Aurtengo abuztuko arratsalde bateko 17:30ak inguruan izan da, herrian. Lanetik bueltan etxerantz nindoan, eta ikusi nuen bi tabernatako aulkiak eta mahaiak jaso gabe zeudela, leku horiek itxita zeuden arren. Ulertzekoa izan daiteke, bai, zertarako ibiliko baitira arratsaldeko lehen orduan ixtean dena jasotzen, gero iluntzean atzera irekitzean berriro jarri behar izateko; gainera, abuztuko bazkalosteetan inor ez da ibiltzen kalean, eta ez dute trabarik egiten. Bai, izan liteke, baina atentzioa eman zidan. Ez dut esango iruditu zitzaidala espazio publikoa okupatzen ari zirela, baina bai hura hartua zutela.
Tabernetara joaten naiz eta terrazetan esertzen naiz. Azken urteetan aldatu egin da ostalaritza lokaletan sozializatzeko modua, eta barrura beharrean, gehiago jotzen dugu kanpora. Ez dizuet ukatuko, ordea, terrazismo horrek, tabernen bueltako liturgia guztiak, oro har, deseroso sentitzera ere eraman nazakeela. Batzuetan iruditzen zait besteekin espazio publikoan sozializatzean besterik ez dakigula egiten, eta tabernarik ez bagenu ezin izango genukeela egunerokoan sentitu ohi dugun antsietatea arindu.
Noski, ene buruari galdetzen diot ea ez ote dauden indar jakin batzuk sentipen hori edukitzera oharkabean bezala bultzatzen gaituztenak. COVID-19ak eragindako pandemian, momentu batzuetan, ematen zuen tabernak ixten bazituzten gureak egingo zuela. Zenbat erreportaje kaleratu ote zituzten horren harira, zenbat gomendio eman ote zizkiguten agintzen dutenek… Bai, ni ere kopetilunago ibili nintzen itxita egon ziren tarteetan.
Horrek ez du kentzen, ordea, instituzioek beraiek planteatutako, sustatutako eta mugatutako aisialdi eredu bakarraz ezin dugunik eztabaidatu. Batzuetan, hori bai, kirats ayusista-edo ere hartu izan diot geure askatasuna ulertzeko eta neurtzeko dugun moduari. Hau da: “lekua gorde terraza batean, eta utz nazazu bakean”. Zygmunt Baumanek duela hiru hamarkada ohartarazi zuen, bai, askatasunaren kontzeptua kontsumoaren esparrura bideratua izaten ari zela… ■