelarik.
Ataunen, Idiazabalen, Legorretan, Ormaiztegin, Seguran, Zaldibian eta Zegaman daude bulegoak herri txikiei dagokienez, eta herri handixeagoei dagokienean, Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Zumarraga-Urretxun. Altzagako, Aramako eta Itsasondoko banaketak Ordiziatik bideratzen dituzte; Gabiriakoak, Ormaiztegitik; Ezkio-Itsasokoak, Zumarragatik; Gaintzakoak, Zaldibiatik; Mutiloakoak eta Zeraingoak, Seguratik; eta Olaberrikoak, Lazkaotik. Bulego fisikoa izan edo ez, herri bakoitzeko baserrietara banatzeko postari bana dago.
Izaskun Gomez (Beasain, 1974) izan da azken urteetan eta oraindik ere bada Idiazabalgo bulegoko langilea eta, hortaz, udalerriko herriguneko zein landa eremuko banaketaz arduratzen dena. Urte asko daramatza postari lanetan, landa eremuan zein herrietan. Bi orduz egoten da bulegoa irekita, goizez -horrela da landa guneko bulego guztietan-, eta ondoren etxez etxeko zein baserriz baserriko lanak egiten ditu. Azaldu duen bezala, herri handietako bulegoetan hasten dute eguna, Idiazabalgo kasuan, Beasainen: «Bertatik kartak, paketeak, dena delakoak hartu, hona ekarri eta banaketa prestatzen dut, 11:30ak arte, gero herrira, poligonoetara, baserrietara…ateratzeko». Langile bakarra denez, harremanetan jarri ohi da landatarrekin bertara joan aurretik: «Bertara joaten gara hala, edo bulegora etortzen dira haiek, enkarguak egitera jaisten direnean. Harremana zuzena da».
Gertukoa
Hori da landa eremuan lan egitearen ezaugarri nagusienetakoa Gomezentzat: gertutasuna. Herri handiagoetan ez bezala, langile bakarra izanik, «harreman estuagoak sortzen» dira herritarrekin: «Beti berdinekin gabiltzalako, eta azkenean ezagutu egiten zara. Harremana ezberdina da Beasain batean edo Idiazabalen. Gainera, ni bakarra naizenez erreferentzia ni naiz postari bezala».
Ia «berdin du» non egon, kalean aurkitzen direnean ere hitz egin dezakete jaso edo banatu beharrekoez. Terminal mugikorrak (PDA’S) daramatzate postariek gainean beti, eta horren bidez, ia edozein momentutan egin ditzakete tramiteak: «Ordainketak egin daitezke esku dirutan edo txartelarekin, arazo teknikorik ez badago, eta hori abantaila da: makina gainean daramagu eta kalean aurkitzen bagara segituan egiten diet», azaldu du Gomezek.
«Beti berdinekin gabiltza, eta azkenean ezagutu egiten zara. Harremana ezberdina da Beasain batean edo Idiazabalen. Gainera, ni bakarra naizenez erreferentzia ni naiz postari bezala»
«Jendeak noizbehinka zerbait ematen dizu, izan baserriko produktuak edo bestelakoak eskerrak emateko, eta hori ere asko eskertzen da».
IZASKUN GOMEZ. Landa eremuko postaria
Harremanetan daudenez postaria eta herritar-landatarrak, beharren eta ahalmenaren (denbora, langile bakarra iristen deneraino, momentuan ez bada, ondoren) arabera leku batean edo bestean egiten dituzte eginbeharrekoak. «Mugikortasun arazoak dituztenekin ere gertatu izan da, horrenbeste jaitsi ezin direnak eta gu ahalegintzen gara joaten. Jendeak eskertzen du». Eta esker ona hitzez ez ezik, opari eran ere erakutsi izan diote: «Jendeak noizbehinka zerbait ematen dizu, izan baserriko produktuak edo bestelakoak eskerrak emateko, eta hori ere asko eskertzen da».
