Uxune Urkia Sein (Idiazabal, 1997) Tolosaldea klubeko trainerura itzuli da aurten, iazko sasoian lana eta ikasketak zirela etenaldia egin ondoren. «Bizitzak ez zidan ematen», esan du. Kirol gogorra dela eta dedikazio handia eskatzen duela gaineratu du.
Zerbait berezia izango du arraunak.
Ez da bakarrik arraunak ematen dizuna, taldeak ematen dizuna ere bada. Traineru barruan hamalau goaz baina hemeretzi gara taldean, eta guztion artean sortzen den giroa espeziala da. Itsasoa ere berezia da.
Nola uztartzen dituzu arrauna eta lana?
Dezenteko zortea daukat, Urretxun lan egiten dudalako [irakaslea da Urretxu-Zumarraga Ikastolan] eta bazkalordurako etxera itzultzen naizelako. Arratsaldeak libre izaten ditut gimnasiora joateko edo entrenatzeko. Udan, oporrak izaten ditudanez, erraztasun handiagoa izaten dut lehiatzeko.
Irakasle, bokazioz?
Helburu profesional bat eduki beharra dago bizitzan eta nirea irakasle izatea zen. Umeekin tratua izatea, irakastea… gustatzen zait. Hasi berria naiz, halere.
Arraunean ikasitakoak balio izan dizu arlo profesionalean?
Jendearekin egunerokotasunean jarduteko balio izan dit. Taldeko kirol batean pertsona ezberdinak, izaera ezberdinak, askotariko helburuak… nahasten dira eta ikasleen artean ere antzekoa da: izaera ezberdinak, bakoitzak bere zamak, egun hobeak eta txarrak…
Eta haurrek zerbait irakatsi dizute traineru barruan erabilgarri dena?
Taldean zaharrenetakoa naiz eta askotan irakasle lanak egitea eta urduritasunak baretzea tokatzen zait.
2012an hasi zinen arraunean eta azken zortzi denboraldiak Tolosaldean egin dituzu. Asko aldatu da arrauna hamarkada honetan?
Prestaketa asko hobetu da eta, horri esker, maila asko igo da. Gainera, traineru gehiago gara, aurten inoiz baino estropada gehiago izan ditugu, geroz eta garrantzi handiagoa dugu… goraka doan kirola da. Gustura nago izandako bilakaerarekin.
«Arraunean prestaketa asko hobetu da eta, horri esker, maila asko igo da»
Mutilekin batera egiten duzue arraun, joko eremu berean baina nahastu gabe. Gustatuko litzaizuke Euskotren eta Euskolabel ligek bideak bereiztea?
Lehen mailan ezinezkoa da. Telebista guretzat ezinbestekoa da eta denok agertzeko toki berean egon behar gara. Hobetzekotan, estropada kopuru berdina jokatzea esango nuke.
Etorkizunik badu arraunak? Atzetik badatoz gazteak?
Gure atzetik kristoren jende pila dago; Tolosan (Gipuzkoa), bereziki, trainerua atera genuenean neska gazte asko animatu ziren arraunean eta harrobia egon badago. Goierritarren bat ere badagoela uste dut. Nahiz eta oso kirol sakrifikatua izan, nahi izanez gero ateratzen da denbora.
Goierritarra izan arren arraunean aritzeak harritzen ditu ingurukoak?
Tolosan eta Hernanin (Gipuzkoa) aspalditik egon da arraunerako ohitura, nahiz eta barnealdeko herriak izan. Goierrin ez horrenbeste, eta orduan normala da jendea harritzea. Non egiten dugun arraun galdetzen didate, ea errekan trainerua kabitzen den…
Idiazabalen arraunari ez zaio jarraipenik egiten?
Orioren zaleren bat edo beste badago, eta ni ikusteko telebista pizten duen bateren bat. Barnealdeko herrietan zailagoa da arraunerako zaletasuna sustatzea.
Sekula pentsatu duzu Goierri utzi eta kostaldeko herri batera joatea bizitzera arraunagatik?
Zarautzen bizi izandakoa naiz urte batzuetan eta erosoagoa zen, baina ez dut inoiz benetan pentsatu bizilekua aldatzea. Oso gustura bizi naiz Idiazabalen.
Joan etorrian denbora apur bat igaroko duzu.
Gimnasioko lanak, neguan, Idiazabalen bertan egiten ditut. Asteburuetan Pasaiara (Gipuzkoa) joaten gara entrenatzera. Udan, denboraldi betean, beti entrenatzen dugu Pasaian.
Amaren aldeko familia pasaitarra duzu.
Ama San Pedrokoa da eta aitona San Joangoa. Txikitatik izan dugu estropadak ikustera joateko ohitura eta hortik datorkit zaletasuna. Halako batean, Tolosaldean arraunean hasteko aukera suertatu zen eta horrela hasi nintzen, bateletan.
«Txikitatik hasi ginen berdinak gauza handiak lortzen ari gara eta hori oso polita da»
Animatuko zinateke Pasaian arraun egitera naiz eta Idiazabaldik urrutiago egon?
Ahal baldin badut, Tolosa aukeratuko dut beti. Bertan sortu naiz arraunlari gisa eta nire taldetxoa han daukat. Txikitatik hasi ginen berdinak gauza handiak lortzen ari gara eta hori oso polita da.
Bigarren bukatu duzue Euskotren Liga.
Oso gustura gaude lortutako emaitzekin. Gure helburua zen iaz lortutako laugarren postua hobetzea eta bigarren bukatu dugu Euskotren Liga. Ez genuen espero hain goian egotea.
Ezin izan duzue banderarik lortu, Donostiako Arraun Lagunakek guztiak bereganatu dituelako.
Besteok baino koska bat gorago daude. Bagenuen esperantza banderaren bat irabazteko eta Zarauzko (Gipuzkoa) estropadako bigarren egunean gu izan ginen azkarrenak, baina ez genuen bandera lortu. Pena bakarra hori izan da baina, orokorrean, oso gustura.
Behin liga bukatuta, oporretan?
Entrenatzen jarraitzen dugu, Kontxako estropadari begira.
Kontxan zein helbururekin irtengo zarete?
Aurrena, sailkatu egin behar [astelehenean egin zen elkarrizketa eta atzo jokatu zen sailkapen estropada, edizio honen zierrea baino geroago]. Espero zailtasun handirik gabe egitea aurrera. Behin barruan, argi eta garbi, bandera irabaztera aterako gara. Ikusten dugu banderen borrokan gaudela eta aukera badaukagula.
«Azaroan hasten gara berriz entrenatzen; hasieran ez ditugu astean sei saio egiten, baina negua gogorra izaten da»
Eta noiz hartzen duzue atseden?
Kontxaren ondoren bukatzen dugu denboraldia. Azaroan hasten gara berriz entrenatzen; hasieran ez ditugu astean sei saio egiten, baina negua gogorra izaten da: indar ariketa gehiago, ez zaude zure onenean, lehia oso urruti ikusten duzu…
Zazpi egunetik sei eskaintzen dizkiozue arraunari. Dedikazio handia da profesionalak ez izateko.
Irabazitako sariekin diru pixka bat lortzen dugu, baina hortik bizitzeko lain ez. Baina nahi izanez gero, denbora ateratzen da.