Bi ordiziar, Pedro Areso eta Gabriel Andonegi, dira argazkiko protagonistak, Murtzia taldearen elastikoa soinean daramatela. Ordizian 1911n jaioak, haurtzarotik lagun banaezinak eta futbola euren pasio nagusi.
Elkarrekin egin zuten debuta futbol federatuan 1929an, Villafranca U.C.n. Defentsa dupla osatu eta berehala bihurtu ziren gotorleku sendo. Ordizian egindako kanpaina arrakastatsuaren ondoren, Tolosako maila goreneko taldearekin fitxatu zuten.
Bikotearen kalitatea ez zen oharkabean pasatzekoa eta garaiko prentsak haien jokoa maiz goraipatzen zuen. Egunkariren batek talde katalan garrantzitsu baten orbitan ere kokatu zituen. Arima osagarriak ziren Andonegi eta Areso. Bat egitean zetzan sekretuak. Elkarrekin balioa handitu eta, bananduta harmonia hautsita, balio hori gutxitu egiten zen. Ez zegoen bikote osoago eta hobeto ulertzen zenik. Batak izena eta besteak abizena ematen zuten, Ciriaco eta Quicoces garaiko defentsarik onenen modura. Andonegik bere jarduera eta adimena eskaintzen zituen; Aresok, energia. Azken hau sendo, kementsu eta porrokatua, Andonegi tenplea zen, soiltasuna, metodoa, dinamismoa… Areso oldarkorragoa erasotzen, Andonegik atzean geratzeko joera zuen, bizkarra gordeta.
1931n Murtziarekin fitxatu zuten biek. Andonegi-Areso bikoteak Levanteko taldean egindako emanaldi bikainak gogoratzen dituzte komunikabideek oraindik ere. Andonegik Sevillan, liskar batean, zangoa eta harekin batera bere futbol-ibilbidea hautsi zituen. Honekin bikotearen kirol-ibilbidea amaitu zen, baina ez ordea haien adiskidetasuna, hautsi ezina baitzen. Andonegik lehen eta bigarren mailako punta-puntako hainbat taldetan ibilbide bikaina egin zuen entrenatzaile gisa. Areso, 1932an, futbol-bikoterik gabe, Giraldaren babesera jo zuen, Betis taldean jokatzera. Bertan bere kirol-arrakastarik handienak lortu zituen. Serafin Aedorekin defentsa-bikote nabarmena osatu zuen eta 1934/35 denboraldian liga titulua lortzera iritsi ziren. Horrek, 1935ean, Espainiako selekzioarekin debutatzera eraman zuen. Urte berean, F.C. Barcelonak fitxatu zuen, baina Gerra Zibilaren hasierak bere ibilbidea eten zuen.
1937an, Euskadiko Futbol Selekzioan sartu zen, Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariak itzalpetuta, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntzarako dirua biltzeko eta Euskadik bizi zuen egoera politikoa atzerrian ezagutarazteko. Hainbat partida jokatu zituzten Europan eta Amerikan. Biraren ondoren, Argentinan kokatu zen, Amerikako hainbat taldetan jokatuz. 1945ean, Ordiziara itzuli ahal izan zen, eta bertan eman zion bere futbol-ibilbideari amaiera, hasitako talde berean: Villafranca U.C.-n. Haren ospeak eta konpromisoak luzaro iraun zuten. Martin eta Xabier Etxeberria anaien Ez dadila eguzkia sartu (2006) eleberriko protagonista nagusia izan zen. Espainiako Gerra Zibilean Euskadiko futbol selekzioak egindako bira kontatzen du.