Gaur egun, internet bidezko geroz eta erosketa gehiago egiten diren garaian, paketeak itzultzea da, Gomezen esperientzian, zerbitzurik erabiliena Idiazabalgo herritarren artean. Kasu horretan, aldatu nahi dituzten edo zuzenean itzuli nahi dituzten paketeak bulegora eramaten dituzte herritarrek, eta Correos bidez bueltatzen dituzte: «Nire kasuan hori da zerbitzurik erabiliena, jende askok erabiltzen du».
Kutxazaina etxean
Paketeen banaketa eta itzulketaz edo ohiko postaren banaketaz harago, zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira etxe eta baserrietako ateetan. Maider Lopez (Aia, 1974) Itsasondon, Araman eta Altzagan dabil postari lanetan egun, eta Legorretan hasiko da laster -duela hilabete arte ere bertan ibili zen-. Dirua atera ahal izatea nabarmendu du zerbitzu berrien artean. «Dirua atera dezakezu postariaren bitartez. Oraindik berria da eta jendea ez dago ohituta, aurrena eskaera egin behar duzulako eta baserri mundua aldatzen ari delako oraindik, betikoari ez eskatu internetez ezer egiteko… Telefonoz ere egin daiteke. Berez, edozein ziurtagiri bezala eramaten dugu etxeetara», azaldu du. Hori bai, dirua banketxe konkretu batzuetan izanez gero egin daiteke soilik. Autoentzako isurien pegatinak, tributuen ordainketak, argi eta telefono zerbitzuen tramiteak, DGTaren tramiteak, aseguru-etxeen eskaintzak, enbalatze eta zigiluen salmenta edota loteria salmenta ere eskaintzen dute.
Lopezentzat landa eremuan geroz eta garrantzi handiagoa duen beste zerbitzu bat, edo «inportanteena», produktu hotzak bidali eta garraiatzekoa da. «Ustiategi txiki bat baldin badaukazu, bezeroari zuzenean bidali diezaiokezu produktua etxera. Pixkanaka hasi da jendea hori erabiltzen. Ni baserrikoa naiz, eta bere garaian salmenta egiteko aukera izan nezakeenean ez zegoen aukera hori».
Han eta hemen
Itsasondoko, Aramako eta Altzagako banaketak egiteko landa eremuko bulegorik ez dagoenez, Ordiziatik bideratzen dituzte entregak. Horretan dabil Lopez. Baliarrain ere berak kubritzen du. Ordizian hasten du laneguna, Ordiziako bulegoa baitu lantoki Legorretan berriz hasi arte, eta bertatik egiten du banaketa. Oposaketa bidezko lanpostuak direnez, beharraren arabera han eta hemen ibiltzen da. Zaldibian ere izan berri da aurreko astean. Aurretik Mutrikun, Donostian, Hondarribian….egon da lanean, «gehienetan landa eremuetan».
Herriguneetan eta landa eremuetan eskaintzen diren zerbitzuak berdinak dira, baina orain Correosek «kohesio interterritoriala lortu» nahi duela azaldu du aiarrak, eta beharrezkotzat jo ditu, batez ere, «behintzat eta garrantzitsuena delako biztanle guztiek jakitea zer jaso duten». Horregatik, dio, denera iristen ez direnetan ere, harremanetan jartzen direla posta jaso duenarekin, «arazoa zer daukazun ez jakitea» baita. «Jada ezagunak ditugu eta zuzenean komunikatzen diegu: ‘nahi al duzu buzoian uztea? edo etxera eramatea?’ eta horrela denok dakigu nora jo behar dugun».
«Dirua atera dezakezu postariaren bitartez. Oraindik berria da eta jendea ez dago ohituta, aurrena eskaera egin behar duzulako eta baserri mundua aldatzen ari delako oraindik, betikoari ez eskatu internetez ezer egiteko… Telefonoz ere egin daiteke. Berez, edozein ziurtagiri bezala eramaten dugu etxeetara»
«Baserrietan jendea arduratu egiten da, laguntzen saiatzen da, eta harremana gurekiko gertuagoa eta estuagoa da. Ordezkoa naiz ni orain eta jada galdetzen didate ‘non dago bestea?’ Ezagutu egiten gaituzte eta gustura hartzen gaituzte»
MAIDER LOPEZ. Landa eremuko postaria
Landa eremuetan buzoiak komunitarioak izaten dira, etxetxo formakoak askotan, bide ertzetan kokatuak egoten direnak. «’Palomera’ deitzen diegu». Baserriz baserri joateko beharrik ez dutenean, buzoian utzi daitezkeenak direlako edo hartzaileak hala eskatu duelako, bertan uzten dituzte banatu beharrekoak. «Etxeetara joaten gara notifikazioak, ziurtagiriak edo paketeak direnean, hala adosten badugu eta bertan baldin badaude. Gauza batzuk ezin dituzu buzoian utzi».
Alde batetik bestera
Kotxea beharrezko lan tresna da landa eremuko postarientzat, eremu zabalak hartzen dituztelako. Goizean kamioia bulego nagusira iritsi ondoren, banaketa planifikatu, klasifikazioa egin, herritarrekin harremanetan jarri, banaketa egin… «Eskematizatuta daukagu eguna, oso justu ibiltzen gara, eta eguna azkar pasatzen zaizu». Beste tresna nagusia PDA’S-a da, terminal mugikorra. Sinatzeko, saltzeko, fakturak kobratzeko, jaso dela ziurtatzeko, bidaltzeko, DGTko pegatinak edo isunak ordaintzeko… «Hori gabe ezin gara atera, horren bidez eskaintzen ditugulako duela gutxi arte bulegoan bakarrik egin zitezkeen zerbitzu asko».
Baserrian, laguntzeko prest
Gomezek bezala, Lopezek ere landa guneko biztanleekin sortzen den harremana nabarmentzen du herri handien eta herri txikien arteko banaketaren harira, eta baita landa eremuko biztanleen jarrera ere. Anekdota mordoa gogoratzen ditu Lopezek, azkena, erreportajea egin zen egun berean -aurreko astean egin zen- bizitakoa, landatarren jarrera goraipatzen duena nolabait: «Lau etxebizitzetan banatutako baserri batera joan naiz izenik gabeko pakete batekin, Txinatik iritsitakoa, karguarekin. Baratzean zegoen gizona, harengana joan eta ‘aizu Txinara eskatu al duzue ezer?’ Eta hark baietz, aldamenekoari entzun ziola zapata batzuk eskatu zituela, eta hark ordaindu eta hartu egin dizkio muga-zergak. Hori kalean ez da gertatzen».
Kalean «orokorrean bakoitza berera» doala nabari du postariak, eta baserri munduan, ordea, «kontzientziatuago» edo «laguntzeko prestutasun handiagoarekin» dagoela jendea.
Postariekiko ere «gertutasun handiagoa» nabaritzen du, «dudarik gabe». «Baserrietan jendea arduratu egiten da, laguntzen saiatzen da, eta harremana gurekiko gertuagoa eta estuagoa da. Ordezkoa naiz ni orain eta jada galdetzen didate ‘non dago bestea?’ Ezagutu egiten gaituzte eta gustura hartzen gaituzte».
Harreman zuzen eta estu horren ondorioz, hartzaileek postaria ezagutzen dute, eta baita postariak inguruko biztanleak ere. Erreportaje osatu bitartean, Ipar Ameriketatik Goierrira bizitzera etorritako bikote batekin aritu da hizketan Gomez, zuzenean ingelesez: «Azkenean astero etortzen bazara, ezagutzen dituzu eta hartu-emanak errazagoak dira. Jende oso jatorrarekin egin dut topo».
Plaza eskuratuta duen Gomezek Idiazabalen jarraituko du, ordezkoak kubritzen dabilen Lopez berriro Legorreta kubritzera pasako delarik datorren astean. Landa eremuko eskaintza dibertsifikatzea bilatzen da, bulegoko zerbitzuak baserrietara eramatea, Goierriko landa eremuetan banatzen dabiltzan hamar postari ingururen eskutik.